Bere adineko beste edozein gazte bezala, institutuko graduazio festara joateko irrikaz zegoen 16 urteko Ramona Wilson. Columbia Britaniarreko Smithers (Kanada) herrira joan nahi zuen, bere etxetik kilometro gutxira zegoen herrira, eta ahizpa nagusiari eskatu zion autoz eramateko. Baina ahizpak ez zuen horretarako astirik. Etxekoei festara joango ez zela esan zien arren, Ramonak auto-stop egitea erabaki zuen, zona horretan hainbat eta hainbat gaztek egiten duten moduan. Ez zen festara ailegatu, ordea, eta inork ez zuen haren berri izan hamar hilabete igaro ziren arte: Yellowhead autobidetik gertu dagoen baso batean aurkitu zuten Ramonaren gorpua.
1994ko ekaineko arratsalde eguzkitsu batean hil zuten. Poliziak ez du kasua argitu. Kanadan hil dituzten emakume indigenetako beste bat da Ramona. Gobernuko batzorde batek ondorioztatu berri du «genozidioa» izan direla emakume indigenek 1980ko hamarkadaz geroztik pairatutako hilketak eta desagerrarazteak.
Neska gaztearen familiak eta lagunek urtero egiten dute haren aldeko martxa bat errepidean: «Ramonarengandik gertuago sentitzen gara mundua utzi baino lehen egin zuen azken bidea eginda», dio amak Ramonaren eta beste hainbat neska indigenaren desagerpena kontatzen duen Finding Dawn dokumentalean.
Highway Of Tears (Malkoen Autobidea) izenez da ezaguna Ramona azkenekoz ikusi zuten errepide zati hori. Prince Rupert eta Prince George herriak elkartzen ditu, eta inguruko herrietara iristeko derrigorrean hartu beharreko 700 kilometroko errepidea da. Eskualde txiroa da, bakartua, apenas dagoen garraio publikorik, eta, biztanle askok ez dutenez garraiobide propiorik, auto-stop egin ohi dute sarri lanera, eskolara, medikuarengana eta janaria erostera joan ahal izateko. Hainbat eta hainbat emakume desagertu edota hil dituzte errepide horretan 1970ean inauguratu zutenetik. Oro har, emakume gazteak izan dira biktimak, eta gehienek beste ezaugarri komun bat ere badute: indigenak dira—2016ko erroldaren arabera, Kanadako biztanleriaren %5 dira indigenak, hau da, 1,7 milioi inguru—.
Kopurua, eztabaidagai
Eztabaida handia dago hildako emakumeen kopuruari dagokionez. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Columbia Britaniarrean gertatu dira emakume indigenen heriotza gehienak. Hainbat elkarte indigenak salatu dutedatu ofizialek adierazten duten baino biktima gehiago izan direla, eta horren atzean arrazoi sozioekonomikoak daudela. Beste batzuek arrazismoari egotzi diote ikerketa falta, baita indigenei buruzko informazio gabezia ere.
Kanada. Herri indigenak
Errepide bazterreko heriotza isilduak
Kanadako Gobernuko ikerketa batzorde batek azaldu duen indigenen kontrako «genozidioaren» adibide ezagun bat da Malkoen Autobidea esaten dioten errepidearen inguruan hil dituzten emakumeen kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu