Erresuma Batutik sartutako migratzaileak hara itzularazi nahi ditu Irlandako Errepublikak

Ruandako deportazio planaren harira, azken asteetan ehunka asilo eskatzaile sartu dira herrialdean, Ipar Irlandako muga igarota. Migrazioaren aferak nabarmen areagotu du bi herrialdeen arteko tentsioa.

Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harris, ezkerrean, eta Irlandako Atzerri minismo Micheal Martin, atzo, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harris, ezkerrean, eta Irlandako Atzerri minismo Micheal Martin, atzo, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 30a
14:45
Entzun

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroaren agintaldiko neurri esanguratsuenetako bat izan da Ruandako deportazio plana, eta, orain, hautsak harrotzen ari da Londresek eta Dublinek duten harremanean. Erresuma Batutik kanporatuak izatea eragotzi nahian, ehunka asilo eskatzaile Irlandako Errepublikan sartzen ari dira asteotan, Ipar Irlandako muga igarota. Dublinek ez du, ordea, migratzaile horiek guztiak jasotzeko asmorik, eta, horregatik, lege proiektu bat prestatu du: neurriaren xedea da Erresuma Batutik iristen diren asilo eskatzaileak berriro ere hara itzularaztea.

Justizia ministro Helen McEnteek ondu du lege proiektua. Brexit-aren ondoren, Irlandako Errepublikako Gobernuak «herrialde seguru» izendatu zuen Erresuma Batua, eta horrek bide ematen zion Dublini asilo eskatzaileak hara bidaltzeko. Joan den martxoan, ordea, migratzaileak estatu bizilagunera bidaltzea legez kanpokotzat jo zuen Irlandako Errepublikako Auzitegi Gorenak, argudiatuta Ruandako deportazio planaren ondorioz Erresuma Batua ezin zitekeela «herrialde segurutzat» jo.

Hain justu, Gorenaren ebazpen hori bertan behera uztea du helburu lege proiektuak, eta berriro ere Erresuma Batua herrialde seguru izendatzea, hartara Irlandako Errepublikara sartzen diren asilo eskatzaileak hara bidali ahal izateko. McEnteek jakinarazi duenez, iragan martxotik aritu da lege proiektuaren zirriborroa lantzen.

Edonola ere, hein handi batean Sunakek herenegun egindako adierazpenek bultzatu dute Irlandako Errepublikako Gobernua lege proiektua ahalik eta lasterren abian jarri nahi izatera. Sky News telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Erresuma Batuko lehen ministroak esan zuen egun Irlandako Errepublikan sartzen diren «legez kanpoko migratzaile» gehienak —%80 inguru— Erresuma Batutik joaten direla hara, Ipar Irlandako muga igarota. Mugimendu horiek lorpentzat jo zituen Sunakek: «[Akordioa] Bilatutako eragina izaten ari den seinale da». Egun, ez dago migrazio kontrolik Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugan.

Sunaken hitzek nabarmen areagotu dute bi herrialdeen arteko tentsioa, eta horren adibide dira Irlandako Errepublikako gobernuburuak atzo egin zituen adierazpenak: «Herrialde honek ez du inondik inora ere onartuko lege zirrikitu bat sortzea beste gobernu baten migrazio erronkak bere gain hartzeko». Are gehiago, atzo iluntzean biltzekoak ziren Irlandako Justizia ministroa eta Erresuma Batuko Idazkari James Cleverly, baina azken horrek bertan behera utzi zuen bilera. 

Nolanahi ere, gero McEnteek bilerara deitu zuen Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako Gobernuarteko Konferentzia —Ostiral Santuko bake akordioaren harira sortu zuten, 1998an—, migrazioaren afera hizpide. Halaber, prentsaurreko bateratu batean hitz egin zuten atzo iluntzean Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harrisek eta Irlandako Atzerri ministro Micheal Martinek, eta prest agertu ziren bi herrialdeen arteko «kooperazioa eta elkarlana» bultzatzeko.

Londresen ezezko borobila

McEnteek lege proiektuaren harira, Irlandako Errepublikako asmoekin kritiko agertu zen Sunak. Dublinek onartu asmo duen lege proiektuaren inguruan galdetuta, Erresuma Batuko lehen ministroak esan zuen ez dutela «inolako interesik» Irlandako Errepublikarekin migrazioren aferan akordiorik egiteko. «Ez ditugu onartuko Irlandaren bitartez EBra [Europako Batasunera] egindako itzulketak; are gutxiago kontuan hartuta EBk ez duela onartzen Frantziatik Erresuma Batura iristen diren migratzaileak Frantziara itzultzea. Horixe ez dugula halakorik egingo».

Irlandako Errepublikarekin bakarrik ez, Sunaken arabera, Erresuma Batuak ez du EBrekin ere akordiorik egiteko asmorik. Orain, Ruandako deportazio plana «abian jartzea da lehentasuna». Gainera, Alderdi Kontserbadoreak beste afera batean dauka jarrita arreta: etzi egingo dituzte udal hauteskundeak Erresuma Batuan, eta, inkesten arabera, baliteke lehen ministroaren alderdiak 500 ordezkari galtzea.

Horregatik, Sunakek arnasa lasaiago hartu ahal izan zuen joan den astean, ez aurrera eta ez atzera hilabeteak eman ondoren parlamentuak baiezkoa eman baitzion haren proposamenari. Egun horretan bertan sinatu zuen plana Charles III.a erregeak, eta ordutik dago indarrean. Lege hori baliatuta, Londresek Ruandara deportatu ahal izango ditu herrialdera itsasoz eta paperik gabe heltzen diren migratzaileak. Gobernuaren asmoa da datorren uztailean hastea migratzaileak deportatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.