Europako Batasuneko ordezkariak Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitate (Celac) ordezkariekin batzartu ziren asteartean Bruselan. Goi bilkura horren ostean adierazpen bat plazaratu zuten, eta, horretan «Falkland uharteak/Malvinak» izena erabili zuten. Argentinarrek erabiltzen duten izena sartu izanak haserrea piztu du Londresen.
The Guardian egunkariak gaur argitaratu duenez, Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek Europako Batasuna kritikatu du «hitz aukeraketa penagarriarengatik». Haren eledun batek adierazi duenez, «lehen ministroaren arabera, erabat onartezina litzateke EBk zalantzan jartzea Falkland uharteko biztanleek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea». Londresek argudiatu duenez, «Falkland uhartean britainiarrak dira, hala hautatu zutelako irletako biztanleek eurek».
Edonola ere, eledunak gaineratu du Bruselari eskatu diotela jarrera argitzeko, eta EBk adierazi diela uharteon inguruan duten jarrera ofiziala ez dela aldatu. Argentinako Atzerri ministerioak Bruselako adierazpena txalotu zuen asteartean, «aurrerapen diplomatiko esanguratsua» delakoan. «Historian lehen aldiz», idatzi zuen Buenos Airesek «EBk Latinoamerikaren eta Karibearen jarrera aintzat hartu du».
Edonola ere, onarturiko adierazpenean EBk Celacen jarreraz «oharra hartu» duela adierazten dute, ez besterik: «Falkland/Malvinen gaineko subiranotasunaren inguruan, Europako Batasunak oharra hartu du Celacen jarrera historikoaz, elkarrizketan eta gatazka bide baketsutik konpontzeko nazioarteko zuzenbidean oinarrituta».
Iaz bete ziren 40 urte Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko gerra hasi zela. Argentinako armadak 1982ko otsailean hartu zituen Atlantikoko irlak, eta uhartedia berreskuratzeko bonbardaketak maiatzean hasi zituzten britainiarrek. 74 egunen ostean, argentinarrek amore eman zuten. 900 bat pertsona hil ziren gerran, horietako 649 Argentinako militarrak. Porrotak azkena eman zion Argentinako diktadurari, eta gerraren zauriak zabalik daude oraindik Hego Amerikako herrialdean.
Erreferenduma egin zuen Malvinetako Gobernuak 2013. urtean. Horretan, uharteko 1.500 bozkatzaileen %92k bozkatu zuen, eta %99,8k adierazi zuten Erresuma Batuaren barruan jarraitu nahi zutela. Argentinak argudiatu zuenez, «biztanleak britainiarrak dira, baina uharteak Argentinakoak».