Ukrainako gerraren inguruko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. Errusiako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariek Ukrainarako menia akordio zabalago bat negoziatzeko elkarrizketa saio bat hasi dute gaur, Riaden, iragan astean azpiegitura energetikoetarako 30 eguneko su eten bat adostu ostean. Hamabi ordutik gora egon dira bilduta bi herrialdeetako diplomazialariak, eta TASS Errusiako berri agentziaren arabera, bihar argitaratuko dute bileran adostutakoa. Itsaso Beltzerako su etena lortzea espero du Steve Witkoff Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako ordezkariak: horrek emango omen dio bide «erabateko meniari»; hala adierazi zuen atzo Fox telebista katean egindako elkarrizketa batean.
Kremlinen lehentasuna Itsaso Beltzean nabigatzeko segurtasuna bermatzea da, eta hori izan da, hain zuzen, gaurko bilerako gai nagusia, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak baieztatu duenez egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Gainera, ziurtatu du 2022an laboreen inguruan adostutakoa berriz ere indarrean sartzea negoziatu dutela, eta gogorarazi orduko hartan zenbait herrialdek ez zutela bete adostutakoa
2022ko uztailean, Turkiak bideratuta eta NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta, akordio bat sinatu zuten Errusiak eta Ukrainak, blokeoa kentzeko Itsaso Beltzean barrena esportatutako laboreei. Horretarako, aldeek adostu zuten Itsaso Beltzean erasorik ez egitea: ez ontziei, ez portuei. 2023ko uztailean, baina, Moskuk akordioa hautsi zuen, argudiatuta Mendebaldeak ez zituela arindu Errusiak esportatutako laboreei ezarritako zigor ekonomikoak. Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenetik Errusiako armadaren Itsaso Beltzeko ontzidiaren herena suntsitu duela jakinarazi zuen Kievek iazko otsailean.
Itun hori berrezartzeari buruz aritu dira gaur Riaden. Errusiak hauek bidali ditu ordezkari gisa gaurko negoziazio saiora: FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federaletako zuzendariaren aholkulari Sergei Beseda eta Errusiako goi ganberako nazioarteko gaien batzordeko buru Grigori Karasin. Bestalde, AEBen ordezkaritza Andrew Peek Etxe Zuriko Segurtasun Batzordeko zuzendaritzako kideak eta Michael Anton Estatu Idazkaritzako goi funtzionarioak osatu dute.
Bilera artean, Karasinek esan du negoziazioek «ez zutela zertan dokumenturen batekin edo akordio handiren batekin amaitu», eta erantsi Errusiaren eta AEBen arteko elkarrizketak «gorenean» daudela: «Garrantzitsuena da harremana ez galtzea eta elkarren ikuspuntua ulertzea; lortzen ari gara hori». Ukrainak, bere aldetik, esana du ez duela asmorik haren erasoaldiak bertan behera uzteko bi aldeek meniarako testu formal bat sinatu ezean.
Atzo, Ukrainako ordezkaritza batekin ere batzartu ziren AEBetako diplomazialariak, Riaden. Bilkura «erabilgarria» izan zela esan zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, atzo gauean telebista bidez egindako adierazpenetan. Baina, bilkuran hitz egindakoa albo batera utzita, gehitu zuen lortu behar dela Putinek erasoak eteteko agindua ematea. Ukrainako ordezkariak Saudi Arabian daude oraindik, eta AEBetakoekin batzartzekoak ziren gaur beste behin, azken horiek Errusiako ordezkaritzarekin egin zuten bilkura amaitu ostean. Ukrainako iturri ofizial batek hala jakinarazi dio AFP berri agentziari.
AEBen eta Ukrainaren harremanak berriro hurbiltzen ari diren honetan, Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak adierazi du «laster» espero zuela sinatzea Ukrainarekin mineral arraroen akordioa, zeina behera geratu zen Zelenskirekin Etxe Zurian izandako liskarra medio.
Energia instalazioetarako menia
Iragan astean energia azpiegiturei eraso ez egitea adostu ostean, Errusiak eta Ukrainak elkarri egotzi zioten su eten partzial hori urratzea. Horren harira, Peskovek gaur ziurtatu du akordioak indarrean dirauela. Baina bai Kievek eta bai Moskuk asteburuan salatu dutenez, hala batak nola besteak eraso egin diote energia instalazioei.
Gaurko ordu txikietan, Ukrainako armadak Errusiako Krasnodar eskualdeko petrolio instalazio bati eraso dio, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera. Iragan otsailaren 17an drone batek bete-betean jo zuen estazio hori, eta aldi baterako gerarazi behar izan zuten konponketa lanetarako; gaurko dronea, baina, estaziotik zazpi kilometrora eraitsi dute.
Gaur arratsaldean, misil batekin eraso egin diote Ukraina ipar-ekialdeko Sumi hiriari, eta gutxienez 74 pertsona zauritu dituzte, tartean 14 adin txikiko behintzat, Sumi eskualdeko Fiskaltzaren arabera. Eskualdeko gobernadoreak salatu du hiriaren erdigunera jaurti zituztela misilak, eta etxebizitzak, ospitale bat eta eskola bat kaltetu dituztela. Horren aurrean, Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibihak sare sozialetan Errusiari galdegin dio bonbardatzeari uzteko, «bake adierazpen hutsalak» egin ordez. Sumi eskualdeak muga egiten du joan den abuztuan Ukrainak okupatutako Kursk eskualdearekin, zeinaren kontrola berreskuratzen ari den Mosku.
Bestalde, Ukrainako aireko indarrek jakinarazi dute Errusiak jaurtitako 57 drone suntsitu zituztela herenegun gauean; Errusiako Defentsa Ministerioak, berriz, jakinarazi du Ukrainako 227 drone suntsitu dituztela azken 24 orduetan
Zibereraso bat egin diote ukrainako trenbide konpainia publikoari
Ukrzaliznitsia Ukrainako trenbide konpainia publikoak salatu du «zibereraso masibo bat» egin diotela bere sistema digitalari. Konpainiak gaur zabaldutako ohar batean azaldu duenez, erasoaren ondorioz zerbitzuz kanpo geratu dira enpresaren webgunea eta online salmenta zerbitzua. Halere, Ukrainako tren zerbitzuak kudeatzen dituen enpresaren arabera, «etsaiak huts egin du», eta ez du lortu trenen trafikoa geldiaraztea: «Trenen trafikoa martxan dago, eta ongi funtzionatzen ari da, atzerapenik gabe».