Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak gaur erabaki du emakumea juridikoki nola definitu behar den, eta, horrenbertzez, transexualek legalki zer trataera izan behar duten. Patrick Hodge Erresuma Batuko Auzitegi Goreneko epaileak iragarri duenez, Berdintasun Legea sexu biologikoan oinarritzen da, eta, beraz, transexualak ez dira sartzen emakumearen definizioaren barrenean. Dena den, adierazi du lege horrek transexualak diskriminaziotik «babestuko» dituela hemendik aitzinera ere.
Hodgek gaurko epaian azaldu duenez, lege erreformak ez die babesik kenduko transexualei: «2010eko Berdintasun Legeak babesa ematen die pertsona transexualei, ez bakarrik sexu aldaketaren ondoriozko diskriminazioaren aurka, baita diskriminazio zuzenaren, zeharkakoaren eta jazarpenen kontra ere». Bide batez, gehitu du Berdintasun Legearen aitzineko araudietan ere «sexu biologiko» definizioa erabiltzen zela, eta sexu aitortzako ziurtagiriarena «ondotik» etorritako kontua dela, «ezaugarri independente gisa».
Ez da gaurko kontua Berdintasun Legeak transexualak barne hartzen dituen edo ez auzitan jartzea; izan ere, 2018an Eskoziako Parlamentuak sektore publikoko kontseiluetan genero oreka bermatzeko lege proiektu bat onartu zuen, eta eztabaida piztu zen. For Women Scotland mugimenduak gobernuaren aurka egin zuen, eta adierazi transexualek neurri horren eraginpetik kanpo egon behar zutela. Are gehiago, taldea sortu zutenetik, genero erreforma «borroka eremu politiko bat» bilakatua dela uste dute mugimenduko kideek; Eskozian, bereziki.
Eskoziako Gobernuak erraten du sexu aitortzako ziurtagiria duten transgeneroek eskubidea dutela sexuan oinarritutako babesak baliatzeko; For Women Scotland taldeak, berriz, argudiatzen du emakume jaio direnei soilik aplikatu behar zaizkiela Berdintasun Legea eta sexuari buruzko gainerako legeak.
Hodgek azaldu duenez, «xehe aztertu» du legea, eta erabaki sexu aitortzako ziurtagiria duten pertsonak emakumetzat jotzea Berdintasun Legea «modu inkoherentean» erabiltzea dela, edo horretarako bidea eman dezakeela, behintzat. Haren erranetan, Berdintasun Legeak haurdunaldiari eta amatasunari buruzko hainbat kontu biltzen ditu, eta hori «sexu biologikoari» dagokio.
Hainbat arrazoi eman ditu Hodgek erabakia justifikatzeko. Batetik, azaldu du Berdintasun Legeak tresnak ezartzen dituela sexu arrazoiengatik eta sexua aldatzeagatik egiten den diskriminazioaren kontra, eta, beraz, emakume gisa ez definituta ere, transexualek babesa jasoko dutela. Bertzetik, azpimarratu du Berdintasun Legea modu «argian eta koherentean» bete behar dela, eta sexua «ziurtagiridun sexu» gisa interpretatzeak «talde heterogeneoak» sortu ditzakeela.
Zalantzak eta erantzunak
Erresuma Batuko hedabideek kaleratu dutenez, gaurtik aitzinera transexualek ezinen dituzte erabili soilik emakumeentzat diren eremuak —komunak, adibidez—. Erabakiak hainbat zalantza sortu ditu; bertzeak bertze, legea nola aplikatuko ote den transexualek diskriminazioak jasaten dituztenean.
Epaileek hartutako erabakiarekin desados, erantzuten hasi dira zenbait eragile. Erresuma Batuko Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeak «etsigarritzat» jo du Auzitegi Gorenaren ebazpena, eta argitu du epai «luzea eta konplexua» denez denbora beharko dutela ondorioak «osoki» aztertzeko. «Legezko sexu aitortza ezinbertzekoa da transexualek gutako bakoitzak dituen eskubide berak izan ditzaten: segurtasuna, osasuna eta familia bizitza, kasurako», salatu du erakundeak.
Scottish Trans elkarteak «ez izutzeko» eskatu die kaltetuei, eta jakinarazi du ahal bezain laster emanen dituztela berri gehiago. «Litekeena da batzuek nahita gainbaloratzea erabaki horrek transexual guztien bizitzan izanen duen eragina. Mesedez, zaindu zeuen burua eta zaindu elkar».
Bertzalde, Russell Findlay Eskoziako buruzagi kontserbadoreak erran du Auzitegi Gorenaren epaia Erresuma Batu osoko emakumeen garaipen bat dela, eta erabakia «zentzu komunaren» araberakoa dela.
2010ekoa da Auzitegi Gorenak berrikusi duen legea, eta Erresuma Batuan aplikatzen da; hainbat diskriminazioren aurkako babesa eskaintzen du, bertzeak bertze. Auzia hainbat epaitegitan izan da Eskozian, eta, azkenerako, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenera bidali dute, han ebazteko. Hodgek, hortaz, transexualak Berdintasun Legetik kanpo uztearekin batera, itxi egin du auzia.
2022ko abenduan, Eskoziako Parlamentuak sexua aitortzeko lege proiektua onartu zuen —aldeko 86 boto eta kontrako 39 bilduta—, eta horrek arindu egin zuen Eskozian sexu aldaketa legala egiteko prozesua. Dena dela, Erresuma Batuko Gobernuak blokeatu egin zuen prozesua, argudiatuta egindako aldaketek eragina zutela Erresuma Batuko berdintasun lege guztietan. Edinburgoko Saio Auzitegira iritsi zen kasua, eta, azkenik, Eskoziako Gobernuak gibelera bota zuen betoaren aurka jarritako helegitea.