Erregai fosilekin lotutako CO2 isuriak gutxitu egingo dira pandemiaz geroztik lehen aldiz, %0,4

Global Carbon Budget ikerlanean, energia iturri berriztagarrien erabilerarekin eta Irango gerraren ondorioekin lotu dute apaltzea.

Ibilgailuz betetako errepide bat, artxiboko irudi batean. JEFFREY ARGUEDAS /EFE
Ibilgailuz betetako errepide bat, artxiboko irudi batean. JEFFREY ARGUEDA /EFE
arantxa iraola
2026ko azaroaren 10a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu zabaleko 140 ikertzailek egiten dute Global Carbon Budget ikerlan globala, C02 isurien eboluzioa neurtze aldera, eta horra, aurten beherakada bat izango dela aurreratu dute: %0,4 urrituko dira. Pandemiaz geroztik lehen aldia erregai fosilekin lotutako isuriak gutxitzen direla.

Mundu zabalean energia eskariak handitzen segitzen badu ere, energia berriztagarriak gero eta gehiago erabiltzen direla nabarmendu dute —eolikoa eta eguzkiaren bidez lortzen dena propio aipatu dituzte—, auto elektrikoen erabilera ere ugaritzen ari dela, eta arrazoi horiek daudela, besteak beste, apaltzearen atzean. «Teknologia garbiak benetako aldea ekartzen ari dira isuri globalen murrizketan», ondorioztatu dute ikerlanaren berri emateko atera duten oharrean. Aurreratu dute alor hori «azeleratzen» bada benetan aldaraz daitekeela joera. 

Irango gerra ere zerrendatu dute apaltzearen motiboen artean; otsailean, AEB Ameriketako Estatu Batuek Iranen kontrako operazio militar bat abiarazi zuten, eta, ordutik, petrolioa garraiatzeko arazoak ugaritu egin dira, eta garestitu egin da. Ondorioz, petrolioaren ondoriozko isuriak %1,9 urrituko direla ondorioztatu dute. Azterlanaren egileek nabarmendu dute, hala ere, krisi geopolitikoen bidez ez zaiela konponbidea jarriko isuriak murrizteko zailtasunei. «Egiturazko aldaketak» behar direla gogoratu dute, eta aurtengo datuetara begira atzera ere egin dela hainbat eremutan. Basoen suntsiketaren ondoriozko isuriak, esaterako, handitu egingo dira: %1,2. 

C02 isuriak murriztuta, Lurreko tenperaturaren igoera apaltzea lortu nahi da batez ere. Goraka ari da urteotan, eta gogoratu dute «egungo erritmoan» lau urte baino gutxiago geratzen direla 1,5 graduko langa gainditzeko. Horiek horrela, energia berriztagarriak bultzatzeko eta erregai fosilen erabilera urritzeko neurriak hartzen jarraitu behar da.

Herrialdeka

Herrialdekako azterketa ere egin dute ikertzaileek. Isurien %32, esaterako, Txinak egiten ditu, baina «aktibo» antzeman dute ikertzaileek joera aldaketa batean: %0,9 murriztuko ditu aurten isuriak. Indian, aldiz, igoera izango dute: %4,4koa.

Orokorrean, murrizketa ikusiko da, hala ere, herrialde askotan: EB Europako Batasunean, AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian %1 baino gehiago murriztuko dituzte isuriak. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA