Etzi ziren Errumanian presidentetzarako bozen bigarren itzulia egitekoak, baina herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondorioz, hauteskundeen agenda atzeratu beharko dute. Auzitegi horrek bertan behera utzi du, gaur, presidentetzarako bozen lehen itzulia. Azaroaren 24an egin zuten, eta Errusiako orbitara lerratutako Calin Georgescu hautagaiak bildu zituen boto gehien: %22,9.
Zabaldutako komunikatuan, auzitegiak ez du jakinarazi zergatik hartu duen erabakia, eta esan du aurrerago emango duela informazio gehiago. Nolanahi ere, nazioarteko hedabideen arabera, litekeena da lotura izatea herenegun Errumaniako presidente Klaus Iohannisek esandakoarekin, zera, Errusiako hainbat agentek esku hartu zutela Georgescuren hauteskunde kanpainan. Errumaniako inteligentzia zerbitzuek bildutako informazioaren arabera, agente horiek hautagaiaren aldeko Internet bidezko sare bat antolatu eta finantzatu zuten.
Ez da Georgescuren aurka gisa horietako akusazioak egiten dituzten lehen aldia, eta, horien inguruan, hautagaiak esan izan du berak ez duela iruzurrik egin, eta salatu izan du akusazio guztiak «bere eta bere hautagaiaren aurkako erasoak» direla. Georgescurekin lehiatzekoa zen presidentegai Elena Lasconik ere auzitegiaren erabakia kritikatu du: «Gaur, Errumaniako Estatuak demokrazia zapaldu du. Jainkoa, Errumaniako herria, egia eta legea gailenduko dira, eta demokrazia suntsitu duten horiek zigortuko dituzte».
Bestalde, Errumaniako lehen ministro Marcel Ciolacuk auzitegiaren erabakia txalotu du, eta ontzat eman du Errusiako esku hartzeari buruzko hipotesia. Orain, Errumaniako Gobernuari dagokio beste data bat zehaztea.