Ukraina. Krisi politikoa

Errusia hasten den lekua

Ukrainako Gobernuak egindako mehatxuei kasurik egin gabe, eraikin publikoak hartzen jarraitu dute hego-ekialdeko errusiazaleekKievetik heldutako aginduei desobeditzeko eskatu diete tokiko instituzioei

Manifestari errusiazaleek asteburuan hartutako eraikin publiko bat, Luhansken. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
Samara Velte.
2014ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Donetsk lehenbizi. Kharkhiv gero. Eta Mariupol, Luhanks, Kramatorsk, Zaporizhia, Sloviansk eta Horlivka: Ukrainako hego-ekialdea egunez egun urrunago dago Kievetik. Protesta errusiazaleek gainezka egin diote Oleksandr Turtxinoven behin-behineko gobernuari, eta hark indarra erabiltzeko mehatxuei heldu die. Errusiako hedabideek zabaldu dutenez, presidenteak operazio militar bat abiatzeko dekretua sinatu zuen atzo arratsaldean; zenbait ordutan, erasoa edozein unetan gerta zitekeela zirudien. Iluntzean, ordea, oraindik ez zegoen balizko esku hartze militarraren berririk.

Kievek ez dio bakar-bakarrik eraso egin nahi Moskuren kutunari, are gutxiago Errusiarako mugan. Horregatik, Turtxinovek NBEra jo zuen atzo arratsaldean laguntza eske, ekialdean operazio militar bat egiteko. Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak gogorarazi zion, ordea, halako esku hartze batek Segurtasun Kontseiluaren baimena behar lukeela, eta Errusiak beto eskubidea dauka organo horretan.

Ukrainako Gobernuaren mehatxuek inor gutxi konbentzitu dute ekialdeko eskualdeetan. Atzo goizaldean amaitu zen bezperan emandako ultimatumaren epea, baina manifestari errusiazaleek eraikin publikoak hartzen jarraitu zuten, tokiko instituzioei Kieven aginduak boikotatzeko eskatuz. Horlivka hirian (250.000 biztanle), Barne Ministerioaren egoitza batera sartu ziren, eta herri autodefentsetako kide bat izendatu zuten alkate; bertako berri agentzien arabera, hiriko polizia-etxe nagusia ere aise bereganatu zuten, besteak beste, hainbat poliziak ere babesa adierazi ziotelako mugimenduari. Zhdanivkan erresistentziarik gabe okupatu zuten udaletxea, Ukrainaren federalizazioa eskatuz eta hiria «Donetskeko Herri Errepublikaren parte» dela aldarrikatuz. Kieveko gobernua hartu duen Maidan mugimenduaren aurkako aldarrikapenak eta Ukraina federazio bihurtzearen inguruko erreferendum eskaerak tartekatzen zituzten protestariek. Gutxienez bi udal prest agertu dira Donetskeko Herri Errepublika aldarrikatu berria aitortzeko.

Krimearen ostean, ekialdeko gainerako piezak ere esku artetik irrist egiten ari zitzaizkiola ohartuta, eraikin publikoak husteko ultimatuma eman zuen bezperan Turtxinovek. Hura betetzen zuten protestariei hitzeman zien gobernuak ez zituela judizialki jazarriko, salbu eta beste herritarrak zauritzea edo hiltzea egozten bazieten.

Baina manifestazio guztiak ez dira gorabeherarik gabeak izan. Igandean, Ukrainako segurtasun indarrek «terrorismoaren aurkako operazio» berezia egin zuten Sloviansk hirian protestak geldiarazteko asmoz, eta istilu larriak sortu ziren kontrolgune batean: bertako hedabideen arabera, segurtasun indarrek tiro egin zuten, eta horrek piztu zituen borrokak. Manifestarien arabera, protestan ari zirenetako hiru hil zituzten, gutxienez; Barne Ministerioak emandako datuek diote segurtasun indarretako kide bat ere hil zela. Kharkhiv hirian ere —Ukrainako bigarren handienean— egin zuten topo bi aldeetako manifestazioek, eta Zaporizhian Poliziak negar gasa erabili zuen jendetza sakabanatzeko.

Kiev, armada indartzen

«Ez dugu onartuko Krimeako gidoia Ukraina ekialdeko eskualdeetan errepikatzerik», esan zuen igande iluntzean Turtxinovek telebista publikoan. «Inbasio eta desegonkortze ahaleginak» eragozteko, Kiev armak erabiltzeko prest ere egon zitekeela ohartarazi zuen. Slovianskeko gertakarien ostean, urgentziazko bilerara deitu zuen gobernuko Segurtasun Kontseiluak; bertan erabaki zuten ekialderako armada berezi bat prestatzea, 350 erreserbista deituta.

Hainbat manifestarik eskatutako eta Errusiak babestutako erreferendumari dagokionez, galdeketarik baztertzen ez duela esan du Turtxinovek. Kontsulta, hori bai, Ukraina osoan egingo lukete: «Gu ez gaude erreferenduma egitearen aurka. Ziur naiz, galdetuz gero, ukrainar gehienek Ukraina banaezin, independente, demokratiko eta batu baten alde bozkatuko luketela. Ez da ukrainarren arteko gatazka bat; Errusiaren eraso bat da».

Errusiak gogor gaitzetsi ditu Kieveko gobernuaren asmoak, «manifestazio politikoak» indarkeriarekin zapaltzea jokabide «kriminala» dela argudiatuta. Vitali Txurkin Errusiaren NBErako mandatariak erantzukizuna eskatu dio nazioarteari. «Maidan-ak [Kieveko gobernu berriak] bere herritarren aurka gerra egitea eragotzi behar da», eskatu zuen igande gauean NBEren Segurtasun Kontseiluaren aurrean. Donetsken gertatzen ari dena ez ei da Errusiaren eraginaren ondorio, baizik eta hango herritarrek ez dutela «Kieveko aginte erradikal, txaubinista, errusofobiko eta antisemita» onartzen. «Batzuek, baita areto honetan dauden zenbaitek ere, Moskuren eskua ikusi nahi dute [Ukraina] hego-ekialdeko gertakarien atzean, eta ez dute onartu nahi haien atzean dagoen benetako kausa. Aski da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.