Uso zuri baten kartela sorbalda gainean, Iruñeko Europa plazara gerturatu da Ander Garralda gaztea, Golem zinemen ondora. «Israelek palestinarren giza eskubideak errespetatu behar ditu». Garraldarekin batera, milaka pertsona bertaratu dira Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak deituriko manifestaziora, Gelditu dezagun genozidioa Palestinan lelopean. 12.000 pertsona izan dira Antoniutti plazan amaitu den manifestaldian, antolatzaileen arabera, eta 8.000, Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera.
Manifestazioaren gidariak joaldunak izan dira, haien zintzarriekin Iruñeko Baiona etorbidean murgildu baita jendea. Joaldunen atzetik, Palestinako bi bandera eta pankarta, emakume talde batek helduta. Lidon Soriano Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako bozeramaileak esan duenez, manifestazioaren helburua Palestinaren kontrako genozidioa salatzea eta nazioarteko zuzenbidea betetzea exijitzea da: «Hemen gaude Israelek egindako genozidioaren eta 75 urteko garbiketa etnikoaren amaiera exijitzeko. Nazioarteko zuzenbidea betetzea eta herrialdeek Israelekin duten harreman diplomatikoak haustea eskatzen dugu». Bilbon ere elkartu dira Palestinari elkartasuna erakusteko: Gora Palestinar erresistentzia, sionismoa genozida lelopean bildu dira Arriaga plazan.
Elkartasunaren hegoak
Israelek hildako pertsonen argazkiak eta datuak erakutsi dituzte manifestazioan: «226 osasun langile hil dituzte, 55 anbulantzia suntsitu, eta Israelek ia 30.000 pertsona hil ditu hiru hilabete baino gutxiagoan», besteak beste. Zapi palestinarra lepoan jarririk, gogoz astindu dituzte Palestinako banderak, eta ozenki oihukatu: «Palestina askatu». «Plataforma hau sortu da, hain zuzen ere, Nafarroaren eta Palestinaren artean dagoen babes sare hori sendoagoa izan dadin», azaldu du Sorianok. Plataforma sortu zenetik, 1.000 atxikimendu indibidual baino gehiago lortu dituzte, 150 erakunde eta alderdi politikok emanak.
Joaldunen zintzarriak isilik geratu dira Iruñeko Antoniutti plazara iritsi bezain pronto. Plazan jarritako agertokiko pantaila handi batean, manifestaldiko karteletan idatzita zeuden datuak agertu dira, izen eta abizenak dituzten datuak. Isil-isilik geratu da plaza, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek mikrofonoa hartu arte: «Palestinako herriari bakarrik ez dagoela oihukatzen diogu, Nafarroa haiekin dagoela eta borrokatzen jarraituko dugula. Elkarrekin sionismo kriminala garaituko dugula» , esan dute plataformako kideek. Iruñeko kaleetan oihuka aritu dira Laura eta Bea Txibite ahizpak, egoera salatzeko asmoz: «Palestinan orain gertatzen ari dena izugarria iruditzen zait; Israelek erakusten duen gizatasun faltak beldurtzen nau», esan zuen Laura Txibitek.
Antolatzaileek, manifestaldira gerturatu direnei eskerrak eman ostean, azken mesedea eskatu diete: Dabkeh Palestinako erresistentzia dantza elkarrekin dantzatzea. Horretarako, bakoitzak zapi zuri bat hartzea eta musikarekin batera horri bueltak ematea eskatu dute. Eskuak azkar altxatu dituzte batzuek; besteek motelago, poltsikoetan dantza sinboliko hura egiteko beharrezkoa den zapi zuriaren bila. Jendeak zapiak zerura altxatu ditu, antolatzaileek honela zioten bitartean: «Erresistentzia eta dantza elkarrekin egiten dugu».