GERRA UKRAINAN

Errusiak babes bila jo du Latinoamerikara

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak bost eguneko bira bat hasi du Brasilen, eta, mundu multipolarra helburu hartuta, Venezuelako, Nikaraguako eta Kubako liderrekin ere bilduko da.

Brasilgo Atzerri ministro Mauro Vieira (ezkerrean) eta Errusiako bere homologo Sergei Lavrov, elkarren arteko bilera batean, martxoan New Delhin. EFE
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 17a
14:11
Entzun

Errusiak, Txinak bezalaxe, mundu multipolar bat aldarrikatzen du, Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) bukatu zenetik indarrean dagoen statu quo-a indargabetzeko. Iruditzen zaio Latinoamerika dela gisa horretako munduko ordena bat eraikitzeko orduan lagungarriak izan dakizkiokeen lekuetako bat. Hori adierazi du gaur Maria Zakharova Atzerri Ministerioko bozeramaileak, eta, horregatik, Sergei Lavrov Atzerri ministroak eskualdean bira bat egingo du datozen egunetan. Lehen geldialdia Brasilen egingo du —gaur iritsi da hara—, eta ondoren, ostiralera bitartean, Venezuelara, Nikaraguara eta Kubara ere joango da, eta hango estatuburuekin bildu. Bide batez, Ukrainako gatazkaren testuinguruan, babesa lortzeko ahalegina egingo du.

Otsailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuen Errusiak iazko otsailean Ukrainan hasitako inbasioa gaitzesteko, eta, Lavrovek bisitatuko dituen herrialdeen artean, Nikaragua izan zen kontra bozkatu zuen bakarra; Kuba abstenitu egin zen; Venezuelak ez zuen parte hartu bozketan; eta Brasilek, berriz, alde bozkatu zuen.

Dena den, horrek ez ditu gaiztotu Errusiaren eta Brasilen arteko harremanak. Biraren harira, Lavrovek artikulu bat argitaratu zuen joan den astean Brasilgo prentsan, eta, hartan azpimarratzen zuenez, Errusiak ez du, Sobietar Batasunak bezala, «ideologian» oinarritzen bere atzerri politika, «pragmatismoan» baizik. Iruditzen zaio, bide batez, Latinoamerikako herrialdeek «rol gero eta nabarmenagoa» jokatzen dutela «mundu multipolarrean».

Brasilek, esaterako, Errusiatik inportatzen du erabiltzen duen ongarri gehiena. Lavrovek nabarmendu du Errusiak Latinoamerikara egindako esportazioak %3,8 handitu direla azkeneko urtean, Ukrainako gerra dela-eta Mendebaldeko herrialdeek Kremlini ezarritako zigor ekonomikoak eta estatu horiek beren esferatik kanpoko herrialdeei Mosku bakartzeko egindako «presioa» gorabehera.

Eta Brasil da Latinoamerikako potentzia ekonomiko nagusia, munduan biztanle gehien dutenen artean zazpigarren herrialdea. Lavrov gaur ailegatu da hara, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgoa Moskura gonbidatu du berriki. Aintzat hartu behar da, gainera, Lularen atzerri gaietarako aholkulari Celso Amorim Kremlineko buruarekin batzartu zela apiril hasieran.

Ikusi gehiago: Xi eta Lula presidenteak munduko ordenan duten rolez mintzatu dira

Berriro presidente denetik, Lulak nahi du Brasil eragile izatea nazioarteko politikan. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batzartu zen urtarrilean, Joe Biden AEBetako presidentearekin otsailean, eta Xi Jinping Txinakoarekin joan den astean. Inbasioa gaitzetsi duen arren, uko egin dio, Mendebaldeko potentziek eskatu bezala, Ukrainari armak emateari, eta orain pare bat aste iradoki zuen Ukrainak «beharbada» amore eman beharko lukeela Krimeako auzian. Aldi berean, larunbatean adierazi zuen Washingtonek «gerra hauspotzeari» utzi beharko liokeela eta EB Europako Batasunak bakeaz hitz egin beharko lukeela. Bruselak gaur erantzun dio Ukraina «biktima bat» dela, eta horregatik hornitzen duela armaz. Brasilek eta Txinak adierazpen bateratu bat kaleratu zuten egun bat lehenago, eta azpimarratu elkarrizketa dela Ukrainako auzia konpontzeko «modu bakarra».

Lularen beraren asmoa da nazioarteko aliantza bat osatzea gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko. Hala esan izan du, eta uste du Txinak, Brasilek, Turkiak, Indiak eta Indonesiak gutxienez horretako kide izan beharko luketela. Oraindik ez du argitu, ordea, nola egin nahi duen, ezta horretarako zer pauso emango dituen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.