Siriako matxinoek iragarri dute «trantsiziorako gobernu bat» osatuko dutela

Aske utzi dituzte milaka preso. AEBek eta Israelek zenbait eraso egin dituzte «arma kimikoak suntsitzeko eta EI egoeraz ez baliatzeko». Al-Assadek Errusian hartu du babes.

Matxinoak Homseko kaleetan, atzo. BILAL AL HAMMOUD / EFE
Matxinoak Homseko kaleetan, atzo. BILAL AL HAMMOUD / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko abenduaren 9a
10:30
Entzun

«Historia berriro hasiko da Sirian», Abu Mohammad al-Golani HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista sunitaren buruaren hitzetan. Matxinoak atzo goizean heldu ziren Damaskora: Baxar al-Assaden erregimena menderatu dute, eta, nahiz eta ez dagoen batere argi zer gertatuko den aurrerantzean, milaka lagun ospakizunetan dabiltza Siriako kaleetan. Gaur, Al-Golanirekin bildu da Siriako lehen ministro Mohammed Ghazi al-Jalali, eta, bilkuraren ondoren, iragarri du HTSko buruarekin adostu duela agintea matxinoen esku uztea; horiek hala, koalizio islamista «trantsiziorako gobernu bat» osatzeko lanean dabil orain.

HTSk eta harekin aliantzan aritu diren gainontzeko indarrek 11 egun aski izan dituzte Siriako hiri nagusien gaineko kontrola hartzeko. Operazioa, baina, ez da bat-batekoa izan. Reuters berri agentziak zabaldu duenez, matxinoek duela sei hilabete eman zioten euren asmoen berri Turkiari —hark babesten du matxinadan parte hartu duen beste talde armatu handi bat, SNA Siriako Armada Nazionala—.

Aukeratutako garaia ere berezia izan da, Siriako Gobernua ahulduta baitzegoen. Haren aliatu nagusiek, Errusiak eta Iranek, bestelako lehentasunak zituzten —lehenak Ukraina, eta bigarrenak Israel—, eta Siriako armada bera ere ahulduta zegoen hamahiru urteko gerraren ostean. Hain justu, Baxar al-Assad Moskun dago. Atzo, hegazkinez ihes egin zuten Siriako presidente zenak eta haren familiak, eta Errusiak eskaini dio asiloa, «arrazoi humanitarioengatik». Vladimir Putin Errusiako presidentea Al-Assaden aliatuetako bat izan da azken urteetan, eta Errusiak zenbait base militar ditu Sirian. Matxinoek hitzeman dute segurtasuna bermatuko dutela gune horietan.

Kremlinen arabera, Al-Assadek matxinoekin negoziatu du ihesaldia, eta Errusiak ez du bitartekari lanik egin. Orain ikusteko dago zer jokabide hartuko duen Moskuk, harentzat Siria funtsezko kokalekua baita Mediterraneoan: bi base militar ditu herrialde horretan, Latakia eta Tartus, eta bigarrena da Errusiak Mediterraneora duen irteera bakarra. Era batera edo bestera, Putinek argi utzi du prest dagoela Siriako agintari berriekin hitz egiteko, eta horren froga da matxinadaren ikur bilakatu den hiru izarreko bandera jarri izana Damaskon duten enbaxadan.

AEB Ameriketako Estatu Batuek ere azkar hartu dituzte lehen neurriak. Hango hedabideek jakinarazi dutenez, «arma kimikoak suntsitzeko» lanetan dabiltza Washington eta haren aliatuak, «terroristen eskuetan erori ez daitezen». Horrez gain,  jakinarazi dute EI Estatu Islamikoaren aurkako 75 eraso baino gehiago egin dituztela Siria erdialdean, «egoeraz baliatu ez daitezen». Joe Biden presidenteak, berriz, esan du «justizia ekintza bat» dela Al-Assaden erregimena amaitzea. 

Siriako erbesteratuak erregimenaren amaiera ospatzen, atzo, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE
Siriako erbesteratuak erregimenaren amaiera ospatzen, atzo, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE

Israel ere egoeraz baliatzen ari da. Azken orduetan zenbait eraso egin ditu Sirian, Gideon Saar Atzerri ministroaren arabera, «arma estrategiko batzuk» suntsitzeko.  Gaur iluntzean, adibidez, kostaldeko Latakia hiriko portuaren inguruak bonbardatu ditu, baita Damaskoko hainbat gune ere. Tropak ere bidali dituzte herrialde horretara, baina Saarrek ziurtatu du aurrerapauso hori «mugatua eta behin-behinekoa» dela, eta Israelen segurtasuna bermatzea dela helburu bakarra. Israelek 1967an hartu zituen Golango Gainak, eta alde bakarrez atxiki 1981ean.

Nazioartean izan dira erreakzio gehiago. Erresuma Batuan, Pat McFadden Gobernuarteko Harremanetarako ministroak esan du «gertatzen denaren arabera» litekeena dela Erresuma Batuak HTSri ezarria dion estatusa aldatzea. Gaur egun «talde terroristatzat» dauka, AEBek, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak bezala, besteak beste. Hain justu, Washingtonek ere adierazi du, gaur, «aurrerantzean egiten dituen ekintzen arabera» epaituko dutela koalizio islamista. NBEk, bestalde, Segurtasun Batzordearen larrialdiko bilera bat egingo du gaur, egoera aztertzeko. Atzo, Antonio Guterres idazkari nagusia pozik agertu zen «diktadura» amaitu delako, eta Siriari eskatu zion ekin ziezaiola berreraikuntzari.

Errefuxiatuak eta presoak

2011n Sirian gerra hasi zenetik, ehunka mila lagunek egin behar izan dute ihes erbestera, eta horietako askok Turkian eta EB Europako Batasuneko herrialdeetan hartu dute babes. Bada, Al-Assaden erregimena amaituta, milaka errefuxiatuk beren sorterrira itzultzeko bideari ekin diote. Egoerari erreparatuta, hainbat herrialdek, hala nola Frantziak eta Alemaniak, jakinarazi dute behin-behinean eten egingo dituztela beren herrialdetan dauden Siriako errefuxiatuen asilo eskaerak. 

Sirian bertan, kartzelan zeuden milaka preso askatu dituzte matxinoek, eta sare sozialetan zabaldu dira haiek kalera irten direneko bideoak. Asko, korrika eta saltoka. Izan ere, giza eskubideen aldeko zenbait erakundek salatu izan dute Siriako espetxeetako baldintzak gogorrak direla eta tortura sistematikoa dela. Ezkutuko exekuzioen berri ere eman izan dute. 2011. urtetik, gutxienez 100.000 lagun zeuden «desagertuta».

Kasko zuriek, hau da, herritarren babeserako Siriako indarrek esan dute «lurpean dauden ezkutuko ziegak» ikertzen ari direla, eta litekeena dela haietan atxilotu gehiago egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.