Vladimir Putin Errusiako presidenteak berretsi egin ditu gaur herrialde horrek irailean bere doktrina nuklearrean egindako eguneraketak. Finean, horrek esan nahi du aurrerantzean Moskuk arma nuklearrak erabiliz erantzun ahal izango diela edozein herrialdek arma konbentzionalekin egindako erasoei. Kremlinen arabera, erabakiak hausnartzera bultzatu beharko lituzke bai Errusia bera, baita Mendebaldea ere. Putinek erabaki horri bide emateko dekretua sinatu du, noiz-eta mila egun bete direnean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eta Washingtonek Kievi jakinarazi ondoren AEBetako irismen luzeko misilak Errusiako lurretan ere erabil ditzakeela. Eta Moskuk zein Kievek ondoren jakitera eman dutenez, AEBek emandako ATACMS misilekin eraso bat egin du Ukrainak, muga egiten duen Errusiako Briansk eskualdean.
Kremlinen webgunean jarri dute ikusgai doktrina militarrean egindako aldaketak biltzen dituen dokumentua. Hartan zehaztu dutenez, irizpide berriak aintzat hartuta, Errusiak modua izango du arma nuklearrak baliatuz erantzuteko baldin eta «etsaiak» arma konbentzionalak erabiliz egindako erasoak «mehatxu larriak» badira nola Errusiaren hala Bielorrusiaren subiranotasunerako eta lurralde batasunerako.
Doktrina berriaren arabera, Errusiak zilegitasuna edukiko du arma nuklearrak baliatzeko baldin eta gerra hegazkinekin, gurutzaldi misilekin, are droneekin «eraso masibo bat» nozitzen badu —droneen aipamena berria da—. Horren harira, azken urtean ugaritu egin dira Ukrainak Errusian droneekin egindako erasoak. Azaroaren 10ean, esaterako, 32 drone erabilita eraso zion Moskuri, Errusiako iturri ofizialek jakinarazi zutenez. Ez dute esplikatu zer jo daitekeen eraso masibotzat.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan azaldu duenez, beharrezkoa zen Errusiak bere doktrina militarra eguneratzea, «egungo abagunea aintzat hartuta». Irailean, eguneraketa iragarri zutenean, jada mahai gainean zegoen AEBek Ukrainari emandako irismen luzeko misilak Errusian ere erabiltzeko aukera. EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek estatu kideei eskatu die baimen hori bera eman diezaiotela Ukrainari. Horrekin lotuta, Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak begi onez ikusten du Ukrainari baimen hori eman izana, eta gaur adierazi du, klub komunitarioko Defentsa ministroen bilera batean parte hartu aurretik, aliatu bakoitzari dagokiola baimena ematea.
Doktrina militar eguneratuan nabarmendu dutenez, Errusiak «disuasio tresna» gisa ikusten ditu arma nuklearrak, eta horiek erabiltzea «muturreko neurri bat» litzateke. «Disuasio nuklearraren helburua da bermatzea kontrarioek ulertuko dutela errepresalia ezin dela eragotzi Errusiari eta haren aliatuari [Bielorrusia] eraso eginez gero», Peskovek nabarmendu duenez.
Beste eraso bat Sumin
Errusiak berriro eraso egin dio gaur Ukraina ekialdeko Sumi eskualdeari, bigarren egunez jarraian. Kieveko iturri ofizialen arabera, drone bidezkoa izan da erasoa, eta gutxienez bederatzi pertsona hil dituzte, eta hamabi zauritu, Hlujiv hirian. Atzo goizaldean, Sumi hirian bertan, Errusiak misil bat jaurti zuen etxebizitza eraikin baten aurka, eta 11 pertsona hil ziren eta 90 inguru zauritu. Odesan, herrialdearen hegoaldean, misil batek hamar pertsona hil zituen atzo.