Errumaniako alderdi politiko europazaleek akordio bat sinatu dute eskuin muturraren gorakadaren aurka bat eginda jokatzeko eta datorren urtean egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaitza bateratu bat adosteko. Horren berri eman zuten atzo gauean, ohar bateratu baten bidez.
Sozialdemokratek, liberalek, zentroko nazionalistek, Hungariarren Batasun Demokratikoak eta gutxiengo etnikoak biltzen dituen alderdiak egin dute ituna. Bost indar horien artean Diputatuen Ganberaren %65 ordezkatzen dute. Alderdi Sozialdemokratak irabazi zituen Parlamenturako bozak, abenduaren 1ean. Hauteskunde horietako gertakaririk esanguratsuena zera izan zen, ordea, ultrek nabarmen egin zutela gora. AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza gehien bozkatutako indarretan bigarrena izan zen, eta eskuin muturreko beste bi alderdik aurrenekoz lortu zuten ordezkaritza parlamentarioa.
Boz horiek, hain zuzen, presidentetzarako hauteskundeen bi itzulien artean egin ziren. Aurrenekoan, ezustean, Calin Georgescu Errusiaren orbitara lerratutako hautagai ultrak bildu zituen boto gehien (%22,9). Bigarren itzulian, abenduaren 8an, Elena Lasconi kontserbadorearekin (%19,2) lehiatzekoa zen, baina bozak egin baino bi egun lehenago Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen lehen itzuliko emaitzak —eta, hortaz, prozesu guztia—. Ez zuen zehaztu zergatik hartu zuen erabaki hori, baina aintzat hartu behar da bigarren itzuliaren aurretik zerbitzu sekretuen dokumentu batzuk desklasifikatu zirela, eta horiek nabarmentzen zutela kanpainan gertatu zirela «errusiarren eraso hibrido oldarkorrak». Akusazio horiek gezurtatu ditu Georgescuk.
Horiek horrela, gobernuari dagokio presidentetzarako hauteskundeetarako beste egun bat zehaztea. 2025eko lehen lauhilekoan egitekoak dira. Lehendabizi, baina, gobernua osatu beharko dute. Indarrean dagoen legegintzaldia hilaren 21ean bukatuko da, eta ituna sinatu duten alderdiek adierazi dute hurrengo gobernua «europazalea» izango dela. 2007az geroztik da Errumania EB Europako Batasuneko kide.
«Momentu erabakigarria»
Alderdi horien arabera, «momentu erabakigarrian» dago herrialdea, Errusiari egotzitako esku hartzea dela eta. Adierazi dute datozen egunetan landuko dutela gobernu programa, eta aintzat hartuko dituztela herritarren lehentasunak. Ituna egin duten indarren artean ohikoak izan dira ika-mikak. EBn defizit fiskalik handiena duen herrialdea da Errumania (%8koa), eta hori txikitzeko neurriak har ditzala eskatu dio Bruselak Bukaresti.
Horretarako, zergak handitzeko gomendatu dio, besteak beste. Nazioarteko hedabideetan hainbat adituk ohartarazi dutenez, gobernuak neurri hori hartuko balu eskuin muturreko alderdiek gorantz jarraituko lukete.