Gerra Ukrainan. Inbasioak urtebete

Errusiak «arreta handiagoarekin» sendotuko du bere indar nuklearra

Putinek nabarmendu du aurten hedatuko dituztela kontinente arteko Sarmat misilak, eta material militarra «masiboki» produzitzen segituko dutela. NBEren Batzar Nagusiak eskatu dio Errusiari onar dezala «bake orokor, zuzen eta iraunkorra»

Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Errusiak «arreta handiagoarekin» sendotuko du lurreko, itsasoko eta aireko bere indar nuklearra. Hori jakinarazi zuen atzo Vladimir Putin Kremlineko buruak. Hain zuzen, albistea heldu zen AEBekin arma nuklearren kontrolerako duen itun bakarra behin-behinean eten duela jakinarazi eta bi egunera —Mendebaldeko herrialdeek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak aho batez kritikatu zuten astearteko erabakia—. Aberriaren Defendatzailearen Egunaren harira grabatu zuen bideoan nabarmendu zuen, bide batez, aurten hedatuko dituela kontinente arteko RS-28 Sarmat misilak, Mendebaldeko armadek Satan 2 deitutakoak. Errusiaren inbasioak urtebete egin bezperan heldu zen iragarpena.

Moskuk sei urte daramatza misil hori garatzen. 35 metro luze da, eta, azken urteotan adituek azaldu dutenez, 18.000 bat kilometroko irismena du, eta hainbat buru nuklear jaurti ditzake. Errusiak adierazi zuen iazko apirilean probatu egin zutela eta 6.000 kilometroko bidea egin zuela. Zientzialari Estatubatuarren Federazioak iazko azaroan kaleratutako datuek diotenez, Errusia da buru nuklear gehien duen herrialdea: ia 6.000.

Putinen esanetan, «armada eta flota moderno zein eraginkorrak» edukitzea «segurtasun berme bat» da, eta horregatik agindu du jarraituko dutela Kinzhal misil hipersonikoak eta Zircon itsaspeko nuklearrak «modu masiboan» produzitzen. «Gure defentsaren sendotasuna lehenesten segituko dugu».

Nazio Batuen Erakundeak, ordea, adierazpen ez lotesle bat onartu zuen bart Errusiari eskatuz amai ditzala «borrokak» eta erretira ditzala Ukrainan dituen tropak, baita onar dezala «bake orokor, zuzen eta iraunkorra» ere. Batzar Nagusian egin zuten eztabaida eta aldeko 141 botorekin, 32 abstentziorekin —Txina izan da horietako bat— eta aurkako sei botorekin onartu zuten ebazpena, agerian utziz Errusia ia erabat bakartuta dagoela.

Txinaren armez

2010ean Washingtonekin sinatutako START Berria akordioa uztearen ondorioez ohartarazi du Kremlinek azken egunetan, eta aintzat hartu behar da, bestetik, AEBak eta NATO ari direla esaten Txina aztertzen ari dela Errusiari militarki laguntzea. Hori erakusteko frogak dituela esan zuen Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak asteburuan, Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania), eta, herenegun, Jens Stoltenberg aliantza militarreko idazkari nagusiak adierazi zion Associated Press berri agentziari jarrera horren berri ematen duten «zantzuak» dituztela.

Iturri gisa baliatutako funtzionarioek adierazi dutenez, Txinak ez du oraindik auziari buruzko erabakirik hartu. Hori bai, Pekinek bake egitasmo bat aurkeztuko duela iragarri zuen Txinaren diplomazialari gorenak, joan den asteburuan, Munichen. Azken astean Europan izan da, bilerak egin ditu Italiako, Hungariako eta Alemaniako gobernuetako agintariekin, baita Putinekin ere, herenegun. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak «aldatu ez den jarrera orekatua» eskertu dio Yiri. Txinak azpimarratu izan du herrialde guztien lurralde bateratasuna errespetatu behar dela, baina nabarmendu du estatu guztien «kezka legitimoei» ere erreparatu behar zaiela. Aliatu geopolitikoak dira Errusia eta Txina .

Txinako diplomaziaburuak Munichen aurreratu zuenez, Xi Jinping Txinako presidentea gaur da bake egitasmoa aurkeztekoa, inbasioaren lehen urteurrenean. Horrekin lotuta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak kazetariei esan zien atzo ez duela Pekinen bake egitasmoaren berri, eta Txinako agintariekin biltzea gustatuko litzaiokeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.