ERRUSIA

Errusia, halabeharrez, Hegoalde Globalera begira

Mendebaldeko blokera hurbiltzeari uko egin behar izan dio Moskuk, behin betiko, Ukrainako inbasioaren ondoren ezarri dizkioten zigorrengatik. Dena den, garabidean diren herrialdeen jarrera ez lerratua baliatzen ari da 'statu quo'-a higatzeko.

(ID_13057361) RUSSIA AFRICA SUMMIT
Vladimir Putin Mozambikeko presidente Filipe Nyusiri bostekoa ematen San Petersburgon, iazko uztailean Afrikako 40tik gora herrialdetako liderrekin egindako goi bileran. SERGEI BOBYLEV / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 17a
05:05
Entzun

Duela bi urte pasa Ukraina inbaditu ondoren, Turkia eta Hungaria ez beste Mendebaldeko herrialde guztiek, BPG barne produktu gordin globalari ekarpen handiena egiten diotenek, zigor ekonomikoak ezarri zizkioten Errusiari, eta harreman diplomatikoak ere hautsi zituzten Kremlinekin. Baina bloke horretan ez dauden herrialdeek, hau da, Hegoalde Globalean daudenek, ez zuten hautu bera egin hainbat arrazoi direla medio; horietan bizi dira munduko biztanleen hiru laurden inguru. Errusiak, beraz, nahiz eta aurretik jada harantz begira zegoen, azken bi urteetan are gehiago indartu ditu Hegoalde Globalean egin beharreko ahalegin ekonomikoak eta diplomatikoak.

Espazio horretako estatuek ez dute bloke homogeneo bat osatzen. Nahia Sanzo Geopolitikaz ikerketa taldeko kideak uste du, ordea, Latinoamerikan, Afrikan eta Asian ekonomikoki garabidean diren herrialde horiek bat datozela, nagusiki, egungo munduko ordena arbuiatzean. «Hegoalde Globalak, beharbada, Mendebaldeak pentsatzen ez zuen modu batean erantzun du», nabarmendu du, horren harira, Elcano institutuko ikerlari eta Europar Ikasketetan doktore Mira Milosevicek, telefonoz. Errusia «potentzia errebisionista bat» izaki, Ukrainako gerra jarrera horren «ondorio» da. Ikerlariak guda hori kokatzen du «nazioarteko ordena liberalaren zatikatzearen barruan», eta iruditzen zaio «are agerikoagoa» egin duela Hegoalde Globalaren eta Mendebaldearen arteko zatiketa.

Kremlinek halabeharrez dauka jokabide jori. Zeren, Sanzok posta elektronikoz gogorarazi du Sobietar Batasunaren azken urteetan, hau da, 1980ko hamarkadaren amaieran Mikhail Gorbatxoven gidaritzapean, Boris Jeltsinekin geroago —Errusiako presidente izan zen 1991tik 1999ra—, eta mende honen hasieran Vladimir Putinen presidentetzaren lehen urteetan, eduki zuela «Mendebaldeko establishment-eko kide bat gehiago izateko borondatea», eta «Errusiako eliteek» beti begiratu dutela Mendebaldera. Azpimarratu du, bide batez, Sobietar Batasuna desegin ondorengo bi hamarkadetan Alemaniarekin izan zuela «lehentasunezko harremana», ez Txinarekin.

«Mendebaldeko herrialdeen esku hartzeen aurrean burujabetza defendatu nahi duen bloke baten lider gisa agertu nahi du Moskuk».

NAHIA SANZOGeopolitikaz-eko ikerlaria

Baina Errusiaren «segurtasun» eskaerei muzin eginez, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak jarraitu zuen ekialderantz hedatzen. Putinek horri buruzko ohartarazpena egin zuen 2007an. Hori batetik. Eta urte batzuk geroago, 2014 hasieran, Ukrainan sortutako protestak «aprobetxatu» zituen Mendebaldeak, Sanzoren iritziz, gobernu errusiazale bat erorarazteko. Moskuk erreakzionatu zuen Krimea anexionatuz, eta Mendebaldeak, segidan, zigorrak ezarriz. «Bere eraginpeko eremutzat zuen leku batean esku hartze bat gertatzeak, zigorrak gero eta handiagoak izateak, eta irain sentsazioak daramate Errusia beste bazkide batzuk bilatzera», azaldu du. Batez ere Txina izan zen bazkide nagusia 2014 eta 2022 artean.

