Avignongo Zigor Auzitegiak (Okzitania) gaur eman du Gisele Pelicot ia hamar urtez bortxatzeagatik auzipetutakoen epaia, hau da, Dominique Pelicot senarraren eta beste 50 gizonen aurkakoa. Leporatutako krimen guztien erruduntzat jo dute Pelicot, larrigarri gisa hartuta biktima emaztea izatea. Hogei urteko kartzela zigorra ezarri diote, ezar daitekeen luzeena. Izan ere, Frantzian gehienez hogei urteko zigorrak ezar daitezke bortxaketagatik. Halere, kondenaren bi heren betetakoan, haren kasua berrikusiko dute, eta baliteke baldintzapeko askatasuna ematea. Gainerako auzipetu guztiak ere erruduntzat jo dituzte, baina zigorrak eskatutakoak baino arinagoak izan dira. Irailaren 2an abiatu zen epaiketa, eta gaur ebatzi dute auzia.
Fiskaltzak 650 urteren kartzela zigorrak eskatu zituen akusatuentzat, bortxaketa eta sexu erasoak egotzita. Pelicot senarrarentzat eskatu zuen horietan handiena, hain zuzen: hogei urtekoa. Eskaria ontzat jo du auzitegiak. Gainerakoetan, 50 akusatuak erruduntzat jo baditu ere, zigorrak eskatutakoak baino txikiagoak izan dira: hiru urtetik hamabost urtera artekoak; batzuek, ordea, ez dute kartzelan sartu beharrik izango. Saio hasieran hainbat lagun hurbildu dira auzitegi parera, Pelicot emazteari babesa ematera, eta erabaki horrek beren haserrea eragin du; «justizia ustela» oihuka hasi dira.
Romain Vandevelde akusatuari ezarri diote, Dominique Pelicoti jarritakoaren ondoren, kartzela zigorrik handiena; hamabost urtekoa. Vandeveldek sei aldiz bortxatu zuen Pelicot emaztea. Beste hiru akusatuk ere, Charly Arbok, Jerome Vilelak eta Dominique Daviesek, sei aldiz bortxatu zuten Gisele Pelicot; horiei, ordea, hamahiru urteko kartzela zigorra jarri diete. Seropositiboa izanda kondoirik erabili gabe bortxatzeagatik ezarri dizkiote Vandevelderi bi urte gehiago. Haren abokatuak argudiatu izan du tratamendua jasotzen ari zela, eta, hortaz, ezin zuela birusa transmititu.
Auzitegiak ebazpena eman ondoren, adierazpenak egin ditu Pelicot senarraren abokatu Beatrice Zavarrok: «Ezin dugu justiziaren erabakia kritikatu, egin dezakegun bakarra erabaki horri helegite bat aurkeztea da». Hain justu, hamar eguneko epea izango dute, gaurtik aurrera, helegite bat jartzeko. Eta gehitu du: «Nire bezeroa dagokion erantzukizuna hartuta irtengo da prozesu honetatik, eta Gisele Pelicot duintasunarekin». AFP Agence France Presse herrialdeko albiste agentziaren arabera, auzitegiaren ebazpenak «txikiegiak» direla iritzi diote Pelicot bikotearen seme-alabek.
JAKINGARRIAK
Zergatik izan da auzia hain mediatikoa?
Batetik, kasuaren gordintasunagatik. Dominique Pelicotek hamar urtez drogatu eta bortxatu zuen Gisele Pelicot bere emaztea, eta ezezagunekin harremanetan jarri zen haiek ere bortxa zezaten. Bestetik, Gisele Pelicotek berak erabaki zuelako prozesu judiziala publiko egitea, zera aldarrizkatuz: «Lotsa bandoz aldatu behar zela».Zenbat iraun du epaiketak?
Hamabost aste iraun du: irailaren 2an hasi zen, eta aurreko astelehenean, abenduaren 16an, bukatu.Zer profil dute akusatuek?
Ez dute profil zehatz bat, denetarikoa baizik. 27 eta 76 urte artean dituzte, eta guztiak dira gizonezkoak.
Nola jartzen zen Dominique Pelicot bortxatzaileekin harremanetan?
Coco izeneko plataforma baten bidez. Zitak egiteko webgune bat zen, eta aktibo egon zen 2003a eta aurreko ekaina artean. Poliziak itxi zuen, horren kontrako milaka prozedura judizial zeudelako irekita; besteak beste, pederastia eta iruzurra egotzita.
Zortzi herrialdetako 85 mugimendu feminista biltzen dituen Nazioarteko Fronte Feministak, berriz, «historikotzat» jo du epaia. Sare sozialetan zabaldutako komunikatuan, lotsak bandoz aldatu dela esan dute: «Sexu indarkeria jasaten duten biktima guztien %10ak jartzen dute salaketa herrialde honetan; beraz, bortxatzaileek inpunitatea duten herrialde batean, ebazpen hau historikoa da».
Lotsaren bandoa
Ebazpenaren berri izan ondoren egin dituen adierazpenetan, prozesu judiziala «oso gogorra» izan dela aitortu du Gisele Pelicotek, baina esan du hainbat motibori esker egin duela aurrera: batetik, bere hiru seme-alaben eta biloben omenez; eta, bestetik, «Sekula aitortzarik izan ez duten biktima guztien omenez. Eta gehitu du: «Irailaren 2an prozesu judizial honen ateak ireki nituenean, nahi nuena zen gizarteak eztabaida honetan parte hartzea. Ez naiz inoiz damutu erabaki horretaz».
Hasieratik auzia ezagutaraztea erabaki zuen 71 urteko emakumeak. Argi esan zuen: «Bortxaketak ez ditugu gehiago ezkutatu behar». Eta bere asmoa azaldu: «Zera nahi dut: bortxaketen biktima izan diren emakume guztiek bere buruari esatea 'Pelicot andereak egin bazuen, guk ere egin dezakegu'. Ez dugu guk lotsatu behar, haiek baizik. Gizarte hau aldatzeko nire nahia eta erabakia adierazi nahi ditut».
Zalaparta handia sortu duen auzia izan da. Gisele Pelicot konortea galdu arte drogatzen zuen senarrak, eta, gero, berak edo Internet bidez harekin harremanetan jarritako gizonek bortxatzen zuten. Hala jardun zuen Dominique Pelicotek 2011tik 2020ra, eta horixe aitortu zuen auzitegian, irailaren 17an: «Bortxatzaile bat naiz, areto honetan dauden gizon akusatu guztiak bezala». Orotara 70 bat gizon eta ehun bat bortxaketa zenbatu zituzten poliziek, baina gizon horietarik 51 baizik ez dituzte auzipetu ahal izan.
Senarrak sakelakoan zituen bideoak izan ziren ikerketaren abiapuntua; izan ere, 2020ko udazkenean atxilotu egin zuten gizona, denda bateko nesken aldageletan kamera bat jartzeagatik; haren telefonoa miatzean, Gisele Pelicoten bortxaketen 20.000 irudi baino gehiago topatu zituzten.