Errepublikanoak, familia politikoa berregituratzeko buruzagi bila

Frantziako eskuineko alderdiko militanteek gaur arratsaldera arteko epea dute presidentea aukeratzeko. Kargudun hori ezingo da lehiatu 2022ko presidentetzarako hauteskundeetan

Christian Jacob LR alderdiaren Asanbleako presidentea, artxiboko irudi batean. BERRIA.
ander perez zala
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ez du oihartzun handia izan, eta, ziurrenik, hori da hitzorduak sortu duen ikusminaren erakusle, bai herrialdean, baita jarraitzaileen artean ere. Frantziako eskuina noraezean da 2017ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainaz geroztik, eta ia hiru urtean ez du lortu burua altxatzea. Boz horien ondoren hautaturiko presidenteak gutxi iraun du karguan, Laurent Wauquiezek iragan ekainean dimititu baitzuen, Errepublikanoak (LR) alderdiak Europako Parlamenturako hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondorioz —botoen %8,48—. Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen aurrean galduta, eskuindarrak egungo egoera bideratu nahian dabiltza, eta, hori egiteko, gidari bat behar dute: gaurko 20:00etara arte, LRren 131.072 militanteek presidentea hautatzeko aukera dute.

Hiru hautagairen arteko primarioak izango dira, alderdiaren koroa lortzeko. Hirurak, ordea, ohi baino profil txikiagokoak dira, eta horrek ere azaltzen du gaurkoak duen interes falta. LRk, gainera, galdu egin du izaera presidentziala, boterean egoteko alderdia denaren esentzia hori. Baina buruzagi bat hautatu beharra dago, eta kargu hori lortzeko faboritoa da Christian Jacob LRren Asanblea Nazionaleko talde parlamentarioko presidentea. Hilabeteotan eman dituen mezuak eta transmititu duen konfiantza kontuan hartuta, primarioek ezusteko gutxirako tartea dute, Jacobek jaso baitu babes handiena alderdikideen artean. Hura da ezagunena, hiru ezezagunen artean.

Iragan hilabetean hildako Jacques Chirac Frantziako presidente ohiaren joerakoa da —haren ministro izan zen hainbatetan—, eta helburutzat jarri du alderdia berriz batzea. Finean, Wauquiezen estilo desberdina izan nahi du, hura erabakiak bakarrik hartzera ohitu baitzen, hala nahi zuelako; alderdia ideologikoki eskuinerago eraman zuen, eta, hortaz, ikusteko dago Jacobek zer estrategia izango duen, militanteen babesa jasotzen badu.

Ordea, ideologikoki Wauquiezen bide beretik jarraitzearen aldekoak badaude oraindik alderdi barruan, eta horien ordezkaria da primarioetan Guillaume Larrive diputatua; «Frantzia aske bat» sortu nahi du, migrazioaren auziari erreferentzia egiten dion bakoitzean gogorarazten duenez.

Harentzat, LRren «gobernatzeko izaera» berreskuratzea izango da helburuetako bat presidentetza lortzen badu: «LR gobernuko alderdi bat da, ez erantzun alderdi bat».

Hirugarren hautagaia Julien Aubert diputatua da, haren hitzetan «eskuin indartsuaren» ordezkaria dena, eta, Jacoben kontrara, «batasunaren berritzearen» aurka egiteko asmoa du. Charles de Gaulle Frantziako presidente ohiaren jarraitzaile sutsua da, eta bere burua «subiranista populartzat» du.

Parte hartzea

Ziurtzat daukaten arren Jacobek irabaziko duela, militanteen parte hartzea alderdiaren egungo egoeraren isla izango da. Militante gehien duen indarra da LR, baina azken urteotan beherakada handia izan du kidegoan: 2017ko abenduan, esaterako, 234.000 ziren.

Alderdiari norabide arrakastatsu bat emateaz gain, presidente berriak hautagai eta programa erakargarriak finkatu beharko ditu 2022ko presidentetzarako hauteskundeetarako, hura ezingo baita horretara aurkeztu, LRren jarduneko presidente Jean Leonettik jakinarazi bezala.

Bozketa garrantzitsu horren aurretik, datorren urteko udal bozetan eta 2021eko departamentuetarako eta eskualdeetarakoetan lehiatuko da alderdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.