Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, galdera nagusietako bat zen Moskuren intentzioa zein ote zen: Ukraina osoa okupatu eta gobernua ordezkatzea pentsatzen ote zuen Vladimir Putin presidenteak? Eremurik handiena duten Europako herrialdeetan bigarrena da, Errusiaren atzetik —600.000 metro koadro ditu; 29 Euskal Herri kabitzen dira hedadura horretan—. Lau asteotako mugimenduei erreparatuta eta Errusiak esku artean zer helburu izan ditzakeen aztertuta, pentsatzen hasi behar da Putinen helburua ez zela, beharbada, Ukraina osoa menpean hartzea, baizik eta Errusia Berria bereganatzea. Hipotesi bat besterik ez da oraingoz, eta ez du lortu orain arte, baina baliteke gerrak luze jotzea.
Zer da Errusia Berria?
Ukrainaren hego-ekialde osoa hartzen duen lur zatiari deitu izan zaio Errusia Berria (Novorossiya). Ukrainako zazpi probintziak osatuko lukete: Luhansk, Donetsk, Zaporizhia, Kherson, Mikolaiv, Odesa eta Dnipro. Putinek Karkhiv ere gehitzen dio. Izen ezagunak bilakatu dira gerran, hantxe izaten ari baitira borrokarik gogorrenak —eta kasualitateak oso arraroak dira gerretan—.
Errusiako Inperioak Otomandar Inperiorari kendu zion eskualde hori, XVIII. mendearen erdian. Ez du eraketa politiko iraunkorrik izan, ez herritarren aldetik atxikimendu garbirik ere, baina aieka hori da Ukrainan errusiera gehien hitz egiten dena —Ukrainako mendebaldean, %10ek baino gutxiagok egiten dute errusieraz, baina, Errusia Berriko lurretan, %70ek baino gehiagok, eta, leku batzuetan, ia %100ek—. XIX. mendetik aurrera ez da agertu aldarrikapenetan. 1922tik aurrera, Ukrainako Errepublika Sozialistaren parte izan da; 1991tik aurrera, Ukrainarena.
Badu funtsik Errusia Berriaren hipotesiak?
2014ko apirilaren 17an —Kieven Euromaidaneko protestek gobernua irauli, eta Krimeak erreferendum batean Errusiaren parte izatea erabaki eta gero—, Putinek lau orduko elkarrizketa bat eman zuen Errusiako Telebistan, eta han berreskuratu zuen Errusia Berriaren kontzeptua. Lur eremu horrek Errusiaren parte izan beharko lukeela errepikatu zuen. «Errusia Berria deitzen zitzaion hori, tsarren egunetan ez zen Ukrainaren parte. Sobietar Batasunak 1920ko hamarkadan eman zizkion lur horiek Ukrainari. Zergatik? Auskalo! Errusiak lurralde horiek galdu zituen hainbat arrazoirengatik, baina jendeak [errusiarrek] han jarraitu zuten». Horiek izan ziren Putinen hitzak.
AEBetako think tank-ek kezkaz hartu zituzten adierazpen haiek. Adibidez, AEBetako Atzerri Politikarako Ikerketa Institutuak, Putinen elkarrizketa aditu berritan, aholkatu zuen Errusiaren kontra askoz zigor ekonomiko larriagoak jartzea, eta kritikatu zuen Europako Batasuna arlo horretan epel aritzea. Horrekin batera, proposatu zuen AEBek tropak ugaritzea Europan, eta NATOk Europa ekialdean pilatzea soldaduak. Alegia, gerra hasiz geroztik abian jarri diren politikak.
Minskeko Akordioekin (2015), Moskuk izoztu egin zuen Errusia Berriaren ametsa. Eta, egunotan, Ukraina inbaditzeko arrazoiak aletu dituenean, Putinek ez dio erreferentziarik egin Errusia Berriari, Ukrainaren eta Errusiaren batasun historiko eta kulturalari baizik. Gerraren bilakaerak beste zerbait iradokitzen du, ordea. Eta tarteka ikusten dira Errusia Berriko banderak —hondo gorri batean, gurutze diagonal urdin bat—, 2014tik aurrera Donbassko independentistek haizatu baitituzte.
Zer erakusten du gerraren bilakaerak?
Moskuk Errusia Berriko eskualde horietan egin du esfortzu militar handiena. Otsailaren 24an, bost lekutatik sartu ziren Errusiako tropak Ukrainara. Hego-ekialdean, Kharkivetik, Donbasstik eta Krimeatik. Eremu horietan izan dira bonbardaketa eta gatazka gogorrenak, eta eremu horretan egin ditu Errusiak aurrerapenak. Mariupol inguratua dauka —Krimea eta Donbass lotzeko, ezinbestekoa du hiri hori hartzea—, Kherson bereganatu du, eta gero Mikolaiv eta Dnipro bonbardatu eta Odesari eraso egiteko prestatzen hasi da —atzo bonbardatu zuten hiri hori lehen aldiz—.
