Erresuma Batuko Gorenak legez kanpokotzat jo du asilo eskatzaileak Ruandara deportatzea

Auzitegiak iritzi dio Ruanda ez dela herrialde segurua asilo eskatzaileentzat. Migrazio plana indarrean jartzeko lanean jarraituko dutela esan du Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak.

Migrazio planaren aurka egindako elkarretaratze bat, Auzitegi Gorenaren kanpoan, Londresen, gaur. NEIL HALL / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 15a
14:15
Entzun

Asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko migrazio plana legez kanpokoa dela ebatzi du gaur Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, argudiatuta han migratzaileen segurtasuna ez litzatekeela bermatua egongo. Iazko apirilean adostu zuten akordioa Ruandako presidente Paul Kagamek eta Erresuma Batuko orduko lehen ministro Boris Johnsonek (2019-2022), eta helburutzat du Mantxako kanala gurutzatzen duten asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten Erresuma Batuan beharrean.

Auzitegi Gorena UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako frogetan oinarritu da erabakia hartzeko, eta, horien arabera, ezin da bermatu Ruanda asilo eskatzaileentzat herrialde segurua denik. Goreneko presidente Robert Reedek horren adibidetzat jarri du Israelek eta Ruandak 2013. eta 2018. urteen artean indarrean jarritako migrazio plana. «Asilo eskatzaileak Ruandara bidali zituen Israelek, baina horiek euren jatorrizko herrialdeetara bidali zituen Ruandako Gobernuak».

Erabakia txalotu dute gobernuz kanpoko zenbait erakundek, hala nola AI Amnesty Internationalek. «Ebazpena funtsezkoa da herrialdera iristen diren asilo eskatzaileak babesteko. Gobernuaren plana oso krudela da, eta bada garaia asmo hori behin betiko bertan behera uzteko», esan du AIk.

Downing Streetek, berriz, migrazio planarekin zer egin erabaki beharko du orain. Barne ministro James Cleverlyk agerraldia egin du Gorenak ebazpena eman ondoren, eta, esan duenez, akordioa hitzarmen estatusera aldatu, eta Erresuma Batuko barne lege batzuk erreformatuko dituzte asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko asmoari eutsi ahal izateko.

Beste irtenbide batel oihartzun handiagoa izan du, ordea. Erresuma Batua Giza Eskubideen Europako Hitzarmenetik irtetearen alde agertu dira alderdiko diputatu kontserbadoreenak, iritzita horrela errazagoa litzatekeela migrazio planarekin aurrera egitea.

Edonola ere, aukera horri ere ateak itxi dizkio Gorenak. «[Erresuma Batuko] Giza Eskubideen Legeak eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ez ezik, asilo eskatzaileen eskubideak babesten dituzte 1993ko Legeak, 2002ko Legeak, 2004ko Legeak eta Errefuxiatuen Konbentzioak ere». Eta horiei guztiei jarraitzeko betebeharra du Erresuma Batuko Gobernuak.

Halere, lehen ministro Rishi Sunakek argi utzi du «edozer egiteko prest» daudela migrazio plana indarrean jartzeko. «Legez kanpoko migrazioak bizitzak suntsitzen ditu, eta urtean milioika libera kostatzen zaie Erresuma Batuko zergadunei», esan du.

Ebazpena ez da Sunaken agintaldiaren unerik gozoenean iritsi. Lehen ministroak orain arte Barne ministro izandako Suella Braverman kendu zuen kargutik herenegun, Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazioetan Londresko Poliziak izandako jarreraren inguruan egindako iruzkinen harira.

Bada, atzo, hiru orriko gutun bat argitaratu zuen Bravermanek, Sunaken politikak kritikatzeko. Migrazio planaren inguruan, hauxe dio testuan: «Norbaitek zintzoa izan behar du: zure planak ez du funtzionatzen». Braverman da, hain justu, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenetik irtetearen alde lerratu direnetako bat.

Urte eta erdiko ibilbidea

Hau ez da auzitegi batek migrazio plana bertan behera uzten duen lehen aldia. Asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko lehen hegazkina 2022ko ekainean zen ateratzekoa, baina bertan behera utzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak —ez da Europako Batasunaren erakunde bat—. Joan den ekainean, berriz, plana legez kanpokoa dela ebatzi zuen Londresko Apelazio Auzitegiak.

Bi auzitegiek argudiatu zuten Ruanda ezin dela herrialde segurutzat hartu asilo eskatzaileentzat, eta hango asilo sistema aldatu beharko litzatekeela migrazio plana aurrera eramateko. Akordioaren bi sinatzaileek, Erresuma Batuak eta Ruandak, birritan ukatu dituzte akusazio horiek, eta ziurtatu nahi izan dute «babestuta eta inolako arriskurik gabe» egongo liratekeela Afrikara bidaliko lituzketen migratzaile guztiak.

Edonola ere, horixe da Erresuma Batuko gobernuz kanpoko erakundeek, Eliza anglikanoak eta oposizioak adierazi duten kezka nagusia. Eta Ruandako asilo sistema bakarrik ez, Erresuma Batukoa ere hobetu beharko litzatekeela uste dute.

Azken datuen arabera, urtarriletik hona 26.700 migratzailetik gora iritsi dira Erresuma Batura Mantxako kanalaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.