Erresuma Batuko unitate militar batek zibilak hil zituen Belfasten

IRAko ustezko kideak zaintzeaz eta hiltzeaz arduratzen zen Military Reaction Force taldea, BBC telebista katearen araberaErresuma Batuko Defentsa Ministerioak Poliziaren esku utziko du informazioa

IRAko ekintzaileak eta desarmatutako zibilak hiltzen zituen MRF unitate militarrak, armadako kide ohien esanetan.
Ion Orzaiz.
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Patrick McVeigh etxerako bidean zen, Belfasten, barrikada bat altxatzen ari zen pertsona talde bat ikusi zuenean. Protestariekin solasean hasi zen, eta handik minutu gutxira, ibilgailu bat hurreratu zitzaien. Autotik atera gabe, metrailadore batekin tiro egin zuen norbaitek. Une horretan zendu zen McVeigh, eta barrikadaren ondoan ziren beste lau lagun zaurituak suertatu ziren. 1972ko maiatzaren 12a zen. Hurrengo eguneko berripaperek Erresuma Batuko armadaren bertsio ofiziala zabaldu zuten: «Motibo argirik gabeko krimena». Orain, BBC telebista kateak jakinarazi du armadaren barruko unitate sekretu batek hil zuela McVeigh, eta bera bezala, baita beste hainbat zibil ere, IRAren kontrako gerra zikinaren testuinguruan.

BBCk atzo emandako Britain's Secret Terror Force ikerketa-erreportajearen arabera, IRAko ustezko kideak zelatatzeaz eta hiltzeaz arduratzen zen MRF Military Reaction Force (Erreakziorako Indar Militarra) izeneko taldea Belfast mendebaldean. Berrogei bat soldaduk osatu zuten unitate klandestinoa eta ehunka erasoren atzean egon litezke, «ekintzaile errepublikarrak hiltzeko lizentzia» baitzuten. MRFko zazpi kide ohirekin hitz egin du BBCk, eta horietako hiruk adierazpenak egin dituzte kameren aitzinean, modu anonimoan baina aurpegia estali gabe. «IRAri gerra egitea zen gure helburua, euren ekintzak minimizatzeko. Eta horretarako, tiro egin behar bazen, tiro egiten zen», aitortu du soldadu ohietako batek.

Kaleko jantzita egiten zituzten zaintza lanak Belfast mendebaldeko auzo katolikoan, eta behin objektiboa hautatuta, «erorarazi» egiten zuten. «Ez gintuzten hara bidali armadaren unitate baten lana egiteko, talde terrorista baten antzera jarduteko baizik. IRAko kideen atzetik ibiltzeko eta, aurkitzen genituenean, hiltzeko geunden han», azaldu du MRFko beste kide ohi batek.

Gainera, egindakoari garrantzia kendu diote soldadu ohietako batzuek: «Ez ginen hirian zehar ibiltzen nonahi tiroka, filmetan ikusten den bezala. Helburuen bila joaten ginen hara, eta aurkitzen genituenean erorarazten genituen». Militar klandestinoek ez dute inolako damurik agertzen; aitzitik, euren misioaren balioa ez dela behar bezala ezagutu uste dute gehienek: «Bizitza asko salbatu genituen. Muturreko terroristen ehizan ari ginen. Bi aldiz pentsatu gabe hil zaitzaketen pertsona arriskutsuak. Haiek ez zuten euren biktimekiko errukirik. Bada, guk ere ez». MRFk hildakoetako asko, ordea, ez ziren IRAko kideak. Desarmatutako zibilak ziren. Horiek ere «noizbehinka» hil zituztela aitortu dute soldadu ohiek, baina ez dute datu zehatzik eman nahi izan, euren «arma-lagunak» delitu horietan ez inplikatzeko.

BBCren dokumentalaren une batean, armarik ikusi ez arren pertsona bati tiro egiteko agindua eman ote zieten galdetu dio kazetariak militar ohi bati. «Batzuetan», erantzun dio soldadu erretiratuak. Kazetariak, hori operazio militar baten ordez erailketa bat ez ote den. Erantzuna: «Niretzat, ez».

Zibilen kontrako bost eraso egotzi dizkio BBC kateak MRF unitate militarrari. Bostak 1972an gertatuak: John eta Gerry Conway anaiak zauritu zituena, apirilean; Patrick McVeighen hilketa eta Eugene Devlinen kontrako tiroketa, maiatzean; lau lagun zauritu zituen erasoa, ekainean; eta Daniel Rooneyren erailketa, irailean. Hala ere, hilketak askoz gehiago izan litezkeela uste dute erreportajearen egileek. Ipar Irlandan, 10.600 tiroketa gertatu ziren 1972 urtean bakarrik, eta ezinezkoa da, ikerlarien arabera, horietan guztietan MRFk izan zuen erantzukizuna zehaztea. Bake prozesuaren barruan, argitu gabeko 3.000 hilketa baino gehiago ari da aztertzen Ikerketa Historikoetako Taldea.

Militarren «adorea»

Orain azaleratutako informazio guztia kontuan izanik, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren aurkako salaketa aurkez dezakeela adierazi du McVeighen alabak: «Harrituta nago, atsekabetuta, haserre, ustez babestu behar gintuzten segurtasun indarrek nire aita hil eta beste lau gizon zauritu zituztelako».

Ministerio horretako bozeramaile baten esanetan, Poliziaren esku utziko du BBCren informazioa, ikerketa abiarazi dezan: «Indar armatuek legearen arabera egiten dute lan eta Defentsa Ministerioak zabalik diren ikerketa guztiekin kolaboratzen du». Ipar Irlandara igorritako soldaduak zigor kodearen pean daudela eta tiro egiteko baimena «oso baldintza zehatzetan» ematen dela azpimarratu du bozeramaileak. «Ipar Irlandako Poliziak erabaki beharko du ikerketa egitea beharrezkoa den ala ez».

MRFrekin zerikusirik ez duela adierazi du, bestalde, Erresuma Batuko armadako buruzagi ohi Mike Jackson jeneralak. Taldeari buruz «ezer gutxi» dakiela esan du, baina onartu du «adore» hori izan zuten soldaduak «miresten» dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.