Erresuma Batuko Barne ministroaren esku geratu da Assangeren estradizioa

Kazetaria AEBetara bidaltzeko agindua helarazi dio justiziak gobernuari. 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete espioitza eta intrusio informatikoagatik. Defentsak esan du helegitea jarriko duela

Assangeren estradizioaren kontrako afixa bat, iragan martxoko argazki batean. DAVID CLIFF/ EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Westminsterko Magistratuen Auzitegiak Julian Assange Wikileaksen sortzailea AEBetara estraditatzeko agindua igorri zion atzo herrialde horretako gobernuari. Paul Goldspring Westminsterko magistratuen gorteko epaileak bidali zion agindua Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroari, zeinak bi hilabeteko epea edukiko duen —luza daitekeena— epailearen estradizioa onartzen duen ala ez erabakitzeko. Assangeri 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete espioitza eta intrusio informatikoagatik.

Auzi horretako bi aldeek —Assangek eta AEBetako justiziak—helegitea aurkezteko aukera dute orain, betiere, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak baimena ematen badu. Assangeren defentsak jakinarazi zuen epailearen erabakiaren aurka egingo duela datozen lau asteetan, maiatzaren 18an bukatzen baita argudioak aurkezteko epea.

Assangek bideokonferentzia bitartez entzun zuen atzo Westminsterko magistratuen audientzia, Belmarshko segurtasun handiko espetxean zegoela (Londres); Wikileaksen sortzailea prebentziozko espetxealdian egongo da prozesuak iraun bitartean. Kartzelan dago 2019az geroztik, Ekuadorko enbaxadatik atera zutenetik —zazpi urte egin zituen han, gobernuak babestuta—.

Assangeren abokatu Mark Summersek aurreratu zuen Barne Ministerioaren aurrean alegazio orri bat aurkeztuko duela, batez ere espetxe baldintzetan oinarrituta. Horren harira, Sumersek gaineratu zuen ministerioari «munta handiko alegazioak» egingo dizkiotela AEBetako epaiketa zigorrei eta baldintzei buruz. Legezko bide guztiak agortzeko asmoa agertu zuen Sumerrek, azken instantzian prozesua geldiarazten saiatzeko.

Herrialdeko araudiaren arabera, Patelek estradizioa debekatu ahalko du soilik 2003ko Estradizioaren Legeak babestutako kasu espezifikoetan. Betiere, herrialde salatzailearekin —AEBekin— egindako akordioen arabera; horrez gain, kazetariaren defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea jartzeko aukera ere izango du.

Assangeren aurkako auziak nazioarteko erakundeen eta agintarien kritikak izan ditu, eta askok «arriskutsutzat» jo zituzten Londresko erabakiak prentsa askatasunean izan ditzakeen aurrekariak. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagi ohiak babesa ekaini zion Assangeri Westminsterko auzitegiaren kanpoan. «Espero dut Barne Ministerioak onartzea kasu honek adierazpen askatasunaren alde duen erantzukizuna», ohartarazi zuen.

Horrez gain, Assangek egindako lana goraipatu zuen: «Irakeko eta Afganistango gerren izugarrikeriak zabaldu besterik ez du egin, eta eskerrak eman beharko genizkioke horregatik».

Nazioarteko erakundeek ere beren kezkak azaleratu zituzten. Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak eskatu zion Barne Ministerioari «kazetaritzaren interesen eta prentsa askatasunaren alde egiteko, estradizioari uko eginez, eta Assange berehala aske utziz». AI Amnesty International GKEak adierazi zuen Assange estraditatzeak aurrekari «arriskutsua» sortuko lukeela prentsaren adierazpen askatasunean.

Human Rights Watch GKEak ere salatu zuen Assangeren kasua adierazpen askatasunari «irain» egitea dela, eta AEBetako administrazioari eskatu zion Assangeren aurkako «karguak kentzeko». Dozenaka manifestarik ere babesa helarazi zioten Assangeri, Westminsterko auzitegiaren kanpoan.

Gorenaren erabakitik

Iragan hilabetean, herrialdeko Auzitegi Gorenak bide eman zion Assangeren estradizioari, kazetariak aurkeztutako helegitea atzera bota ondoren. Helegite horren bidez, Assangek estradizioa galarazi nahi zuen, baina Gorenak Vanessa Baraitser lehen instantziako epaileari esan zion gobernuari bidaltzeko estradizio agindua.

2021eko urtarrilaren 21ean, Baraitserrek Assange ez estraditatzea erabaki zuen, AEBek ezin baitzuten bermatu kazetariak bere buruaz beste egingo ez zuenik. AEBetako fiskaltzak argudio horren kontra egin zuen, azalduta Assangek ez duela aurrekaririk bere buruaz beste egiten saiatzeagatik. Horrez gain, «zainketa klinikoak eta psikologikoak» jasoko zituela gaineratu zuen fiskaltzak, eta argudiatu zuen ez diotela ezarriko bakartze neurri berezirik segurtasun handiko espetxe batean.

AEBek eskatu dute kazetaria hemezortzi deliturengatik auzipetzeko —espioitza eta intrusio informatikoaren lege bat urratzea barne—; defentsaren arabera, horrek 175 urteko kartzela zigorra ekar dezake herrialde horretan. Assangeri Wikileaksen argitaratu zituen edukiengatik leporatzen dizkiote delitu horiek.

Hain justu, atari horretan, 2010ean eta 2011n, AEBetako armadak Guantanamoko atxilotze zentroan (Kuba) egindako gehiegikeriak erakutsi zituen, baita Irakeko eta Afganistango ustezko gerra krimenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.