Geopolitikaz taldeko kidearen ustez, alde horretatik, Ukrainako auzia ez da soilik «funtsezkoa»: aldi berean da «pizgarri bat» Errusiaren kanpo harremanetan aldaketa bat prestatzeko bidea has dadin; izan ere, aldaketa hori «behin betiko» finkatu da Errusiak Ukraina inbaditu ondoren. Milosevicentzat, «arrazoi pragmatikoengatik», zigorrengatik Mendebaldetik «bakartuta» dagoelako, jarri da Kremlin Hegoalde Globalera begira. «Bakartze hori dela medio, Errusiak bezero berriak bilatu behar izan ditu, beste toki batzuk, non izan daitekeen gas eta arma hornitzailea». Areago joan da: «Errusiak erakutsi izan du geopolitikan oso inportantea den zerbait: egokitzeko gaitasun handia».

PUTIN. ERRUSIA.
Sarkozy, Putin, Merkel, Bush eta Blair 2007an, goi bilera batean. DMITRI ASTAKHOV / EFE

Sanzoren arabera, Hegoalde Globala «guztiz erabakigarria» da nazioarteko harremanak edo mundu ordena berriro eratzeko edozein ahalegin egiteko orduan. Zeren AEB Ameriketako Estatu Batuen hegemonia higatuz joateko, hori egin nahi duenak behar du Mendebaldearekin lerrokatuta ez dauden «munduko gainontzeko herrialdeen» laguntza. «Hegemoniaren higatzea argi ikusi da Ukrainako auziarekin. Zigorrek huts egin dute Errusiako ekonomia suntsitzean eta federazioaren bakartzea erakustean, Hegoalde Globalak ez duelako horiekin bat egin eta Errusiarekin harremanak hausteari uko egin diolako». Espazio horretako herrialdeak dira munduko jendetsuenetako batzuk: Txina, India, Pakistan, Brasil, Hegoafrika eta Mexiko, besteak beste.

Nola hurbildu

Errusiak ez du ez indar ekonomikorik, ez politikorik, ez demografikorik, Geopolitikaz-ekoaren hitzetan, bihurtzeko «bloke kontrahegemoniko baten» buru; «bloke hori, gainera, existitu ere ez da egiten». Pentsatzen du Errusiak erabili duen hizkera ondo hartua izan ohi dela Hegoalde Globalean; izan ere, historian zehar Mendebaldeak esku hartze ugari egin izan baititu herrialde horietako askoren barne arazoetan. «Mendebaldeko herrialdeen esku hartzeen aurrean burujabetza defendatu nahi duen bloke baten lider gisa  agertu nahi du Moskuk».

Latinoamerikan militarren diktadurak «babestu» eta heriotza eskuadroiak «finantzatu» izan dituzte AEBek. Sanzok aipatu du, gainera, «Mendebaldearen jokabide ekonomikoarekin identifikatuta dauden instituzioek, adibidez Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak, «austeritate ariketa suizidetara» kondenatu dituztela Hegoalde Globaleko herrialdeak. Horra esku hartzeen bi adibide.

Kolonizazio prozesuak ere aintzat hartu behar dira mugimenduak testuinguruan jartzean; batik bat, XIX. mendearen amaieran Europako potentziek Afrikan egindakoa. Errusiak ez zuen horretan parte hartu, eta ahal duen bakoitzean baliatzen du, bere mesedetan, kolonizatuek kolonizatzaileekiko senti dezaketen herra, eta ahalegintzen da, era horretan, bere eragin eremua handitzen. «Errusiak, gainera, inoiz ez du trukean ezer eskatzen. Batzuetan erabiltzen ditu, hori bai, legez kanpoko bideak; adibidez, Kremlinek ordaindutako Wagner taldeko mertzenarioan presentzia Sahelen», adierazi du Milosevicek.

Iruditzen zaio Errusiak «armen, entrenamenduaren eta indar paramilitarren bidez» ziurtatzen duela Afrikako eskualde horretako herrialdeetan estatu kolpe baten bidez boterera iritsitakoek karguan irautea, baina bere presentzia ez dela «batere eraikitzailea», ez duela «demokratizaziorik» bultzatzen. «Hau da, Errusia present dago, baina ez du ekarpenik egiten eskualdea egonkortzeko». Elcano institutua think tank-ekoak zehaztu du, hori bai, «eta esan beharra dago», Kremlinek babestutako gobernu horiek borrokatzen direla muturreko islamismoaren kontra.

«Hegoalde Globalak, beharbada, Mendebaldeak pentsatzen ez zuen modu batean erantzun du».

