Erregai fosilen kontsumoa eta ekoizpena jaistearen alde egin dute COP28ko akordio zirriborroan

COP28 bilera amaitzear dela, erregai fosilen kontsumoaren garaia bukatzea ez dute aipatuko han bildutako 200 herrialdeetako ordezkariek. Azken testu zirriborroan, erregai horien ekoizpena gutxitzea planteatu dute, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko.

COP28
Antonio Guterres, gaur, Dubain emandako prentsaurrekoaren atarian. MARTIN DIVISEK / EFE
inaki petxarroman
2023ko abenduaren 11
15:25
Entzun

Erregai fosilen aroa amaitutzat eman edo ez. Hori izan klima aldaketari buruzko COP28 goi bileraren dilema nagusia. Eta hori da, bilera bukatzeko 24 ordu eskas falta direla, gobernu ordezkariek mahai gainean duten eztabaidagai nagusia. Ea erregai fosilen kontsumoaren aroa amaitutzat ematen duten eta, hala izatekotan, zer aditzekin definitzen duten hori: deuseztatu, murriztu edo ordezkatu. Azkenean, baina, ez dirudi azken akordioan horren aipamena egingo dutenik. Goi bileraren berri ematen ari diren hedabideek eskuratu dute goi bilerako presidentetzaren azken akordio proposamena, eta, haren arabera, herrialdeek adostuko lukete fosilen ekoizpena eta kontsumoa «murriztea», zientziak eskatu bezala, 2050erako karbono neutraltasuna lortu nahian.

Azken akordio zirriborro horretan, ez dute erregai fosilen amaieraren aipamenik egin. Ikatzari buruz testuak dio haren ekoizpena eta kontsumoa «azkar» murriztu behar direla, eta mugatu behar direla ikatz zentral berriak egiteko baimenak. Beste erregai fosilei dagokienez, karbonoa xurgatzeko eta biltzeko sistemak eduki behar dituztela aipatzen du testuak. Bihar arte dute herrialdeek epea testu hori, edo besteren bat, onartzeko. Testu zirriborro horri heldu zaizkio lehen kritikak, «anbizio txikikoa» delakoan. Besteak beste, Europako Batasunak «onartezintzat» jo du.

Gaur bertan Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak egin dituen adierazpenak itxaropenerako keinu ziren, erregai fosilen amaiera aipatuko ote zen. Izan ere, Guterresek iragarri du litekeena dela ate bat irekitzea erregai fosilen erabileraren amaierari, eta herrialde bakoitzak izatea horretara egokitzeko erritmo propio bat. Hots, abiadura ezberdinetako prozesu bat izatea erregai fosilen arotik irteteko. Halaxe mintzatu da Guterres: «COP biltzarrak atal asko biltzen ditu, baina arrakasta berma dezakeen ardatza zera litzateke, ados jartzea erregai fosilen erabilera amaitzeko beharraren inguruan, 1,5 graduko berotzearen muga bermatzeko. Horrek ez du esan nahi herrialde guztiek aldi berean egin behar dutela hori».

Erregai fosilen amaiera onartu ez duten herrialdeen artean, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko (LPEE) batzuk daude, tartean Saudi Arabia eta Irak. Begiraleek diotenez, Saudi Arabia oso gogor aritu da erregai fosilen aroaren amaiera adostearen aurka.

Txinak jokatuko duen rola da gakoa goi bilera horretan ere. Aurreko larunbatean, Xie Zenhua Txinako mandatariak atea ireki zion erregai fosilen aroari amaiera formal bat emateko aukerari: «Ez badugu arazo hori konpontzen, ez dut ikusten aukera handirik COP28 biltzarra arrakastaz amaitzeko. Aurrerapenak egin ditugu gai horretan, eta uste dut gehiago egingo ditugula hurrengo egunetan». Txina ikatzaren aipamen berezia egitearen aurka azaldu da goi bilera osoan, munduko ikatz kontsumitzaile eta ekoizle handiena izanik. Ikusi beharko da ea orain presidentetzak aurkeztu duen testu horrek ikatzarentzat planteatzen dituen baldintzak onartzeko prest dagoen.

Eztabaida sortzen duten beste puntuetako bat garabidean diren herrialdeen kezka da. Izan ere, haien buruhaustea da nondik lortuko duten finantzaketa, erregai fosiletatik berriztagarrietarako jauzia egiteko garaian. Eta hori bermatzeko eskatzen diete askoz ere aurreratuago dauden herrialdeei.

«Mundu zatikatu honetan, COP28 biltzarrak erakuts dezake multilateralismoa dela erronka globalei aurre egiteko dugun tresnarik eraginkorrena», adierazi du Guterresek. Ildo horretan, alde denei eskatu die ahal duten guztia egiteko isurketak gutxitzeko, eta justizia klimatikoaren aldeko aldarria egin du. «Energia berriztagarriak hirukoizteko plan argi bat erakutsi behar dugu, energia eraginkortasuna bikoiztu behar dugu, eta klima krisia eragin duen kausa nagusiari heldu behar diogu: erregai fosilen ekoizpena eta kontsumoa. Jakina, eraldatze hori ez da egun batetik bestera iritsiko». Guterresek keinu bat egin die herrialde pobretuei: «Kronogramak eta helburuak ezberdinak izan daitezke garapen maila ezberdina duten herrialdeen arabera».

Emaitza «anbiziotsua»

Dubaiko eztabaidak emaitza izateko aukera, neurri batean, herrialde antolatzailearen esku dago, Arabiar Emirerri Batuen esku. Atzo COP28 batzarreko presidente Sultan al-Jaberrek iragarri zuen desadostasunak gehiago direla adostasunak baino. Eta dei egin zien herrialde guztiei malgu jokatzeko, ahalik eta emaitzarik «anbiziotsuena» izan dadin. Azken orduak agortzear direla, beste proposamen bat egin die Sultan al-Jaberrek ordezkariei. Bihar arte dute epea testuari azken ukituak emateko eta ikusteko ea benetan goi bilera adostasunez amaitzen duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.