Ugo Mattei. Erreferendumaren aldeko mugimenduaren bozeramailea

«Erreferendumak ezbaian jarriko du urteotako ekonomia eta gizarte eredua»

Fukushimako zentral nuklearrean gertatutakoak Italiako galdeketan herritar gehiago inplikatzea sortu du, baita alderdi politikoak ere, eta politika jarduera alda dezakeela uste du

BERRIA.
Erroma
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Ugo Mattei (Turin, 1961) jurista da, eta unibertsitate irakaslea, mundu osoan ospe handikoa —Turingoa ez ezik, Kaliforniako Unibertsitateko akademiako kidea ere bada—. Azken urteotan, ondasun komunen antolamendu juridikoa ikertzen aritu da; batik bat, urari dagokionez. Egunotako erreferendumaren aldeko bozeramaile entzutetsua da.

Erreferendumaren bezperan,nolako giroa nabari duzu herrialdean?

Arrakala handia dago boz hauen inguruan sortutako herri kulturaren eta zenbait alderdiren barruan garatzen hasi berri denaren artean —orain artean, apenas izan duten horri buruzko eztabaidarik—. Kanpainak iraun duen bitartean, mugimenduek ez dute izan behar besteko ordezkaritza ofizialik; baina bozak egitea zilegi zela jabetu orduko, kontsultaren alde egitea erabaki zuten zentro-ezkerreko alderdiek, Berlusconiren aldeko edo kontrako hamaikagarren hauteskunde bihurtzeko asmoz. Oraingoan, bestalde, garrantzitsua da eskuineko hautesleak ere jabetu daitezela zer garrantzia izango duen haien botoak beren etorkizunean.

Hain zuzen, sustatzaileen eta aldeztaileen ustez, erreferendum berritzailea izango da oraingo hau.

Erreferendum honek ezbaian jarriko du, lehenbizikoz, azken urteotako ekonomia eta gizarte eredu osoa. Batik bat, ura pribatizatzeari buruzko galderaz ari naiz; nire ustez, erabakigarria izango da; galdera horren bidez, taldeko ondasun komunez hitz egiten hasi gara, nahiz eta gai horrek ez duen oraindik lortu ordezkaritzarik inongo alderditan. Seinale bat izan beharko luke Alderdi Demokratikoarentzat ere, ura pribatizatzearen eta energia nuklearra erabiltzearen alde agertu baitzen garai politiko berri hau hasi aurretik.

Zer iritzi duzu Alderdi Demokratikoaren parte hartzeaz? Urria izan da azkeneko hauteskundeetara arte.

Lehendik ere bilketarako alderditzar bat da Alderdi Demokratikoa; alegia, ez da eduki politikoak dituen alderdi bat, baizik eta botoak bilduta boterea administratzeaz arduratzen dena. Bersani buruzagia, Prodiren gobernuan Garapen Ekonomikorako ministro izan zelarik, ura pribatizatzearen eta energia nuklearra erabiltzearen alde agertu zen; orain, giroa aldatu delarik, horien kontra bozkatzeko gonbita egin du. Nire ustez, erreferendumak arrakasta izango balu, zentro-ezkerreko buruzagitzaren kontrako botoa izango litzateke, protesta gisakoa. Zorionez, halako erronkatan askoz lehenagotik zaildua da alderdiko oinarria, eta berdin jokatzera bultzatu ditu buruzagiak.

Giroa aldatu egin da, halaber, Fukushiman gertatutakoaren ondorioz. Italiarrek ba al dute oraindik energia nuklearraren kontrako kontzientziarik, 1987an agertu bezala?

Ezbairik gabe, gizarte fenomeno korapilatsu bat da. Fukushiman gertatutakoa gertatu aurretik, erreferendumarentzako galga bat izango zatekeen energia nuklearrari buruzko galdera, nahiz eta gaur egun bozen eragiletzat jotzen den. Italian badugu Alderdi Berde bat, baina ez du Alemaniakoak adinako sinesgarritasunik; hangoak energia nuklearrari uko egitea erabaki berri du.

Zerk bete du hutsune hori?

Italiako mugimendu ekologistek ingurumen kontzientzia baten premia zeukaten, etsi-etsian, Italiako tradizio komunistako alderdi industrialista eta apur bat ezjakinaz harago. Horri dagokionez, esan beharra daukat katolikoek bete dutela hutsune hori. Parrokiek egin dute, esate baterako, erreferendumari buruzko informazioa hedatzeko lana.

Eskubidea dutenetatik %50ek baino gutxiagok emango balute botoa, erreferendumak ez luke baliorik izango. Zer gertatuko litzateke kasu horretan harenalde aritutako mugimenduekin?

Ez dut pentsatu ere egin nahi behar beste jendek emango ez duenik botoa. Izugarria izan da komunikabideen obskurantismoa; baina, nire ustez, herriaren kanpaitzarrak bultzatu ditu horretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.