Erresuma Batuko Gobernuak Assange estraditatzea onartu du

Priti Patel Barne ministroak baiezkoa eman dio kazetaria AEBetara bidaltzeari. Wikileaksen ustez, atzokoa «egun ilun bat da Britainia Handiko demokraziarentzat eta prentsa askatasunarentzat»

Julian Assange kazetaria, artxiboko irudi batean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroak baiezkoa eman dio Julian Assange kazetaria estraditatzeari. Barne Ministerioak atzo ohar batean argudiatu zuenez, Assange AEB Ameriketako Estatu Batuetara bidaltzea ez litzateke «bateraezina giza eskubideekin», eta herrialde horretan «modu egokian tratatuko» lukete. Kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete espioitza eta intrusio informatikoagatik.

Westminsterko Magistratuen Auzitegiak iragan apirilean igorri zion Pateli estradizio agindua, eta Barne ministroaren esku zegoen baiezkoa ematea ala blokeatzea. Orain, Assangek bi asteko epea du helegite bat aurkezteko, eta Wikileaksek hori egingo dutela baieztatu zuen atzo, betiere Auzitegi Gorenak baimena ematen badu —azken aukera Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea litzateke.

Atariak berehala erantzun zuen, eta ohar baten bidez adierazi zuen atzokoa «egun ilun bat» izan dela «Britainia Handiko demokraziarentzat eta prentsa askatasunarentzat». Halere, ohartarazi zuen ez dela «borrokaren amaiera» izango: «Beste bataila legal baten hasiera besterik ez da».

Assange 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen, Ekuadorren enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan zen, eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Lenin Moreno garai hartako Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik; gerora, kartzela zigorra ezarri zioten.

AEBetako akusazioaren arabera, kazetariak Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen hark herrialde horretako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin du halakorik, eta esan du Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Washingtoni, berriz, leporatzen diote auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek argitara atera zituelako militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.