Errusia Kharkiv eta Mariupol txikitzen ari da bonbekin, Kiev baino askoz gehiago. Seguru asko, Moskuri nahi baino gehiago kostatzen ari zaio Kharkiv hartzea, baita Mariupol ere —setiatuta daukate ia gerra hasi zenetik, baina ez dute hartu oraindik—. Hiri horiek arinago bereganatu izan balituzte, errazago izango zuketen Errusia Berriko beste eskualde batzuetara zabaltzea, hegoalderantz.
Eta Kieveko erasoa?
Ukrainara sartzeko beste bi fronteak, iparraldean, Kievera gerturatzeko erabili ditu Errusiak. Txernobyldik eta Txernihivetik sartu ziren, eta hiriburua inguratu eta setiatzen saiatu dira hilabete honetan. Gerraren hasieran, zabaldu zen Errusiak gerra azkar bat nahi ote zuen, Kiev berehala eta ezustean okupatuta. Noski, hiriburua ezustean hartu izan balute, azkarrago emango zioketen amaiera gerrari, baina Errusiako tropek ez dute presarik erakutsi fronte horretan, ez diote Kievi zuzenean eraso, eta ekialdeko beste hiri batzuk baino gutxiago bonbardatu dute hiriburua.
Horregatik, pentsatu behar da Kievekoa ez ote den nahasteko operazio bat. Hipotesi hori baieztatuko balitz, Moskuren helburua litzateke Ukrainako soldaduek arreta, denbora eta baliabideak galtzea Kieven defentsan, Errusiako soldaduek hego-ekialdean lurrak hartzen dituzten bitartean. Kiev setiatuta, gainera, Ukrainako indar armatuak zatitu dituzte.
Ukrainako Estatu Nagusia zabaltzen ari da errusiarrek arazoak dituztela, ez dutela lortzen hiriburua inguratzea eta ongi setiatzea. Eta litekeena da Errusiak uste baino arazo gehiago izatea, baina galdetu behar da ea Kiev hartzea ote zuten lehentasuna.
Zer irabazten du Putinek Errusia Berria hartuta?
Hasteko, hegoaldeko itsasorako irteera bat irabaziko luke Errusiak. Azoveko itsasoan portuak baditu, baina salgaien ontzi handiek ezin dute han nabigatu, ez baitu sakontasun aski. Moskuk Kievekin hitzarmenak egin izan ditu azkeneko hamarkadotan, Itsaso Beltzeko portuak erabili ahal izateko; trukean, gasa merke eman dio. Putinek Errusia Berria konkistatuko balu, ordea, portuak bere esku lituzke. Eta portu horiek aukera ematen diote Mediterraneora ez ezik Suezko kanaletik Asiara azkar joateko ere.
Errusia Berriko eremu horretan bizi dira, gainera, Ukrainako herritarren ia erdiak —hogei milioi biztanle inguru—, eta Ukrainako barne produktu gordinaren %60 edo gehiago han ekoizten da. Ez alferrik, han dago Ukrainaren industria gehiena. Errusiak lur eremu aberats bat eta merkatu handi bat irabaziko lituzke, beraz, kolpetik Errusia Berria bereganatuko balu. Aberastasuna, hitz batean.
Eta zer irabaziko luke Moskuk politikoki?
Errusia Berrian herritar gehienek errusieraz dakitenez, Putinek kalkulatuko zuen, seguru asko, Errusiaren morrontza edo atxikimendua —operazioak dena delako forma politikoa hartuta ere— errazagoa izan zitekeela han Ukraina osoan baino. Gainera, Errusiak lortuko luke Donbass, Krimea eta Transnistria —Moldaviatik 1991n independente deklaratutako lur zerrenda bat, Ukrainarekin muga egiten duena— elkarrekin lotzea. Eremua segurtatuko luke horrela. 2014an, Krimea hartu zuen Errusiak, eta Donbassen —Luhansk eta Donetsk— gerra ez da itzali urteotan; hango herritarrek salatu izan dute Ukrainako Gobernuak bonbardatu eta milaka heriotza eragin dituela Minskeko Akordioen ostean ere. Hain justu, bi eskualde horien independentzia aitortuta hasi zuen gerra Moskuk.
Ruth Ferrero-Turrionek, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoetako irakasleak beste hipotesi bat gehitu dio ekuazioari: NATOko kide bihurtzeko, beharrezko baldintza da nork bere lurraldea eta mugak kontrolpean edukitzea. Putinek Errusia Berria eskuratuko balu, arazo praktiko bat eragingo lioke Ukrainari, beraz, eta negoziatu beharrik gabe ere lortuko luke bere beste helburuetako bat: alegia, Ukraina NATOtik uxatzea. Eta Transnistriak funtzio bera beteko luke Moldaviarekin.
Ezin da ahaztu gerra eragin duten arrazoi nagusietako bat dela hori, Moskuren hitzetan: NATO Europa ekialdera zabaldu ahala handitu dira Errusiaren mehatxuak. Putinek ez ditu Mendebaldeko misilak etxeko atarian nahi, eta horregatik bereganatu zuen Krimea ere; Errusiak base militar bat du han, eta eskualde hori Errusiari atxiki zionean argudio hori bera erabili zuen Putinek.
