Espainiako Gobernuak jarri zien helegitea Kataluniakoak onartutako aurrekontuei, eta Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du helegite horren zati bat. Pedro Gonzalez Trevijano epaileak idatzitako testua beren egin dute Konstituzionaleko magistratuek aho batez, eta bertan behera utzi dute aurrekontuetako 40. xedapen gehigarria. Eta, hala, aurrekontuetako dirua Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko bideratzen bada inkonstituzionala dela ebatzi dute.
Hiru partida dira bertan behera utzi ditzakeenak: bost milioi eurokoa bat, 800.000 eurokoa bigarrena, eta 407.450 eurokoa hirugarrena. Horiek hirurak "hauteskunde prozesuetara eta herri kontsultetara" bideratuta daude. Auzitegiak berak onartu du partida horrek berez ez dakarrela arazorik, ez duelako jartzen Kataluniaren etorkizuena erabakitzeko erreferendumera bideratuko direnik. Baina, hara bideratzeko aukera dagoela ikusita, hori inkonstituzionala dela esan du.
Partida horiek suspentsioan zeuden, behin-behinean, Espainiako Gobernuaren helegitea tramiterako onartu zen unetik, eta orain, erreferendumerako erabiltzen badira, inkostituzionalak direla ebatzi du Auzitegiak.
Honakoa dio bertan behera utzi duten xedapen gehigarriak: "Gobernuak, 2017rako aurrekontuen barnean, Kataluniaren etorkizunari buruzko erreferendum prozesua antolatu eta kudeatzeko beharrak bermatzeko partidak egokituko ditu". Hori bertan behera utzita, Konstituzionalak zehaztu du ez dagoela diru partida zehatzik aldez aurretik erreferendumera bideratuta, baina, dirua horretara bidaliko balitz, hori inkonstituzionala dela ohartarazi du.