Kataluniako hauteskundeak (V). Dolors Sabater.

«Erregimen autonomikoa kalte egiten ari zaio gure bizitzari»

Oinarrizko eskubideak zapaltzen dituzten legeak gainditu egin behar direla dio Sabaterrek, eta horrek, gaur, 78ko erregimena eraistea esan nahi duela. 2025ean erreferendum bat egiteko habeak jarri nahi ditu CUP Guanyemek, gero eutsi ahal izateko.

ORIOL CLAVERA.
Julen Aperribai.
Sabadell
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Triunfalismorik gabe», ekina eta zintzotasuna hitzeman dizkie CUP Guanyemeko zerrendaburu Dolors Sabaterrek (Badalona, Herrialde Katalanak, 1960) herritarrei, helburutzat jarrita «78ko erregimena gainditzea». Bizitza duina izateko, esparru horretan ezinezkoak diren eskubideak desobeditu behar direla dio, eta parlamentuak balio behar duela horretarako.

Herri mugimendutik eta udal zerrenda batean parte hartzetik zatoz. Kalean ikasitakoa nola nahiko zenuke eraman instituzioetara?

Ez ahaztuz herriaren zerbitzuan gaudela. Jendearen egunerokoan gertatzen den horretan zentratu behar du politikak, eta gehiegitan ahazten zaigu gertuko politika hori: kalean egotea, eta negozioa itxi behar izan duena edo etxegabetuko duten familia ezagutzea. Feminismoak esaten du pertsonala politikoa dela, eta uste dut munizipalismoan hori aplikatzen dela. Orain parlamentura eraman behar dugu.

Nola suspertu nahi duzue Katalunia krisi sindemiko honetatik?

Premisa bat dago: esparru autonomikoa puskatu egin behar da. Espainiako Konstituzioak egun ez ditu bermatzen oinarrizko eskubideak. Horren erakusle dira Kataluniako Parlamentuak onartu dituen 40 lege; horietako asko, kontsentsu handiz onartuak, eta hainbat gairen ingurukoak. Bada, lege horiek guztiak [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak sistematikoki deuseztatu ditu. Independentziaren aldeko borrokak eta aldaketa ekonomiko eta sozial baten aldekoak elkarri loturik egon behar dute, ekonomian trantsizio bat gerta dadin, eta herritarren gehiengoaren oinarrizko eskubideak berma daitezen.

Agenda sozial baterako akordioa lortu nahi duzue. Zer jaso behar du ezinbestean?

Oinarrizko errenta unibertsala ezartzen aitzindariak izan gaitezke; erreforma fiskal batek buruaskia egingo luke neurri hori. Azken batean, sistema auzitan jartzen duen proiektu bat da gurea, baina egiten ditugun zenbait proposamen egingarriak dira gaurdanik. Banku publiko bat edo botika etxe publiko bat sortzea, adibidez, zentzuzko gauzak dira. Txertoa edonorengana iritsaraztea oztopatzen ari dira botiken korporazio handiak, eta ezin dugu utzi osasun publikoa esku pribatuen eta multinazional handien menpe. Gure proiektua epe luzerakoa da, sistema aldatzea aurreikusten baitu. Urrats txikiagoak egin beharko ditugu, baina, betiere, bide horretan. Badakigu trantsizio epe luzeak izango direla, baina norabideak hori izan behar du.

Erabakigarriak izan nahi duzuela ari zarete esaten, eta gobernuan sartu nahi duzuela. Zerk baldintzatuko du hori?

Argi dugu gobernuak konpromisoa izan behar duela autodeterminazioarekin, eta horrek sistematikoki kanpo uzten du PSC. Comuri dagokionez, amnistia eta autodeterminazioa irmo babesteko prest egon beharko dute. Guk mahai zabal bat planteatzen dugu, eta denekin bilduko gara. Daukagun indarra eta kontsentsu zabalak akordio bihurtzeko dugun gaitasuna erabakigarriak izango dira. Eta, noski, antolakunde asanbleario bat garen heinean, azken hitza kideek izango dute.

ERCk [Esquerra Republicana de Catalunya] Comu Podemi ere luzatu nahi dio besoa, eta Guanyem haiekin batera aritu da Badalonako Udalean. Elkar ulertzea erraztuko du horrek?

Kontua da, [Espainiako] Estatuan PSOErekin gobernatzen ari denez, 78ko erregimenaren euskarri rola hartu dutela. Uste dut arazoak eurek izango dituztela, guregana hurbiltzeko. Gu erradikaltasun demokratikoa planteatzen ari gara haiei, eta irmo aurre egitea egungo sistemari. Ikusiko dugu horrekin bat egiteko moduan dauden.

