Joe Bidenen garaipenaren eta Donald Trumpen porrotetik bi urtera, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente demokratak agintaldiaren erdia betetzen duen honetan, azken hamarkadetako hauteskundeetan gehien polarizatuak egingo dituzte gaur AEBetan. Inkestek diotena betetzera, Alderdi Demokratak Kongresuan daukan gehiengo murritza galduko du; Senatuari eustea da orain bertan itxaropena presidentearen alderdian. Ondorio bat litzateke Ordezkarien Ganberaren zati handi bat 2020ko emaitzak onartzen ez dituzten trumpzalea izatea. Errepublikanoen diskurtsoa ekonomian eta inflazioan zentratu da, baina demokraten mezua larriagoa da: demokrazia bera jokoan dagoela gaurko bozetan.
Kapitolioaren aurkako erasotik hamar egunera ekin zion presidentetzari Bidenek. Agintaldiaren erdia markatzen duten gaurko hauteskundeetara hurbiltzean, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen etxeari eraso egin, eta haren senarra larri zauritu zuten. AEBetako politikan duten zatiketaren eta tentsioaren adierazle dira. Sarritan gertatu da Etxe Zurian dagoen alderdia gutxiengoan geratzea Kongresuan, eta Bidenen onarpen maila apala kontuan hartuta, oposizioaren garaipena ez litzateke emaitza harrigarria izango; are gehiago, sistema bera indartsu dagoen adierazle ere izan liteke alternantzia politiko hori. Azken batean, Bigarren. Mundu Gerraren ostean birritan baino ez da gertatu estatuburuaren alderdiak irabaztea agintaldi erdiko bozak. Orain, baina, ohiko alderdikeria baino askoz sakonagoa den zatiketa bat du herrialdeak.
Donald Trump estatuburu ohiaren babesean aurkeztu diren eskuin muturreko hautagai errepublikanoek irabazten badute —ez Kongresuan bakarrik, estatu gehienetako gobernadorea hautatzeko bozak ere egingo baitituzte—, sistema politikoa bera eta hauteskundeak ere zalantzan jarri izan dituzten ordezkariak egongo dira erabakiguneetan; hau da, norbere alderdiak irabazi ezean, emaitzak onartu ez, eta iazko urtarrilaren 6ko matxinadak justifikatuta daudela deritzon jendea.
Arrisku horretaz ohartarazi du behin eta berriz Alderdi Demokratak, abortu eskubidea kanpainako bandera gisa hartuta. Inor gutxik espero zuen duela 50 urte ezarritako eskubide konstituzionala bertan behera geratzea, lobby kristau eskuindarrek hamarkada askotako kanpainak eginda ere, baina Trumpek Auzitegi Gorenerako izendatutako epaileak horraino ere iritsi dira, ekologiaren, armen eta indigenen eskubideei buruzko beste hainbat erabaki polemikorekin batera. Horregatik, demokraten mezua emakumeentzat izan da batez ere: haien osasun eskubideak bermatzeko era bakarra Kongresuan gehiengo demokrata ziurtatzea dela esan dute behin eta berriz.
Baina inflazioa duela 40 urte ez bezalakoa izanik, eta udaberrian galoi bat gasolina bost eta sei dolar artera iritsi zela aintzat hartuta —ordutik behera egin du, besteak beste, Bidenek Saudi Arabiara egindako bisitaren ondorioz—, ekonomia bihurtu da eztabaidagai nagusi. Inkestetan inflazioa eta ekonomia ageri dira hautesleen kezka nagusi gisa, eta atzetik daude abortu eskubidea eta demokraziaren egoera bera.
«Lehiaren atzean Alderdi Errepublikanoaren alde egiten duen giroa dago», esan du CNN telebista katearen Washingtongo politikaburu Simone Pathek. «Nahiz eta Auzitegi Gorenak ziurgabetasun dosi handi bat sartu zuen paisaia politikoan Roe v Wade [aborturako eskubide konstituzionala] baliogabetzean, ekonomia eta inflazioa dira beti boto emaileen kezka larrienak, eta dinamika horrekin eraso diote errepublikanoek boterean dagoen alderdiari».
Ekonomia ala abortua?
