Errusia Kazakhstango hegazkin istripua ikertzen ari da, eta esan du ez espekulatzeko

Atzo gertatu zen ezbeharra, eta 38 bidaiari hil ziren. Ukrainaren arabera, Errusiako aireko defentsako misil batek jo zuen Azerbaijandik Txetxeniara zihoan hegazkina. Txetxeniako agintariek esan dute droneekin eraso zietela atzo goizean.

Hegazkinak Aktau hiritik hurbil (Kazakhstan) jo zuen lurra. AZAMAT SARSENBAYEV / EFE
Hegazkinak Aktau hiritik hurbil (Kazakhstan) jo zuen lurra. AZAMAT SARSENBAYEV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 26a
19:30
Entzun

Baku Azerbaijango hiriburutik Grozny Txetxeniako hiriburura zihoan hegazkin batek lurra jo zuen atzo Kazakhstanen, eta 38 bidaiari hil ziren. Istripua Errusiako aireko defentsako misil batek eragin zuela ziurtatu zuen atzo gauean Ukrainako Desinformazioaren Aurkako Zentroko buru Andri Kovalenkok. Gaur, ikerketen emaitzei itxaroteko eta espekulaziorik ez egiteko eskatu du Moskuk.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan jakinarazi du abian dela istripuaren zergatiak argitzeko ikerketa. Eta emaitzak jakin bitartean ez espekulatzeko eskatu du. Kazakhstango Senatuko presidente Aximbaiev Maulen ere iritzi berekoa da. Esan du ez Errusiak, ez Kazakhstanek, ez Azerbaijanek ez dutela ezer ezkutatzeko, eta ziurtatu du herritarren eskura jarriko dutela informazio guztia.

Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek atzo istripua gertatu ostean zabaldutako oharrean azaldu zuen eguraldiagatik aldatu zuela ibilbidea hegazkinak. Eta istripuaren inguruan hainbat teoria egon arren, ondorioak ateratzeko goizegi zela esan zuen, baita kasua ikertzeko batzorde bat martxan jarri zutela ziurtatu ere. Ikerketaren lehen emaitzak ezagutzen dituzten iturriak aipatuz, Reuters berri agentziak gaur zabaldu du hegazkina Errusiako misil batek jo zuen zantzuak daudela.

Aurrez ere, Kievek Errusia egin zuen istripuaren erantzule. Ukrainako Gobernuaren Desinformazioaren Aurkako Zentroko buruak atzo gauean esan zuen Errusiako aireko defentsako misil batek jo zuela hegazkina. X sare sozialean zabaldutako mezuan, azaldu zuen Errusiak Groznyko aire espazioa itxi behar zuela. Hori egin ez, eta hegazkina jo ostean, Kazakhstanera bidali zuela esan zuen Kovalenkok.

Errusiako zenbait hedabidek iradoki dute aireko defentsa sistemek drone batekin nahastuko zutela agian Azerbaijandik iritsitako hegazkina. Bada, atzo goizean Groznyri droneekin egin ziotela eraso jakinarazi zuen Txetxeniako Segurtasun Batzordeko idazkariak, Instagramen.

Hegazkinak 62 bidaiari eta tripulazioko bost kide zeramatzan; horietatik 29 bizirik atera ziren. Bakutik Grozny ingurura iritsi zen hegazkina, baina handik laurehun kilometro baino gehiago aldendu eta Aktaun (Kazakhstan) jo zuen lurra.

Hilketa asmoak, zapuztuta

Gaur, Errusiako zerbitzu sekretuek jakinarazi dute Ukraina Errusiako armadako zenbait goi kargudunen aurkako erasoak prestatzen ari zela. Zabaldutako oharrean azaldu dute lau pertsona atxilotu dituztela eraso horiek prestatzea egotzita. Gainera, ezkutatutako zenbait bonba atzeman dituzte.

Aurreko asteartean, Ukrainak Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen buru Igor Kirillov hil zuen. Patinete elektriko batean ezkutatutako lehergailuak eztanda egin, eta Kirillov eta haren laguntzailea hil zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.