Protestak herrialde arabiarretan. Nadim Huri. HRWeko Beiruteko zuzendaria

«Errefuxiatuek jakin nahi dute Turkiatik itzultzean ez dituztela torturatuko»

Human Rights Watcheko ekintzaileak kezka handiarekin ikusten du Sirian erregimena protestei zer erantzun ari zaien ematen, eta gobernuak hauteskunde libre batzuk egin ditzan eskatzen du.

2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Nadim Huri Human Rights Watcheko Beiruteko zuzendaria erakundeak Libanon eta Sirian duen ikertzaileetako bat ere bada. Aurretik, Volcker Batzordeko aholkulari laguntzailea izan zen. Ikertzaile lana egin zuen batzordean, Ekialde Hurbilean Petrolioa Elikagaien Truke programan ustelkeria kasurik ez izateko.

Nola ikusten duzu Siriako gaur egungo egoera?

Aurreko urteetako errepresioaren jarraipena da ikusten ari garena. Iraganean, 80ko hamarkadan, Daraa eskualdeko hegoaldean, Jisr al Shagurren eta Hama eskualdean egin zuten errepresioa berriro errepikatzen ari da gobernua.

Armadak 29 urte geroago Jisr al Shagurren erasoak egin ditu. Orain, beste herrietan gauza bera egingo duela uste duzu?

Bai, beste toki batzuetan erasoak egingo dituztela uste dut. Dena dela, zehazki egingo dutena jakiteko informazio gehiago beharko genuke. Baina oraingoz, Turkiako mugatik jasotzen ari garen informazioa oso kezkagarria da. Armada herritarrak ekialdeko eremuetara— batez ere Abu Kamal eta Deir ez Zorera— eramaten ari dela dioten txosten fidagarriak ditugu. Informazio gehiago lortzeko, gobernuak kazetariei eta giza eskubideen aldeko ekintzaileei herrialdean sartzen uztea lortu behar dugu.

Siriako Gobernuak herrialdera itzultzeko esan die Turkian dauden errefuxiatuei. Itzultzea segurua izango al da haientzat?

Errefuxiatuek ez zuten, gobernuak zioen moduan, talde armatuetatik ihes egin. Herritarrak armadaren beldur direlako joan ziren. Ez dira erregimenaz fio, eta beldur dira itzultzeko, ez dietelako ziurtatu Siriara bueltatuz gero zigorrik jasoko ez dutenik. Errefuxiatuek jakin nahi dute Turkiatik itzultzean ez dituztela torturatuko. Horrek gobernuagandik konpromiso bat hartzea eskatzen du, eta hori ez dugu oraindik ikusi.

NBE Nazio Batuen Erakundeak Bashar al Assaden erregimena gaitzetsi du.

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak egin du gaitzespena, baina Segurtasun Kontseiluak oraindik ez du erabakia bozkatu. Horren arrazoietako bat da Errusiak eta Txinak betoa erabiliko duten mehatxuarekin jarraitzen dutela. Baina India, Brasil eta Hegoafrikak ere ez dute argi esan zer bozkatuko duten. Guretzat tamalgarria da, herrialde horiek onartu eta gaitzetsi behar dituztelako Sirian egiten ari diren giza eskubideen aurkako krimenak. Siria beste Libia bat bihurtzeak kezkatzen ditu, baina hori ezin da erabakiaren aurka bozkatzeko arrazoi moduan erabili. NBEko herrialdeek, bateratuta, indarkeria gaitzetsi behar dute. Hala ere, nire iritziz Sirian ez litzateke kanpoko ekintza militarrik egin behar.

Egoerak okerrera eginez gero, NBEk herrialdean esku hartu beharko lukeela uste al duzu?

Gaur egun Siriako inork ez du borroka gehiagorik egoterik nahi. Beraz, ez dut uste horrek arazoa moldatzeko baliagarria izango zenik. Kontua da badaudela gobernua estutzeko beste modu batzuk, eta horiek erabili beharrean gaude.

Siriarrek nahi dutenaren inguruan kontrajarritako datuak jaso ditugu. Zer esango zenuke Siriako telebistak Jisr al Shagurren esandakoari buruz?

Sinesgarritasuna galdu du, datu faltsu ugari eman dituelako. Jisr al Shagurreko biztanleek armada etortzea nahi zutela adierazi zuten, ustez hiritik ihes egin zuten hainbatekin hitz egin ondoren. Baina ondorengo gertakariek telebistak esandakoa gezurtatu egin dute.

Damaskon gobernuaren alde egindako manifestaldiak herrialdeko egoera erakusteko balio duela uste al duzu?

Gobernuak baditu zaleak, hori argi dago. Baina oposizio handia dagoela ez da ahaztu behar. Bien arteko desberdintasuna da, haiek biltzeko eskubidea dutela, eta oposizioak, aldiz, ez. Horregatik, manifestaldia ez da herritarren desioak erakusteko modua. Hauteskunde libre batzuen beharra dago, benetan nork gobernatzea nahi duten ikusteko. Erregimenak guztientzako eskubide berak ziurtatzea gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.