Lortuko ditu helburuak Errusiako armadak?
Bada hilabete gerra hasi zela, eta lehen egunetan egin zituen Errusiak aurrerapenik handienak. Luhansk eta Donetsk probintzien zati handiak hartu ditu, eta Kherson hiria ere bai —Odesarako bidea irekitzen dio—. Baina, azkeneko bi asteetan, ez du aurrerabiderik egin. Kharkiv hartu edo inguratu ezinean ari da, eta Mariupol kontrolpean hartzea, berriz, nahi baino gehiago kostatzen ari zaio —etxez etxe ari dira borrokan han—. Ukrainako Estatu Nagusiak dio kontraerasoak hasi zituela joan den astean, Errusiako tropek logistika arazoak dituztela, eta soldadu asko galdu dituztela.
Gerra ez da bukatu, ordea. Hasieran ematen zuen Moskuk gerra azkar bat egin nahi zuela. Orain, berriz, ematen du eraso luze baterako prestatzen ari dela, eta gerra luzatuz ukrainarrak etsiarazi nahi dituela. Bi aldeak ia lehen egunetik hasi dira negoziatzen, baina ematen du errusiarrek ez dutela presarik akordio bat lortzeko: hamabost puntu aurkeztu dituzte eskari gisa, eta zail izango da guztiak adostea.
Moskuk argi utzi du, gainera, negoziazioek iraun bitartean ez duela sua etengo, nahiz Kievek behin eta berriro eskatu. Bistan da Putin lur gehiago konkistatzeko asmotan dela oraindik ere, eta ez duela nolanahi erretiratu nahiko; ez luke halako neke, gastu eta arriskurik hartuko gehiago lortzea esperoko ez balu. Hortik aurrera, ezinezkoa da igartzea zer gertatuko den, eta ukrainarrek, seguru asko, espero baino erresistentzia antolatuagoa eratu dute.
Errusia da aktore interesatu bakarra?
Ezta inondik ere. Mundu osoko xake partida bat jokatzen ari da Ukrainan. Errusiaren asmoak aztertzen ditu artikulu honek, baina AEBek ere badituzte beren interesak; eta Txinak, bereak. Pekin bihurtzen ari da munduko potentzia ekonomiko nagusiaren erdigune, eta AEBak itzalean gelditzen ari dira arlo horretan. Aldi berean, Errusia ahuldade hori baliatzen ari da, inguruko herrialdeetan duen eragina indartzeko eta, Txinaren gerizpean, Eurasian eta Ekialde Hurbilean garrantzia hartzeko. Putin Eurasiako batasun ekonomiko bat josteko ahaleginean ari da azkeneko urteotan, eta Txinaren babes osoa du.
AEBak, berriz, munduko lehentasuna berreskuratu nahian ari dira, gabezia ekonomikoak indar militarrarekin estalita, eta pintza bat egiten saiatzen ari dira Txina-Errusia bikoteari —munduko ekonomiaren %25—.
Pazifikoan, Washington Txina zirikatzen ibili da azkeneko urteetan, eta AUKUS aliantza militarra eratu du. Taiwan dago joko horren erdian. Atlantikoan, Washington saiatzen ari da Europa bere besazpira eramaten, NATOren bidez. Aliantza militar hori Europa ekialdera zabaltzeko ahaleginean jardun dute AEBek, Bill Clintonen garaitik aurrera batez ere. Eta gerra piztu den honetan, AEBek lortu dute Europa NATOn gehiago inplikatzea eta gastu militarra handitzea.
Washingtonek bazekien suarekin jolasean ari zela NATO hedatuz, eta hala igarri zen iazko urte bukaeran, gerra bat has zitekeela ohartarazten hasi zenean. Ukrainarrek ere bazekiten zer gerta zitekeen: Oleksi Arestovitxek, Ukrainako presidentearen aholkulariak, duela hiru urte iragarri zuen Errusiak gerra bat has zezakeela 2020 eta 2022 bitartean, eta Ukraina zatituta gera zitekeela. Denek zuten arriskuen berri.
AEBak, bestalde, saiatzen ari dira gerra erabiltzen Txinaren eta Errusiaren arteko aliantza hausteko. Azkeneko asteetan, Washington ahalegindu da Pekin gerran inplikatzen, Moskuri zigor ekonomikoak jar diezazkion. Baina Txinak ez du asmorik Errusiarekin duen hitzarmena hausteko, ezta gerran inplikatzeko ere. Merkataritza interesatzen zaio Pekini, ez gerra, eta behin eta berriro esaten ari zaio Washingtoni diplomaziaren bidea hartzeko. Kontrara, Pekin auzi hau baliatzen ari da AEBei marra gorri bat jartzeko, Taiwan bakean utz dezaten.
Washington alde batean da, Mosku eta Pekin bestean; tentsioa gora doa. Eta Ukraina bihurtu da gerra hotz horren agertoki beroa. Eta Ukrainako jendeak joko hilgarri horien peoi.