Erreferenduma egitearen aldekoak zarete. Gertuago zaudete ERCtik Junts Per Catalunyatik baino?

ERCk itxaropen osoa elkarrizketa mahaian jarri zuen hasieran, baina, egiatan, horretarako mahairik ez da egon, eta azken hiru urteetan ez da inolako urratsik egin. Orain, berriz, erreferendumaz hitz egiten ari da. Ikusiko dugu zer jarrera hartzen duten estrategia partekatu baten inguruan. Ezinbestekoa zaigu, eta orain arte ez da posible izan. Guk estrategia partekatu bat nahi dugu, baina egiazkoa. Ez dugu engainatuko jendea: egun batetik bestera ez dugu lortuko aldebakarreko independentzia, tartean lan asko egin behar baita; eta, bestalde, ez dugu ezer lortuko elkarrizketa mahai batean uste osoa jarrita. Egitura propioetan eta herrialdean aurrerapenak behar ditugu, subiranotasuna handitzeko; nazioartean lan asko egin, eta kaleko independentismoa berpiztu.

Lan handia eskatzen du horrek. Zer iritzi duzu ERCk eta JxCek horretan hartutako jarreraz?

Gure aukera zintzotasun politikoarena da. Erreferenduma mahai gainean jarri genuenean, traidoreak ginela esaten ziguten. Eta guk esaten genien: «Ez diogu jendeari hitzemango egin ezin dugunik». Ez gara ari diskurtso triunfalistak egiten. Zintzotasun horrek konfiantza ematen die batzuei, eta beste batzuei ahultasuna transmititzen die.

Legealdiaren amaieran erreferendum bat egitea da zuen helburua. Hori lortzeko, zer egin behar da datozen lau urteetan?

Herrialdearen arazoak konpontzeko lana. [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak eraitsitako 40 lege horien alde borroka egin behar da, eta, erreferendumerako bidean desobedientzia erabili genuen bezala, horixe bera egin behar da lege horiekin. Egungo erregimen autonomikoa kalte egiten ari zaio gure bizitzari. Ez soilik autodeterminazioaren eta independentziaren arloan: ez digu uzten alokairua, argia eta ura ordaintzen; finean, bizitza duin bat izaten. Horrekin batera, internazionalismoan ere lan handia egin behar dugu, erabakitzeko eskubidea elkartasun internazionalistaren erdigunean jartzeko. Optika objektibo batetik eta herrien eskubideak aintzat hartzen dituen optika batetik, defendatu behar da Kataluniako herriaren eskubideak urratzen ari dela Espainia. 2017an, ematen zuen Europak ez zuela baimenduko eskubide urraketarik, baina ez zen ondo neurtu zenbaterainoko indarra izan dezakeen frankismoaren jarraipena den estatu batek, bere egitura guztiekin. Eta, azkenik, estrategia partekatu bat egin eta kaleko independentismoa piztu.

Aldebakarreko independentzian sinesteari utzi diozue?

Idealena litzateke [Espainiako] Estatuak onartzea erreferendum lotesle bat behar dela. Hori gerta dadin lan egingo dugu, baina, bide hori itsua bada, ez diogu oinarrizko eskubide bati uko egingo. Intsumisoen adibidea jar daiteke: soldadutza ez egiteko eskubidea ez zuten aitortua, baina horrek ez zituen mugatzen uko egiteko orduan. Edo, abortua penalizatuta zegoenean, emakumeek abortatu egiten zuten. Oinarrizko eskubideak dira, eta ezin dira legezkotasunaren menpe egon. [Espainiako] Estatuaren aurpegi demofobikoa aldatzen saiatuko gara, baina, lortzen ez badugu, ez dugu etengo autodeterminazioaren aldeko borroka.

Prozesu subiranista baldintzatzeko eta apaltzeko gaitasuna izan du errepresioak?

Bai. Esaten genuen ezin geniola utzi errepresioari gu ahultzen, baina kolpe asko izan dira, bata bestearen atzetik. Alderdi instituzionalek konfrontatzeari apur bat utzi ziotenean, eta egoera baretzen saiatu zirenean hobeto negoziatu ahal izateko, frustrazioa handia izan zen. Horrek desmobilizazio ziklo bat ekarri du, bi alderdi nagusiak elkarri mokoka aritu diren bitartean. «Aski da» esatera gatoz, energia berreskuratzera, eta estrategia partekatu bat adostera.

Bihar: Ferran Pedret PSCko hautagaiari elkarrizketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.