Bernie Sanders senatari ezkertiarra kritiko agertu izan da demokratek hauteskunde kanpainarako hartu duten estrategia horrekin. «OKerra da abortuan bakarrik zentratzea hauteskundeetan», salatu du azken asteotan.
Onartzen du oso larria dela Auzitegi Gorenaren erabakia, eta gogora dakar abortu eskubidearen alde bozkatu duela beti, baina argudiatu du «kezkatuta» dagoela kanpainako arduradunek hautagai demokratei esan dietelako «abortuan bakarrik» zentratzeko: «Ez nago ados. Nire ustez, hautu politiko okerra litzateke ekonomiaren egoeraz ezaxola agertzea eta errepublikanoen gezurrei eta distortsioei ez erantzutea».
Haren arabera, jokoan daude «sistema demokratikoari eutsiko» dioten, klima aldaketari aurre egingo dioten, «emakumea bere gorputzaren jabe den». Baina gogora dakar inflazioak langileei eragiten diela nagusiki, eta errepublikanoen diskurtsoa ari dela gailentzen, langile familiei «ezer» eskaintzen ez badiete ere: «Dirudunei zergak jaistea da haien jarrera, gizarte segurantza eta Medicare eta Medicaid laguntzak murriztea, gutxieneko soldata ez igotzea, guraso edo mediku baimenen eta osasun zerbitzu unibertsalaren aurka egitea. Alderdi Errepublikano erreakzionario hori izanik, ekonomian jo eta gure posizioak kontrastatu beharko genituzke».
Sandersen kritikek izan dute oihartzunik, eta kanpainako azken egunetan Bidenek eta hautagai demokratek Etxe Zuriaren erabaki ekonomikoak defendatu eta errepublikanoen agenda salatu dute. Baina aldaketa beranduegi iritsi da, ziur aski, diskurtso errepublikanoa gailendu baita bi alderdiek jomugan duten herritarren artean: aldirietako bizilagunen botoa dira uneotan gehien preziatuak.
Hirien kanpoaldean urbanizazio edo etxe dotoreak dituzten herritarrak ekonomikoki zentro-eskuinerantz lerratu izan dira, baina gai sozialetan jarrera aurrerakoiagoak izan ohi dituzte. Trumpengandik urrundu eta 2020an Bideni garaipena eman zioten suburban (aldirietako) emakume zuriak berriz ere errepublikanoengana itzultzen ari dira, The New York Times-ek egindako inkesta baten arabera.
Ordezkarien Ganberako 435 aulkiak hautatuko dituzten gaur estatubatuarrek, baita 34 senatari ere, Senatuaren herena. Behe ganberan Alderdi Demokratak gehiengoa baino bost kongresukide gehiago baino ez ditu, eta demokratek inkestetan berdindu samar ageri diren aulki guztiak irabazi beharko lituzkete horri eusteko.
Senatuan, baina, itxaropen handiagoa daukate: estatu gehienetan ez da aldaketarik espero, eta dozena erditan jokatuko da goi ganberaren kontrola nork izango duen. Egun 50na senatarirekin berdinduta daude bi alderdiak, eta Kamala Harris presidenteordearen botoak hausten ditu bozketak berdinduta daudenean. Baina, horretarako, senatari demokrata guztiek bozkatu behar dute batuta; Bideni ezusteko bat baino gehiago eman dizkiote alderdiaren sektore zentrista edo eskuindarrenek, COVID-19aren pandemia ostean hartu beharreko neurri ekonomikoen aurka bozkatuta —Kyrsten Sinema eta Joe Manchin senatariek—.
Horregatik, bi senatari irabazi eta gehiengoa eskuratuta abortu eskubidea kodetuko dutela agindu dute demokratek, Auzitegi Gorenak ere baliogabetu ez dezan. Horretarako, baina, aulki gorri bat (errepublikanoa) edo bi urdin (demokrata) bihurtu beharra dute hauteskundeotan eta, bistan da, aulki urdinik ez galdu.
