COP28 klima larrialdiari buruzko goi bileran, Balantze Globalaren lehen zirriborroa ondu dute, estatuek klima krisiari aurre egiteko konpromisoak areagotu ditzaten. Testua negoziazioetarako abiapuntu bat da, herrialdeetako ordezkaritzek bide orri bat adostu dezaten, datozen urteetarako klima politiken anbizioa handitzeko helburuz. Atalka, hainbat formulazio aukera biltzen ditu, estatu gehienen jarrerak islatze aldera, eta aukera bakoitzak eraldaketa handiagoetarako ala mugatuagoetarako borondatea islatzen du. Erregai fosilen erabilerari dagokionez, zirriborroan ageri da horiek guztiz baztertzeko aukera. Beraz, estatuek mahai gainean izango dute negoziaziorako osagai hori. Hala ere, posible da estatuek erregai fosilei buruzko konpromisorik ez hartzea, ala tarteko aukeraren bat adostea.
Joan den ostiralean, petrolioa, gasa eta ikatza erabiltzeari uzteko konpromisoa hartzearen alde agertu ziren ehun herrialde baino gehiago, COP28 biltzarrean. Horien artean ziren Europako Batasuneko 27 estatuak eta OACPS Afrikako, Karibeko eta Pazifikoko Estatuen Erakundeko 79 kideak. Baina herrialde guztiak ez datoz bat horrekin. Esaterako, COP28 biltzarraren egoitza: Arabiar Emirerri Batuak. Argi geratzen ari da herrialdea gas eta petrolio ekoizleen ahotsa dela goi bilera honetan, COP28ko presidente Sultan al-Jaberren ahotik. Hain justu, Al Jaber buru duen Abu Dhabi National Oil Company (ADNOC) enpresa izan da petrolio eta gas ustiaketak deskarbonizatzeko gutuna aurkeztu dutenetako bat. Petrolio ekoizpenaren %40ren arduradun diren 50 enpresek bat egin dute ekinaldi horrekin, eta agindu dute 2050erako karbono neutro izango diren operazioak bakarrik sustatuko dituztela.
Blokeen arteko aldeak islatu ditu Balantze Globalaren lehen zirriborroak erregai fosilen atalean. Hala, lehen aukera gisa proposatu du hamarkada honen amaierarako «erregai fosilak era mailakatuan baztertzea» modu «ordenatu eta justu» batean. Bigarren aukerak, berriz, jasotzen du estatuek ahalegin handiagoa egingo dutela mota jakin bateko erregai fosilak baztertzeko: isuriak murrizteko teknologiarik ez duten erregai fosilen ustiaketena. Eta, horrekin batera, erregai fosilen erabilera murriztuko dutela mende erdialderako karbono neutraltasuna lortu arte. Hirugarren aukera da atal horretan inolako adostasunik ez lortzea.
COP28ko presidentetzak aukera guztiak jarri ditu eztabaidagai, lehenengoz. Zabaltasun horrek erakusten du ez dela erraza izango ados jartzea
COP28ko presidentetzak erabaki du aukera guztiak jartzea eztabaidagai, eta aurreko goi bilera bakar batean ere ez da halako planteamendurik izan. Alabaina, zabaltasun horrek berak erakusten du ez dela batere erraza izango ados jartzea gai horretan. Datorren astean ekingo diete negoziazio gogorrenei, estatuetako ministroek hartuko baitute parte. Espero da orduan hastea estutzen mahai gainean dagoen aukera sorta, eta orduan ikusiko da erregai fosilak baztertzeko neurriari eusteko adina konpromiso baden ala ez.
«Oraindik urrun daukagu emaitza bermatzea», adierazi du E3G think tank-eko diplomazia klimatikoko adituak, Tom Evansek. Dena den, haren esanetan, lehen zirriborroak «osagai guztiak» ditu azken emaitza «asmo handikoa» izan dadin.
Ikatza eta metanoa
Erregai fosilen erabilera orokorrari buruzko akordiorik ez bada, ikatza erabiltzeari uzteko konpromisoa hartzea izango da agintariek esku hutsik ez gelditzeko hautatuko duten bidea, adituak iradokitzen ari direnez. Neurri horren inguruan adostasun zabala dago munduan. Ekonomia Garapenerako eta Lankidetzarako Erakundeko (OCDE) herrialdeen %80k bat egin dute ikatza erabiltzeari uzteko ekinbidearekin. Espero da Arabiar Emirerri Batuek ere bultzatuko dutela horren inguruko akordioren bat, petrolio eta gas ustiaketa ez dadin askorik ukitu.
Ikatza baztertzeko akordio posible hori lortzeko trabarik handiena Indiak jarriko du segur aski. Narendra Modi lehen ministroak eskatu die herrialde aberatsei neur dezatela zein den herrialde bakoitzaren karbono aurrekontua, hau da, 1,5 graduko mugara iristeko zenbateko isurketa egitea tokatzen zaion bakoitzari, historian zehar bakoitzak isuri duena aintzat hartuta.
Espero da Arabiar Emirerri Batuek bultzatuko dutela ikatzaren inguruko akordioren bat, petrolio eta gas ustiaketa ez dadin asko ukitu
Balantzearen zirriborroan proposatzen diren aukeretako bat da isuriak murrizteko teknologiarik ez duten ikatz ustiaketak ixtea hamarkada honetan, eta ikatz zentral berri gehiago eraikitzea debekatzea. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko, ezinbestekoa da ikatzaren erabilera %75 murriztea 2030erako.
Adituek anbizio handikotzat jotzen dute metano isuriak 2030erako %30 murrizteko eta 2035erako %40 gutxitzeko neurria ere. Horrekin batera, badira beste hainbat proposamen. Esaterako, energia berriztagarrien ekoizpena orain halako hiru izatea 2030erako, energia eraginkortasuna orain halako bi izatea, energia zikinetara bideratutako «diru laguntza ez-eraginkorrak» amaitzea, eta isuri gabeko ibilgailuak sustatzea.