Erregimena sendotzeko hauteskundeak Aljerian

Bozak egingo dituzte gaur, eta inork ez du zalantzarik Abdelmajid Tebbun presidenteak berriz irabaziko dituela. Soilik beste bi hautagai lehiatuko dira haren kontra.

(ID_14218044) ALGERIA ELECTIONS
Bi emakumezko hautagai batzuen —erdikoa da Tebbun— kartelen aurretik igarotzen Aljerren, hilaren 2an. MOHAMED MESSARA / EFE
Ricard Gonzalez.
Tunis
2024ko irailaren 7a
05:05
Entzun

Aljerren ez du inolako arrastorik utzi 2019ko protesta oldeak: orduan, Buteflika presidentea ahula baino ahulago zegoen, eta protestek eragotzi egin zioten bozetan hautagai izatea hamaikagarren aldiz. Gaur egun, ordea, gobernuak guztiz ito ditu Aljeriako Hirak mugimenduaren asteroko protestak, prentsa independentea isilarazi, eta oposizio politikoa geldiarazi. Giroa halaxe dagoela egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak gaur, eta inork ez du dudarik Abdelmajid Tebbun presidenteak berriz irabaziko dituela.

«Tebbunek harreman ona du armadarekin, eta armadak kontrolatu izan du beti Aljeriako politika. Gaur egun, askatasuna are gehiago eskastu da, baita Buteflikaren garaiarekin konparatuta ere. Erabatekoa da gizartearen gaineko kontrola», komentatu du izena eman nahi ez duen analista politiko aljeriar batek. Gainera, Tebbunek (78 urte) badu lehengo alderdi bakar FLNren (Aljeriako Nazio Askapenerako Frontea) babesa, komunikabide guztiena eta estatuko aparatuarena. Tebbunek izan du beste aliatu bat ere: gas naturalaren eta petrolioaren prezioa. Horri esker, bake soziala erosi ahal izan du soldatak igoz eta gazteentzako langabezia sari berri bat ezarriz, nahiz eta hilean 100 euro baino gehiago ez izan.

Parte hartzea nolakoa izango den: hori da duda bakarra gaurko hauteskundeei dagokienez. Azken urteetan, behera eta behera egin du parte hartzeak, herritarren eszeptizismoaren eta apatiaren erakusgarri. Legebiltzarrerako 2021eko hauteskundeetan, hautesleen %23k bakarrik eman zuten botoa. Herritarrak mobilizatzen ez du lagunduko hauteskundeak abendutik irailera aurreratu izanak eta kanpaina udako oporraldian egin izanak. Apika, horixe da erregimenaren helburua, herritarrak gogogabeturik egotea. «Unibertsitateko eskolak hasi aurretik egingo dira hauteskundeak», ohartarazi du analistak. Izan ere, unibertsitateak izan ziren Hirak mugimenduaren gotorlekua.

Oposizioko alderdi batzuek hauteskunde batzorde independente bat osatzeko eskatu dute, eta aske uzteko kartzeletan zimeltzen ari diren dozenaka kontzientzia presoak, baina erregimenak uko egin dio horri guztiari. Horren ondorioz, alderdi horiek ez dute hautagairik aurkeztu presidentetzarako hauteskundeetan. Bi alderdi historiko, aldiz, Indar Sozialisten Fronte aurrerakoia (FFS) eta Bakearen Aldeko Gizartearen Mugimendu islamista (MSP), bozetara aurkeztu dira, presidentetzarako aurreko hauteskundeetan ez bezala. Haien liderrak izango dira Tebbunen kontra lehiatuko diren bakarrak: Yusef Auxixe (FFS) eta Adellali Hassani Xerif (MSP).

Oztopoak

Beste politikari batzuek ere hautagai aurkeztu nahi izan zuten: Zubida Assul epaile ohia, Aldaketaren eta Aurrerabidearen Aldeko Batasunaren gidaria, esaterako, eta Luisa Hanune, Langileen Alderdi komunistako lider historikoa. Baina ezin izan zituzten bete hauteskunde batzordeak ezarritako baldintza gogorrak. Hauteskunde legearen arabera, hautagaiek 50.000 herritarren sinadurak aurkeztu behar dituzte, edo 600 hautetsiren babesa. «Arauak ezarrita dauden moduan, ezinezkoa zen beharrezko 50.000 sinadurak biltzea. Ez zegoen denborarik. Gainera, arazoak izan zituen sinadurak biltzeko jarritako sistema elektronikoak», kexatu da Assul.

«Hilabeteetan, oposizioko alderdi gehienak hizketan ibili ginen, hautagai bakarra aurkeztea aztertzeko. Zoritxarrez, ez ginen ados jarri»

ZUBIDA ASSULEpaile ohia

Sinadurak biltzeko modua izango zuten, beharbada, oposizioak bat egin eta hautagai bakarra aurkeztu balu. «Hilabeteetan, oposizioko alderdi gehienak hizketan ibili ginen, hautagai bakarra aurkeztea aztertzeko. Zoritxarrez, ez ginen ados jarri», azaldu du Assulek. Azkenean, erabaki zuen hautagai aurkeztea, baina ezin izan zuen pasatu hauteskunde batzordearen galbahea. «Banekien hauteskundea ez zirela justuak eta gardenak izango, baina boikotak on besterik ez dio egiten erregimenari. Hobe da kanpainan aldaketaren aldeko dinamika bat sortzen saiatzea», adierazi du, hauteskundeetan oposizioak izan beharreko jarreraz gogoeta eginez.

Nolanahi ere, orain ez dago atzera-bueltarik. «FFSren eta MSPren parte hartzeak mozorrotu egingo du dena sasi hauteskunde batzuk izango direla, baina ez du beste ezertarako balioko», segurtatu du Laurence Thieux-ek, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Harremanetako irakasleak eta Aljeriako gaietako adituak. «Ez dago alderdi sistema sendorik, alderdien proposamenak ez baitira sinesgarriak. Aljeriako erregimena oso trebea izan da beti alderdiak erakarri eta neutralizatzeko orduan», erantsi du Thieuxek. 80ko urteen bukaeran multipartidismoa Aljeriara iritsi zenetik, alderdi gehienak aldizka ibili dira orain erregimenarekin kolaboratu —eta ministerioren bat eskuratu, batzuetan—, orain boikot egin hauteskundeetan.

«Ez dago alderdi sistema sendorik, alderdien proposamenak ez baitira sinesgarriak. Aljeriako erregimena oso trebea izan da beti alderdiak erakarri eta neutralizatzeko orduan»

LAURENCE THIEUXUnibertsitate Konplutentseko Nazioarteko Harremanetako irakaslea

Tebbunek, berriz aurkeztu izana justifikatzeko, adierazi du borobildu nahi duela bere proiektu politikoa: besteak beste, Aljeriako ekonomia dinamizatu nahi duela, eta menpekoa izateari utzi hidrokarburoen alorrean. Dena dela, ez du askorik egin helburu horiek erdiesteko, nahiago izan baitu bake soziala lehenetsi, baina horrek ataka gaiztoan utziko du erregimena erregaiak hurrena merkatzen direnean eta jendearen egonezina azaleratzen denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.