MIRA MILOSEVICElcano Institutuko ikerlaria

Geopolitikaz ikerketa taldeko kideak nabarmendu du AEBek baietz, baina Errusiak ez duela gaitasunik presentzia militar handi bat edukitzeko Afrikan. «Hitz egin izan zen Sahelen gobernu errusiazaleak ezartzeko aukeraz. Inondik inora. Errusiak badu presentzia, nazioarteko proiekzio gisa badu garrantzia, baina mugatua da». Uste du, aldiz, Mosku «aleen diplomazia» baliatzen ari dela, hori ikusi zela iazko uztailean Afrikako 40tik gora herrialderekin San Petersburgon (Errusia) egindako goi bileran. «Errusia ale ekoizle handi bat da, baina egun zailtasunak ditu bere produktuak merkatuan mugitzeko. Kopuru esanguratsuak baliatu ditzake tresna diplomatiko moduan. Afrikako herrialdeei eskaintzen die laguntza gisa, eta, modu horretan, etorkizuneko harremanetarako esku bat luzatzen du». Esan du, era berean, alea «doan» eskaini dien herrialdeen eta Errusiaren arteko merkataritza handitzeko aukera mugatua dela.

Truke diplomatikoak

Errusiak badu eragiteko tresna politiko bat, Sobietar Batasunaren garaitik jasotakoa: NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra denez, beto eskubidea du horretan. «Orduan, NBEren Segurtasun Kontseiluko kide bezala, askotan eteten ditu [Hegoalde Globaleko] herrialde horien aurkako zigorrak», esplikatu du Milosevicek. Eta herrialde horiek ez dute bozkatzen, esaterako, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren kontra. «Truke diplomatiko bat dago NBEn».

PUTIN. XI JINPING.
Pertsona batzuk Xi Jinpingen eta Putinen itxura duten panpina moduko batzuekin, aurreko abenduan, Moskun. YURI KOTXETKOV

Hegoalde Globala ez da bloke bat bere horretan, nahiz eta, merkataritza arloan, BRICS taldea osatu zuten, duela hamabost urte inguru, espazio horretako ekonomia indartsuenek: Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak. Klubean beste sei herrialde hartzea onartu zuten iazko abuztuan; tartean, Iran eta Saudia Arabia. «BRICSekoek uste dute dagokiela leku hobe bat, munduko botere banaketak hobea izan behar lukeela. Arazoa da, argi eta garbi, Errusia, Txina eta Iran direla potentzia errebisionistak eta nahi dutela munduko ordena liberala, AEBak lider gisa dituena, txikitu», azpimarratu du Elcanoko ikerlariak. Leporatu die, ordea, «kexatu» arren, beste ordena baterako «alternatiba seriorik» ez aurkeztea. «Desdolarizazioarekin obsesionatuta daude».

Kontrara, Mendebaldeari obsesio bat egozten diote: geopolitikoki, soilik bere zilborrari begiratzen diola. 2022ko ekainean Eslovakian egindako foro batean, Indiako Atzerri ministro Subrahmanyam Jaishankarri galdetu zioten ea bere herrialdea zergatik abstenitu zen Errusiaren inbasioa gaitzestean, baita zergatik bere herrialdea ez zen modu argi batean lerrokatzen AEBekin edo Txinarekin ere. «Europak uste du Europaren arazoak munduaren arazo direla baina munduaren arazoak ez direla Europaren arazo; pentsamendu hori gainditu beharra du», erantzun zuen. Hain justu, esaldi hura oroitarazi nahi izan du Milosevicek, pentsatzen baitu ildo horretan gertatzen ari dena «laburtzen» duela, eta erakusten duela Hegoalde Globalekoek ez dutela bloke bateko kide izan nahi. «Ez Errusia-Txinarena, ez Mendebaldekoarena; nolabait, ez dute errepikatu nahi Gerra Hotzeko eredua».

Sanzorentzat, abagunea hori izanik, Errusiak bere agendari begiratu bat ematen dio, eta, «inperialismoaren aurkako» agertzearen aurkako aukera ere baliatzen du. «Errusiak ez du behar besteko indarrik ez erreferente izateko, ez munduko beste tokietan asko eragiteko, baina hain polobakarrekoa ez den mundu baten alde lan egin nahi du». Eta ikusita herrialde batzuek Mendebaldeari kontra egiteari «beldurra» galdu diotela, «ospatu» egiten du Hegoalde Globalak ekonomikoki, politikoki eta «segurtasunean» Mendebaldearen statu quo-ari «alternatiba bat» bilatzeko egindako edozein mugimendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.