Eurasiako herrialde horrek beste herrialde asko ditu mugakide —Norvegiatik hasi eta Ipar Korearaino—, baina Errusiaren mugarik luzeena ipar poloan dago, eta «azken muga» ere deitzen zaio. Badirudi zuritasun amaigabe horretan ezin dela egon izotza eta hartz zuriak besterik, baina badaude meatzaritza eta energia baliabideak ere, interesgarriak Errusiarentzat, eta NATOrekiko gatazken sorgune ere izan daiteke. Artikoa ez da Moskurena osorik: Norvegiarena, Finlandiarena, Ameriketako Estatu Batuena, Kanadarena eta Danimarkarena ere bada, eta denak dira NATOren parte. Helsinki ere erakundeari batu zaion honetan, tentsioa areagotu egin da, Mosku haserrearazi egin baitu horrek.
Errusiak ondo baino hobeto daki zer daukan jokoan iparraldeko mugan. Horregatik, aurtengo urtarrilean erabaki zuen, batetik, radar berriak erabiltzea, gaur egun eremu horretan daudenak baino gaitasun handiagokoak, eta, bestetik, Ozeano Artikoan dituen ontzi izotz-hausleen gaitasuna areagotzea. Aurrez, Errusiako presidenteak berak esana zuen zein garrantzitsua den eremu hori bere herrialdearentzat; hain justu horregatik daude orain militar gehiago han. «Artikoko eskualdean aukera ekonomiko izugarriak daude. Gainera, Artikoa garrantzitsua da Errusiaren gaitasun energetikoa indartzeko, logistika zabaltzeko eta defentsa bermatzeko», esan zuen 2023an Errusiako buruak. Hau ere gehitu zuen orduko hartan: «Lurralde horiek garatzea lehentasunezkoa da Errusiako Federazioarentzat, dudarik gabe». Kristina Spohr-ek Finantial Times egunkarian ohartarazi duenez, «Errusiak sendotu egin du Artikoan duen nagusitasun geoestrategikoa, eta, horretarako, bi gauza baliatu ditu: bere indar militar ikaragarria eta Iparraldeko Itsasbideko jarduera komertzial gero eta handiagoaren kontrola».
Foreign Policy hedabideak aipatutako adituek azaldu dutenez, Errusiaren eta Finlandiaren arteko mugak ez dio Moskuri bakarrik emango buruko mina: NATOri ere emango dio. Izan ere, «areagotu egingo da Errusiak mehatxu egiteko arriskua». Errusiak mendeak daramatza ipar poloan, baina, herrialde hori alde batera utzita, badago beste bat agian prest legokeena Kremlin babesteko eremu horretan: Txina. Pekinek badu eremu horren inguruko agenda propioa, eta zenbait bide komertzial interesatzen zaizkio bereziki, litekeena da-eta bide horiek gero eta gehiago hedatzea izotza urtzearen ondorioz; are, bere burua Artikotik gertuko herrialdetzat ere hartu du. Asiako erraldoia zetaren bide berriaren proiektu komertzialean dabil buru-belarri, eta iparraldeko bideak beste aukera bat emango dio bere interesen alde aritzeko.
Poloko urrearen lasterketa
Eremu hori babesteko interesa ez dagokio soilik Errusiak bere lurralde osotasuna babestu nahiari —nahiz eta hori ere ezinbestekoa den berez edozein estaturentzat—; izan ere, eremuak zenbait aukera ekonomiko ematen ditu, eta Moskuk aprobetxatu egin nahi ditu. Poloko eskualde batzuk urrezko arrautzak erruten dituen oiloa dira Errusiarentzat: izotz azpian hidrokarburo ugari dago herrialdeko ekonomia elikatzeko, eta beste hainbat lehengai ere lortzen ditu haien bitartez.
Errusiari ez zaizkio soilik Artikoko lurrazaleko lehengaiak interesatzen: itsas azpian daudenak ere bai. Zenbait herrialdek egindako espedizioei esker, jakina da Artikoaren hondoan gas eta petrolio erreserbak daudela, baita zenbait metal ere, hala nola urrea, zilarra, merkurioa eta zinka. Errusiak badu ipar poloaren parte bat, eta nazioarteko komunitateak ere hala aitortzen du, baina, nolanahi ere, parte horren gehiena nazioarteko urak dira legez, ez baitago uharterik izotz azpian. Horrek Errusiari mugatu egiten dio baliabideak ustiatzeko aukera, eta, oztopo horri aurre egiteko, lurraldea zabaldu nahian aritu da, bere geologoen laguntzaz. 2000ko hamarkadatik, Lomonosov dortsala Errusiaren lurrazal kontinentalaren parte dela frogatzeko ahaleginean aritu da, hala balitz herrialdearen partetzat joko litzateke eta. Erreklamazio horrek polemika piztu du, Danimarkak ere esana baitu itsas azpiko egitura hori Groenlandiako lurrazalaren parte dela. Alexander Daziel segurtasuneko adituak Geopolitical Monitor webgunean ohartarazi duenez, nazioarteko legeek ezarria badute ere nor den itsas eremu jakin batzuen jabea, «legeak zorrotz betetzea ez da Errusiaren ezaugarrietako bat».
Eremu horretako ekonomiaren beste oinarrietako bat zera da, Errusia iparraldeko hiriei hazten laguntzeko plana; hipoteka artikoa delakoa, alegia. Horren bitartez, zibil errusiarrak bultzatuko dituzte giro latz horretan gera daitezen, eta, hala, sendotu egingo dituzte iparralde gogorreko hirigune urriak, non tenperatura -30 gradu baino hotzagoa ere izaten baita, ipar haize hotzak lagunduta. Egitasmo hori nahiko berria da, 2023 amaieran sortua, eta aurten hasiko da martxan. Hari esker, eremu horretako biztanleei zenbait pribilegio bermatuko zaizkie, herritarrak zirkulu polar artikoko hirietan geratzera bultzatzeko eta, are, Errusiako beste toki batzuetako herritarrak ere erakartzeko. Politika horrek lehentasuna emango die interes txikiko hipotekak dituztenei, bereziki familia gazteei, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.
Maiatzean iragarri zutenez, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran parte hartutako guztiek eta frontean hildakoen familiek ere eskuratu ahal izango dituzte abantaila horiek. Era berean, iragarri zuten irakasleek eta osasun langileek aurrerantzean ez dutela frogatu beharko bost urte eman dituztela Errusia iparraldeko muturreko hiriren batean lanean. Interfax-ek eta Errusiako beste berri agentzia batzuek adierazi dutenez, zenbait banku hasiak dira mailegu apalak lortzeko lehen eskaerak jasotzen.