Calaisko errefuxiatuen kanpalekuaren ondotik, Notre-Dame-des-Landes herriko (Bretainia) ZAD Babestu Beharreko Gunea hustuko al du Frantziako Poliziak? Gobernua aireportu bat eraikitzekoa da zonalde horrretan, baina ekintzaileek gunea okupatua dute proiektu erraldoi horrek ingurugiroa kaltetu ez dezan. Baina auzitegiek bizkarra eman diete: Naonedeko Kasazio Auzitegiak lanak hasteko baimena eman zuen atzo. Ekologistek bi hilabete dituzte Estatu Kontseiluan helegitea jartzeko. Haatik, helegitea aurkezteak ez du proiektua behin-behinean geldiaraziko.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak esana du gobernuak udazken honetan «eremuz eremu eta gelditu gabe» hustuko duela ZAD, «estatuaren aginpidea eta herriaren hitza errespetarazteko». Operazio «luze eta konplikatua» dakusa, eta, badirudi, lanak hasteko, ZAD osoaren birjabetzean baino gehiago, «lursail batzuen segurtatze progresiboan» datzala metodoa; 3.000 jendarme beharko direla jakinarazi du. Halako operazioak eragingo lituzkeen gatazkei buruz, Vallsek erran du zadistek «drama baten baldintzak sortu» nahi dituztela, «biktimekin eta martiriekin».
ZAD eremuan, mehatxua serioski hartu dute, eta azken hilabeteak estrategia zehazten eta prestaketa praktikoetan pasatu dituzte, Polizia edo hondeamakinak agertuz gero dozenaka mila lagun azkar mobilizatuko direla sinetsirik, lekuan bertan eta Frantzia osoan. Geriza eta babes sistema berri ugari ikus daitezke etxaldeen sarrera eta errepide bazterretan: metalezko hesiak, zaintza dorreak, pneumatikozko barrikadak... Berehalako erasoaren zurrumurrua ohikoa izaki, zelatari txandak egiten dituzte «puntu estrategikoetan» eta akidura nabari da solasaldietan, ikuspuntu eta sentiberatasun desberdinen kudeaketa korapilatsuan.
Perspektiba berriak
«Ekintzak berak baino gehiago beldurtzen gaitu mehatxuak», dio La Noe Verte kontserbategi okupatuko Sergek. ZADeko eta inguruko herrietako ekoizpenak kontserbetan jartzeari utzi, eta defentsa jardueretan murgildu dira etxeko kide guztiak. «Zaila da gobernuaren kakofonia ulertzea, 2017ko hauteskundeei begira ari dira bakoitza bereari tiraka, eta, behin eta berriz, ez dute atzeman gurekikoak bukatzeko aterabide egokirik». 2012ko Cesar lehen Polizia operazioaren ostean, zehaztu du lau urtez «bake erlatiboan» bizi izan direla, «ZAD gobernuaren arantza iraunkor» bilakaraziz. «Orain arte, Estatuaren eta Vinci enpresaren jokaldiei tamainako erantzuna eman diegu, prozedura juridikoetan, ekaineko sasi galdeketaren ondoren, edo joan den urriaren 8an kanporaketa iragarpenari ezetz errateko antolatu elkarretaratze handian».
La Rollandiere etxalde okupatuko kidea da John. Haren aburuz, 2012ko operaziotik landa baldintzak arrunt aldatu dira: «Beroan bero eta sostengu batzorderik gabe altxatu zen orduan jendea, gaur ez bezala. Tokiko laborarien eta okupen arteko harremanak sendotu dira, eta kanpoko jende ugarik ezagutzen du eremua, ikuspen askoz handiagoa daukagu». Sei formazio asteburu egin dituzte ZAD defenditzeko prest ? lelopean, eta 600 lagun inguru bildu. Erresistentzia sortzailea, alde legal eta juridikoak, orientazio lasterraldiak landu dituzte, besteak beste. «Indartsu izateko, borrokaren ardatz garrantzitsua da pedagogia. Jendea prest dago, gogotsu eta, oroz gainetik, konfiantzarekin. Elkar zainketa eta laguntasuna garatzeko bikoteen osaketan oinarritu gara, iraganean gertatu esperientzia ezkorrak ez errepikatzearren». Ingalaterrako ekologismo erradikalean trebatu gizonak argi du hau ez dela soilik ZAD eta Estatuaren arteko guda: «Gurea erresistentzia orokor baten ikurra da. Lan legea bortxaz pasarazi zuten, ZADen ordainduko dute».
Celine eta Benoit duela bi urte eta erdi instalatu ziren eremuan, «iraganeko bizi konbentzionala» utzi eta «aldaketa xedeak gauzatzeko» asmoz. Ez zekiten iltzerik sartzen, eta auzolanen bidez ikasitakoarekin eraiki zuten La Baraka etxola, haur garaiko amets baten gorpuztea. Kanporaketa hipotesiari buruz zera dio:«Borrokatu gabe irabaziko genuen esperantza neukan; ez da hala, eta hautua egin behar dugu, borrokatu ala joan». «Sekulako energiak askatu ditu kanporaketa mehatxuak, alimaleko esperantzak, auzoko etxeen artean soldadu gara, opa dezagun dena zauri eta presondegiratze batzuetan geldituko dela». Benoiten ustez, garaipena berebizikoa da.«Hemen irabazten badugu, boterearen kontrako dinamika orori hauspoa emateko».
Dinamika hauspotzea
Antzeko planak ditu Johnek: «Aireportuaren eraikuntzan fase desberdinak daude. Kanporatzen bagaituzte, oso zaila izango zaie obrei luzaroan iraunaraztea. Borrokak beste dimentsio bat hartuko du, eraikuntza ekonomikoki defizitarioa bilakatzeko blokatze, okupazio eta mota guzietako sabotajeak garatuko ditugu». La Noe Verteko Sergek, beste elkarrizketatuek bezala, ZADen bizitakoa jartzen du ere armadura gisa: «Alderantzizko eraikitze prozesu iraunkorra da hemengoa. Sistematik aterata kolektiboki biziz ez zaude etsaiaren etxean, dena da posible, ez dago bizitzaren eta ekintzailetasunaren arteko bereizketarik, ikasketa hori inoiz ez digute kenduko». Egiaztapen horretatik abiatuz, sartuko duten edozein iltze berri, egingo duten edozein bilkura edo afari «erresistentzia egite» gehigarri gisa ikusten dituzte. Estatutik kanpoko zonalde autonomoak luzaz iraun dezan espero dute.
Erresistentzia ehuntzen
Bretainian eraikitzekoak diren aireportu baten lur eremua okupatua dute ekintzaileek, eta gizarte eredu berrien laborategi bat sortu dute. Hustearen aurka egiteko prestatzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu