Alemania ekialdean gertatu dira historikoki errefuxiatuen aurkako eraso gehienak, eta horietatik bi gutxienez izan dira Bautzen hirian (Saxonia). Sorbiar komunitatearen hiriburua da —Budysin da sorbieraz—, hiri txiki eta ederra, dorre ikusgarri eta kale dotorekoa, baina itxura idiliko horren atzean zerbait ilunagoa ezkutatzen da: eskuin muturraren gotorleku bat da.
AfD Alemaniarentzako Alternatibak lortu du boto gehien azken hauteskundeetan, eta are muturrerago dauden taldeek bi aldiz eraso egin diete hara joandako errefuxiatuei: 2016ko otsailean molotov koktelak bota zituzten errefuxiatuak aterpetzen zituen hotel bati, eta 2022ko urrian berriro su eman nahi izan zioten.

Azkenaldian ez da erasorik izan, baina tentsioa egon badago, batez ere astelehenetan. Koronabirusari aurre egiteko gobernuak hartutako neurriak salatzeko elkarretaratze gisa hasi zena errefuxiatuen etorrera salatzeko eta ultraeskuineko mezuak zabaltzeko parada bihurtu da gaur egun.
Astelehena da, baina erdialdeko plaza batean egingo den elkarretaratzera ez hurbiltzeko aholkatu dio Astrid Riechmannek kazetariari, ez baitu alemaniar itxura handirik eta ekintzaile neonaziak agertu ohi baitira. Kazetariak erdizka egin dio jaramon, eta segurtasun distantzia batetik 100-200 lagun ikusi ditu ilunpetan, kandelak eta bandera alemaniarrak eskuetan, bizitasun gutxiko mezuak aditzen giro izoztu batean. Poliziaren bi auto, haiek ere distantzia batera.
Willkommen in Bautzen elkarteko kudeatzailea da Riechmann, eta beste boluntarioekin batera errefuxiatuei laguntza ematen saiatzen da. «Arabiera, farsia, ukrainera, urdua, kurduera... hizkuntza horiek eta beste batzuk dakizkiten itzultzaileak ditugu, eta errefuxiatuei laguntzen diegu administrazioarekin, lan bulegoarekin, eskolarekin edo beste edozerekin harremanetan jarri behar dutenean. Paperak egiten ere laguntzen diegu, sistemak nola funtzionatzen duen badakigulako», azaldu du Riechmannek.

Gainera, aleman klaseak ematen dizkiete iritsi berriei. 11 klase dituzte oraintxe Bautzenen bertan; lau ukrainarrekin eta besteak Pakistan, Afganistan, Libano eta beste herri batzuetatik heldutakoekin.
«[AfDren boto emaileek] ez dituzte atzerritarrak ezagutzen. Mendebaldera duela 60 urte iritsi ziren turkiarrak, italiarrak, eta badakite nolakoak diren eta ongi moldatzen dira, baina hemen ez»
ASTRID RIECHMANNWillkomen in Bautzen errefuxiatuen aldeko elkarteko kudeatzailea
Berez, kanpotik etorritakoak oso gutxi dira Alemaniako ekialdeko hiri horretan. «Bautzen hirian %7 inguru izango dira, baina %3ra ez dira iritsiko udalerri osoan». Hain zuzen ere, herri txikietan ikusten du Riechmannek kanpotarren aurkako etsaitasunik handiena. «Ez dituzte ezagutzen. Mendebaldera duela 60 urte iritsi ziren turkiarrak, italiarrak, eta badakite nolakoak diren eta ongi moldatzen dira, baina hemen ez».
Saxoniako landerrak banatutako kuoten bitartez iristen dira errefuxiatuak Bautzenera eta beste hirietara. Askok, giroa ikusita, Mendebaldera joko lukete, baina zuzeneko laguntza ematen die Willkommen in Bautzenek, eta horregatik geratzen dira gehienak.
Lanik ez zaie falta. «Bateria lantegi handi bat daukagu hemen eta beti ari da langile bila, batez ere gaueko txanda egiteko. Enpresa handietan errazagoa daukate; txikietan ere jendea behar dute, baina arrazismo handia dago, eta horietan zaila daukate»: Hortaz gain, ostalaritzan, zahar etxeetan eta kale garbiketan ere errefuxiatuen ekarpena ezinbestekoa da.
Egonaldia luzatu ahala, enplegua errazago
Eskuin muturrak errefuxiatuen aurka zabaltzen dituen mezuetako bat da Alemaniako gizarte laguntzei esker bizi direla, eta ez dutela lanik egin nahi. Eta egia da Angela Merkelek ateak irekitako milioi bat siriarretako askok oraindik ez dutela enplegurik, baina kopuru horiek apaltzen ari dira apurka. Enplegua Aztertzeko Institutuak iaz kaleratu zuen ikerketa batek dio 2013. eta 2019. urteen artean iritsitakoen %60 dagoeneko lanean ari direla; 2015ean iritsi zirenen artean, %64.
Hori bai, gizonen eta emakumeen arteko aldea oso handia da; gizonen %75 ari dira etxetik kanpo lanean, baina soilik emakumeen %31. Arrakala hori ikusi daiteke, esaterako, Berlingo Sonnenallee hiribidean, Neukolln auzoan. Siriarrek jatetxe, gozo denda, bitxi denda eta janari denda ugari jarri dituzte han, baina lanean agertzen direnen artean gutxi dira emakumeak.
Beste sektore batzuetan, gauzak berdinduago daude, eta haien lana ezinbestekoa bilakatu da Alemaniako gizartearentzat. Horrela, 10.000 sendagile ari dira lanean ospitaleetan, eta atzerriko langile talde nagusia bilakatu dira jada. Haiek gabe sistemak ez liokeela eutsiko ohartarazi dute medikuen elkarteek.
Igandeko hauteskundeetan «gauza txarrak» iritsiko direla esan du Riechmannek, baina epe luzeagora begira ez da hain ezkorra. Uste du hamar-hogei urte beharko direla Bautzenen eta Saxoniako beste hiri txikiagoetan errefuxiatuekiko giroa baretzeko. «Hemen jende zahar asko bizi da, gazteak kanpora doazelako ikastera eta ez direlako itzultzen; batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Horiek hiltzen direnean, egoera bestelakoa izango da».