«Erresistentziako borrokalariek ere maite dute bizitza»

New Askarreko palestinarrek eta Zisjordania okupatuko gainerako esparru inprobisatuetan bizi direnek 75 urte daramatzate errefuxiatu gisa. Herritarrek salatzen dute Israelgo agintariek eta soldaduek baimena dutela zibil errugabeak hiltzeko.

Fuad, Mohamed eta Saleh, New Askarreko lokal baten kanpoan (Zisjordania). Haurrentzako aktibitateak antolatzen dituzte han. JOAN CABASES VEGA
Fuad, Mohamed eta Saleh, New Askarreko lokal baten kanpoan (Zisjordania). Haurrentzako aktibitateak antolatzen dituzte han. JOAN CABASES VEGA
Nablus
2024ko martxoaren 16a
05:10
Entzun

«Zoriontsu izaten saiatzen gara, baina Zisjordanian bizitzea ez da bizitzea». Fuadek esandakoa aitorpen bat da ia. Nablus hirian bizi da, New Askar errefuxiatu palestinarren esparruan (Zisjordania), eta ingurukoek asko maite dute. Eta, hain zuzen ere, New Askarreko haurrei zoriontasun pixka bat ematen saiatzen delako maite dute hainbeste. «Bestelako errealitate bat osatzen saiatzen gara haientzat, eta inguruan duten guztitik aldentzen», esan du 35 urte inguruko gizon horrek.

Fuad bera eta beste gazte batzuk lokal batean ibiltzen dira New Askarreko haurrak entretenitu nahian, eta hantxe eman ditu azalpen horiek; denetariko ekintzak egiten dituzte han, umeek tarteka haurtzaro duin baten antzeko momentuak izan ditzaten. Baina erronka ez da makala. «Haurrek eguneko 24 orduak ematen dituzte albisteak ikusten eta indarkeria jasaten», azaldu du Fuadek. «Israelgo tropek hartuak dituzte haien kaleak, etxean sartzen zaizkie, tratu txarrak ematen dizkiete haien aitona-amonei».

New Askarreko palestinarrek eta Zisjordania okupatuko gainerako esparru inprobisatuetan bizi direnek 75 urte daramatzate errefuxiatu gisa, Israelgo estatu berria sortu zenean haien familiak bortizki kanporatu zituztenetik Haifa eta Lod hirietatik, besteak beste. «Israeldarrak hona etorri eta eskubideak kendu zizkiguten», azaldu du Fuadek. Ez zaio gustatzen gatazka gerratzat jotzea: «Hemen ez dira bi armada ari elkarren aurka borrokan».

«Zoriontsu izaten saiatzen gara, baina Zisjordanian bizitzea ez da bizitzea».

FUADErrefuxiatu palestinarra

Garbi adierazi du New Askarreko jendeak gaizki pasatzen duela: «Immigranteak gara. Ez digute uzten gure herrietara bueltatzen. Egunerokoa dugu sufrimendua». Horregatik guztiagatik, ulertzen du New Askarren bizi diren batzuk matxinatzea. Are, baieztatu duenez, «palestinarren beste belaunaldi bat etorriko da eta bat egingo du erresistentzia armatuarekin». Baina ez ditu epaituko: «Erresistentziako borrokalariek ere maite dute bizitza».

Jeningo iheslari esparruarekin batera, Nablusko esparrua eta hango gune historikoa dira talde armatu palestinarren belaunaldi berriaren gotorlekuak. Miliziak horiek diotenez, Zisjordaniako herriak babestu egiten dituzte Israelgo tropen eraso militarretatik. Askotan, milizia horiekin bat egiten duten gazteek ez daukate etorkizunik, eta Israelgo militarrek senideak hil dizkiete.

Amnesty Internationalek otsailean argitaratutako ikerketa baten arabera, Israelgo armadak 507 palestinar hil zituen gutxienez Zisjordanian iaz. Horietatik 81 haurrak ziren. Badirudi nazioarteko erakunde horrek berretsi egin duela palestinarrek urteetan salatu izan dutena: Israelgo agintariek eta soldaduek, pertsona jakin batzuek, baimena dute zibil errugabeak hiltzeko, ondoriorik jasan gabe.

Beldurrezko erregimen bat

Heriotzez harago, Israelgo armadak beldurrezko erregimen bat inposatzen du Zisjordania okupatuan, eta hango herritarrak duintasunik eta eskubiderik gabe uzten. Ohikoa da umiliatzea, hornikuntza eta oinarrizko zerbitzuak kentzea, eta joan-etorriak blokeatzea. Nablus inguruan, Israelgo soldaduek metalezko hesi batzuk jarri dituzte, zenbait auzotako biztanleak kanpora irten ez daitezen.

Nablusko biztanle asko, dena den, aurretik ere saiatzen ziren bizitokitik ez irteten, zer ondorio izango ote zuen beldurrez. «Urriaren 7tik ez gara irten hiritik. Inor ez da irteten», azaldu dute Mohamedek eta Salehek; 22 urte dituzte biek, eta New Askarren bizi dira. «Beldur gara kolonoek, sarbideetan ezkutatuta, ez ote diguten eraso egingo».

Saleh doluan dago. Haren lagunik onena, Malek —New Askarren bizi izandakoa hura ere—, orain dela egun batzuk hil zen, Israelgo armadaren munizioak jota. «Bizkarretik egin zioten tiro», esan du Salehk, hala izan zela frogatzen duen bideo bat erakutsiz. Bai Salehk eta bai prentsa arabiarrak baieztatu dutenez, Malek gazteari tiro egin zioten hark tropei harriak jaurti ondoren; tropak 1967an eraikitako errefuxiatu esparru horretako kale txikietan barrena zebiltzan.

«Hemen denok gaude jopuntuan. Begira, kalean topo egiten dugun edozeinek badu senideren bat espetxean, edo martiria».

SALEHNablusko biztanlea

«Maleki gertatutakoa edonori gerta zekiokeen, jakina», deitoratu du Salehek, sorbaldak altxatuz. «Hemen denok gaude jopuntuan. Begira, kalean topo egiten dugun edozeinek badu senideren bat espetxean, edo martiria». Arabiar munduan, martiri terminoa erabiltzen dute bake garaian gertatuko ez zen heriotza izendatzeko. Salehk atsekabeturik errepikatu du bere lagunik onena zuela Malek. «Baina orain Malek-ik ez dago».

Okupazioaren aurkako talde israeldarrak eta palestinarrak bat datoz zerbaitetan: 2002an Bigarren Intifadan izandako borrokekin baino ezin da parekatu aste hauetan Zisjordanian gertatzen ari dena. Okupazio militarrak lurralde horretako biztanleei eragiten dien minaren ondorioz, gizarte zibil palestinarrak pentsatzen du okupazioaren aurkako erresistentzia moduko baten parte dela.

Mohamedek eta Salehk, New Askarreko errefuxiatu esparruan hazitako gazteak biak ere, baieztatu dute armak hartzea bakoitzaren erabaki pertsonala dela. Baina gaineratu dute Palestinako biztanle gehienek ulertzen dutela gazte batzuek zergatik erabaki duten borroka armatuaren alde egitea. Honela azaldu du Mohamedek: «Gu ez gara talde armatu bateko kide, baina Salehk eta biok Erizaintza ikastea erabaki genuen, okupazioaren biktimei lagundu nahian», ondorioztatu du. New Askar errefuxiatu esparruko kalezulo batean kontatu du, Israelgo soldaduen aurkako borroketan hildako gazte errefuxiatuen aurpegiak dituzten kartelak inguruan dituela. «Gu ere erresistentziaren parte gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.