Elizabeth II.a

Erregina bat baino gehiago

Balmoral gazteluan hil da Elizabeth II.a, Eskozian, 96 urterekin. Erresuma Batuko erreinaldi luzeena izan da harena: 70 urte egin ditu agintean. Haren seme Charles III.ak hartu du orain haren tokia.

FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Amaitu da Erresuma Batuak izan duen erreinaldirik luzeena, Elizabeth II.arena. Estatuburua atzo hil zen, 96 urte zituela, Balmoral gazteluan, Eskozian. Haren osasuna okertuz joan da azken urteetan, eta baziren hilabete batzuk errege etxeak jakinarazi zuela «mugikortasun arazoak» zituela.

Buckingham jauregiak berak jakinarazia zuen Elizabeth II.aren osasun egoerak okerrera egin zuela azken orduetan, eta zaintzapean izateko aholkatu zutela medikuek. Berehala hasi ziren arratsaldean jauregira heltzen erreginaren senitartekoak, tartean Charles printzea bera. Erreginaren semeak 73 urte ditu, eta dagoeneko hartuak zituen Elizabeth II.arenak ziren zenbait ardura.

Haren osasun egoeraz ohartarazi eta ordu gutxira eman du errege etxeak berak erreginaren heriotzaren berri. Erresuma Batuko eta Commonwealtheko banderak masta erdira jaitsi dituzte. Charles III.a da orain Erresuma Batuko tronuaren jabe. Errege berriak gaur egingo du bere lehen agerraldia estatuburu gisara, eta jarraian Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako gobernuburuekin bilduko da aurrez aurre, Londresera itzuli aurretik.

Agintean urte gehien egin duen Erresuma Batuko erregina izan da Elizabeth: 70 urte egin ditu. Honako hau da haren kargu ofiziala: Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuko eta beste erresuma eta lurraldeetako Elizabeth II.a erregina, Commonwealth burua eta fedearen babeslea. 1952ko otsailaren 6an bilakatu zen erregina.

Baina bost kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da 70 urteetan baino gehiagoan, eta hala gogoratuko da Erresuma Batuko historia garaikidea osatu duten gertakari anitzetan: inperioa desegin zuen deskolonizazio prozesuan—1950eko eta 1960ko hamarkadak—, Gerra Hotzean —1991 arte—, Ipar Irlandako gatazka armatuan (1969-1998), Europako Batasuneko sarreran (1973), Malvinetako gerran (1982), Irakeko inbasioan (2003), Eskoziaren independentzia erreferendumean (2014), Erresuma Batua EBtik atera duen brexit prozesuan 2020an...

Jurgi VI.a erregea hil zenean, bi alabetan zaharrenak hartu zuen tronua, Elizabeth Alexandra Mary Windsorrek, 25 urterekin. II. Mundu Gerraren ondorena zen. Gerra Hotzeko blokeak eratu berriak ziren, eta Potsdamgo konferentzian (1945) elkartu ziren hiru liderrak agintean zeuden oraindik: Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro, Harry S. Truman AEBetako presidente eta Josiv Stalin Sobietar Batasuneko buruzagi.

Britainia Handiaren 300 urteko batasuna hausteko aukera haren erreinaldian sortu da, baina, hala ere, Eskoziako independentistek erabakia zuten monarkiari eustea. Irlandako errepublikanoak izan dira monarkiaren irudiari egiazki aurre egin dioten bakarrak. Irlandako errepublikanoentzat, Erresuma Batuaren dominazioaren eta loialisten gehiegikerien irudia da Elizabeth II.a. Bereziki mingarria egin zitzaien Bloody Sunday sarraskia (1972) egin zuten militarrak saritu izana. Horregatik, mundu osoaren arreta bereganatu zuen 2014an Belfasten ateratako argazkiak: erregina eskua ematen Martin McGuinness Sinn Feineko buruari.

Erregina izateaz gain, Commonwealtheko burua ere izan da Elizabeth II.a. 53 estatu burujabek osatutako nazioarteko erakundea da Commonwealth, eta Britainiar Inperioari lotuko herrialdeak dira Mozambike ez beste guztiak. Herrialde horietatik hamabosten erregina izan da Elizabeth II.a.

Banderak masta erdira

Liz Truss lehen ministroa izan da erreginari azken agurra ematen lehenengotarikoa, eta nabarmendu du «herrialdearen loraldia» ahalbidetu duela Elizabeth II.ak: «Bera zen Britainia Handia eraikitzea ahalbidetu zuen arroka. Hari esker, herrialde modernoa eta dinamikoa gara orain».

AEBetako presidente Joe Bidenek honela esan zuen: «Erregina bat baino gehiago zen. Garai bat definitu zuen. Etengabeko aldaketan dagoen mundu batean egonkortasuna irudikatzen zuen berak, eta harro egoteko arrazoi bat zen britainiar belaunaldi askorentzat».

Kanadako erregina ere bazen Elizabeth II.a. Herrialdeko lehen ministro Justin Trudeauk erregina hilberriaren «jakinduria, errukia eta neurritasuna» goraipatu zituen heriotza jakinarazi ondoko lehenbiziko adierazpenetan. «Erregina beti izanen da gure herrialdearen parte inportantea. Beti egon da oso presente kanadarren bizitzetan», erantsi zuen.

Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri zuen banderak masta erdian izango dituztela datozen egunetan. «Frantziaren lagun gisa gogoratuko dugu. Bere herrialdean eta historian aztarna sakona utziko duen bihotz oneko erregina bat izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500