Jokaleku nagusiak
Pennsylvania estatua da jokaleku nagusia horretarako, 2020ko hauteskundeetan gertatu zen bezala. Erretiroa hartu duen Pat Toomey senatari errepublikanoaren lekua John Fetterman hautagai progresistak edo Donald Trumpek babestutako eta telebistako saioengatik ezagun den Mehmet Oz medikuak hartuko dute.
Kanpaina itsusi eta zikina izan da; Fettermanek primarioak irabazi aurreko egunetan buruko isuria izan zuen, eta Ozek kargua betetzeko «gaixoegi» dagoela leporatu dio, oraindik ere suspertzen ari baita demokrata, eta koordinazio arazoak baititu Egun errepublikanoen esku diren Wisconsinen, Ohion eta Ipar Carolinan ere emaitza estuak espero dira, baina hautagai demokratak atzetik ageri dira azken inkestetan.
Senatari demokrata guztiek ordezkaritzari eutsiko dioten ere ez dago argi. Errepublikanoen itxaropenik handiena Georgia eta, batez ere, Nevada dira; euskal jatorriko Adam Laxalt hautagai trumpzaleak Catherine Cortez Mastoren senatari aulkia lor lezake gaurko bozetan. Paul Laxalt senatari, gobernadore ohi eta Ronald Reaganen lagun minaren biloba da. Laxalt familiak Nevadan daukan izen ona baliatu du bere karrera politiko guztian, Washingtonetik sorterrira itzuli eta udan Basque Fry piknikak antolatzen hasi zenetik, Ted Cruz eta Alderdi Errepublikanoko sektore eskuindarrenetako beste ordezkari batzuk gonbidatuz.
Azken asteotan, baina, etxetik bertatik egin diote aurre, «euskal arbasoak» gogoan zituen gutun bat sinatuz Laxalt familiako hamalau kidek hautagai demokrataren aldeko botoa eskatu zuten. «Etxekoek, ondoen ezagutzen zaituztenek esaten badizute Senatua ez dela zure lekua, horrek zerbait esan nahi du», gogorarazi zuen joan den astean Barack Obama presidente ohiak Las Vegasen egindako kanpaina ekitaldian.
Georgian, berriz, Raphael Warnock senatari demokratak iazko bozetan eskuratutako aulkiari eutsi nahi dio, Trumpen babesean datorren Herschel Walker futbol amerikarreko jokalari ohiaren aurka. «Giro nazionala errepublikanoen aldekoa da, eta Walkerrek hori baliatu nahi du, baina kanpainarik lehiatuenetakoa izango da», esan du The Hill atariko Al Weaverrek.
Demokratek gogor jo dute hautagai errepublikanoaren aurka «hipokrita» deitzen dioten iragarkiekin: behinola «salbuespenik gabe» abortua debekatzearen aldeko jarrera izan zuen hautagaiak —gerora atzera egin du—, baina era berean, 2009an abortu bat ordaindu ziola eta 2011n beste abortu bat egitera bultzatu zuela salatu du bikotekide ohi batek. Beste emakume batek ere salaketa bera egin du.
Gaurko bozen ostean urtarrilean eratzen diren ganberek erabateko eragina izango dute AEBetako politikan. Ordurako 2023an sartuta egongo gara, eta Bidenek agintaldiaren azken zatiari ekingo dio. Horregatik, gaurko emaitzek sekulako eragina izango dute egungo presidentea berriz hautagai izango den erabakitzeko orduan. Baita Etxe Zuriko aurreko bizilagunaren kasuan ere: Trumpek asko dauka jokoan.
Izan ere, Trumpen babesarekin lortu zuten primarioak irabaztea hautagai askok, baina gerora kanpainan ekonomian zentratu eta profil trumpista apaldu dute gehienek. Edozelan ere, presidente ohia adi-adi egongo da bozetako emaitzek berriz aurkezteko bultzada ematen dioten erabakitzeko. Badaezpada, errepublikanoen lerroetan ez da falta Trump ordezkatzeko prestasuna agertu duenik; Ron de Santis Floridako gobernadorea, kasurako.
AEB. Kongresurako hauteskundeak
Errepublikanoak faborito agintaldi erdiko bozetan
Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena berrituko dituzte AEBetan. Demokratek esan dute demokrazia bera dagoela jokoan; errepublikanoek ekonomian jarri dute arreta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu