Erresistentzia bide berriak

2005eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Kolonbiako gatazkan neutral izatea erabaki duten hainbat bake komunitate sortu dira azken urteotan. Komunitate horietako bat, ezagunena eta sortu zen lehena, San Jose de Apartadokoa da (Uraba eskualdean, Antioquia departamentuan). Uraba geo-estrategikoki eta geo-politikoki oso ondo kokatuta dago, AEB Ameriketako Estatu Batuen base militar bat 10 minutura du, inguruko ikatz meatoki handiena han dago, Kolonbiako bananondo gehienak han landatzen dituzte eta Panamako kanala ordezka dezakeen itsasoen arteko kanala han egiteko plan alternatibo bat dago mahai gainean. AEBek, Bogotak eta enpresariek interes handiak dituzte.

1994a arte FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gerrillaren kontrolpean zegoen eskualde osoa. Eurek kontrolatzen zituzten hango instituzioak eta lurrak. 1986tik 1995era bitartean Union Patriotica (UP) ezkerreko alderdi politikoak eragin handia izan zuen Uraban. Gaur arte, Kolonbia osoan UPko 6.000 lagun inguru hil dituzte, lehendakaritzara aurkeztekoak ziren hautagaiak ere bai (Jaime Pardo Leal 1987an eta Bernardo Jaramillo Osa 1990ean). Gobernuak gerrilla kanporatzeko erabakia hartu zen (Alvaro Uribe egungo presidentea Antioquiako gobernadore zela), horrek bakea eta demokrazia eramango zituela aginduz. Hala iritsi zen paramilitarismoa Urabara. Gloria Cuartas San Jose de Apartadoko alkateak salatu duenez, paramilitarrek erabateko kontrola ezarri zuten: «Paramilitarismoa ez da egitura militar bat soilik, kultura bat da, kontrol modu bat. Telebista eta irratiaren bidez kontrol modu berriak ezartzen ditu, pentsamendua eta herritarren mugimenduak kontrolatuz». Gobernuak demokraziaren eta bakearen izenean kanporatu nahi zuen gerrilla, baina programa politiko edo ekonomikorik ez zuen publiko egin. Ez zituen lurrik gabekoak kontuan hartu, ez eta behartsuak ere. Garai horretan izendatu zuten alkate Gloria Cuartas (1994- 1997). Bakea eta demokrazia bultzatu behar zituen egitasmo hark 1.200 hildako utzi zituen hiru urtetan.

Zerraldoak mintzo

Gerrillekin amaitzeko, Kolonbia osorako eredutzat erabili nahi zuen Gobernuak Uraba eta, bide batez, proiektu ekonomiko eta militarrei bide eman. Ez zituen gerrillariak bakarrik jazarri, ordea, herri osoa baizik. Cuartasek dioenez, «ezkerrari burua moztea zuten helburu». Orduan egindako krimen bakar bat ere ez du ikertu Gobernuak oraino. Biktimen isiltasuna eragin du horrek: «Isilik daude biktimak ordutik, nahiz eta guretzat zerraldoek hitz egiten zuten». Izan ere, modu krudelenean hiltzen zituzten asko: torturatu egiten zituzten, gorputza erdiz erdi ireki, guztiz hausten zizkieten barruak eta buruak moztuta hesoletan zintzilikatzen zituzten. «Uraban borroka ez zen gerrillarien eta paramilitarren artekoa izan, inguru osoan kontrol egitura bat ezartzea zen helburua».

Gobernuak arazoa gerrilla zela zioen, eta arazoa amaitzeko paramilitarrek sindikalistak hil zituzten, gizarte segurantza eraldatu zuten, baita justizia eta hezkuntza ere. «Komeni zitzaien gizarte eredua ezarri zuten». Gobernuak herria garbitu zuen, Cuartasen arabera: «Jendea sarraskitzen ari ziren herri bateko alkate izan nintzen: blokeo ekonomikoa ezarri ziguten, blokeo medikoa, instituzionala, edozein ikerketari blokeoa jarri zioten. Ni izan nintzen testigu: demokrazia erabiliz kontrol osoa ezarri zuten, oposizio indar oro suntsituz». Horren ondoren, gerrillak lehen bezainbesteko indarrez jarraitzen duela dio alkate ohiak. 1994tik 1997ra bitartean 100 adineko hil zituzten San Jose de Apartadon. Adineko horiek gordetzen zuten San Joseren memoria historikoa; beraiekezagutzen zuten ondoen herri ingurunea eta historia. Belaunaldi oso gaztea geratu zen herriaren geroa erabakitzeko. Hainbeste hilketaren aurrean Urabako herritar gehienek ihes egin zuten, Kolonbiako beste lekuetako milaka nekazari eta langileren gisan. Baina San Josek antolakuntza memoria gorde zuen, baita lan politikoaren memoria ere. Gazteak 1997ko martxoaren 23an bildu ziren eta kontzientzia eragozle izatea erabaki zuten: «Alkatetzak ez ditu gure bizitzak zaindu, gobernadoreak ere ez gaitu babestu, Armadak, Fiskaltzak, Poliziak eta instituzioek, alegia, gu zaintzeko obligazioa dutenek, ez dute beren eginbeharra bete. Beraz, konstituzioko 18. artikulua aplikatuz, kontzientzia eragozle egingo gara». Lur horietan jarraitzea erabaki zuten eta informaziorik ez ematea, ez gerrillei, ez Armadari ezta instituzioei ere. «Gerrillari esango diogu lur eremu honetan bizitzeko eskubidea dugula, lur honen jabe izateko eskubidea, lurrazpiko aberastasunak zeintzuk diren badakigulako. Eta Estatuari ere esango diogu: gure bizitzak zaindu ez dituzuelako, guk nahi dugun moduan biziko dugu lur hau». San Jose de Apartadokoa izan zen Estatuari aurrez aurre eztabaida etiko-politikoa egin zion lehen komunitatea. 1997ko martxoaren 23tik gaur arte 436 eraso larri kontatu dira, gehienak Armadak eta paramilitarrek eginak. 20 eraso dira gerrillari leporatzen zaizkionak. Eraso larri horietan ez dira hilketak (150etik gora guztira) eta beldurrarazte ahaleginak kontuan hartu.

Babes eskaria

San Jose de Apartado aurtengo otsailaren 21ean egin zen ezagun munduan. Bake komunitateko zortzi kide hil zituzten; bi eta sei urteko bi haur horien artean. Hildako helduen artean Luis Eduardo Guerra zegoen, bake komunitatearen sortzaileetakoa. Helduen gorpuak zati-zati eginda azaldu ziren. Hilketak Armadari leporatu zizkion komunitateak. Hainbat lekukok ziurtatu dute hiltzaileak Armadako kideak zirela eta hainbat froga ezkutatu zituztela.

Jasaten ari diren erasoen aurrean, babesa eskatzen diote nazioarteari. Egunero hango gertakarien kontaketa egiten ari den lan talde bat dago martxan, eta Latinoamerikan, Europan zein AEBetan dituzten 17.000 kontaktuei bidaltzen diete informazioa. Komunitate txikia izan arren, lan etengabea egiten du. San Jose de Apartadoko alkate ohi Gloria Cuartasek dio heziketa ezinbestekoa dela komunitatearen kontzientziari eusteko. «Borroka garaiak direla jakinez hezi behar dira haurrak, lurra zaintzeko garaiak direla». Erresistentziako Nekazarien Unibertsitatea jarri dute martxan eta lau ikerlerro ditu: nekazaritzako elikagaien inguruko politika, filosofia eta politika, osasuna eta eskubide propioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.