«Kataluniak bere etorkizuna noiz eta nola erabaki dezakeen zehazten hasi behar dugu». Pere Aragones Kataluniako presidenteak gatazka politikoaren sakoneko korapiloa askatzeko negoziazioa prestatzera deitu ditu alderdi politikoak eta gizartea bera. Argitasun akordio bat adostu nahi du, Kanadaren eta Quebecen ildotik, gizartearen «aniztasuna» aintzat hartu eta autodeterminazioaren aldeko «adostasun zabala» bilduko duena. «Akordio hori indar guztiarekin defendatuko dut [Espainiako] estatuaren aurrean».
Kataluniako politika orokorreko eztabaidan egin ditu adierazpen horiek Generalitateko buruak. Eztabaida ireki du bere hitzaldiarekin, eta taldeek arratsaldean erantzungo diote, handienetik txikienerako ordenan, JxCren eta ERCren txandak amaierarako utzita.
Aragonesen esanetan, beharrezkoa da aintzat hartzea 2017ko urriaren 1eko erreferendumak utzitako «ikasgaiak», eta adierazi du argitasun akordio batek duela bost urteko erreferendumaren mugak gaindituko dituela. «Mundu guztia parte sentituko den erreferendum eraginkor bat» egin ahal izateko akordioa litzateke, haren esanetan, eta oraingo «blokeo politikoa» gainditzeko tresna egokia litzatekeela gaineratu du.
Ikusi gehiago:Seriea. U-1etik bost urtera: Atarikoak eta ondorena.
Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak abian dituzten negoziazioetan «errepresioa amaitzeko neurriak» aztertzen ari direla azaldu du Aragonesek. Errepresioa bukaraztea da gatazka konponbidean jartzeko «lehen urratsa», negoziazioa «politikara itzultzeko», eta elkarrizketak «aukera berdintasunean» egin daitezen. Madrilek konpromisoa hartua du urtea amaitu baino lehen gatazka politikoaren «desjudizializazioa» bultzatzeko, eremu horretan neurriak hartzeko.
Aragonesek ohartarazi du amnistia lortzeko bidean urrats bat izango dela hori, baina gatazka konpontzeko «sakoneko gatazka politikoari heldu» behar zaiola, eta Kataluniak zehazten hasi behar duela negoziazio politikoati nola aurre egin. Presidentearen iritziz, gizartearen gehiengo zabal baten babesa lukeen argitasun akordio bat izango da estatuarekin negoziatzeko erremintarik indartsuena.
Larunbatean bost urte beteko dira U-1eko erreferenduma egin zutela Katalunian, eta alderdi eta eragile independentistak elkarrekin mobilizatuko dira autodeterminazioaren alde. Aragonesek adierazi du U-1a estatuarekin adostutako erreferendum eraginkor batek soilik ordezka dezakeela, eta independentismoak orain arte egin duen bideari «uko egin gabe» negoziatuko duela Espainiako Gobernuarekin.
Argitasun akordioa nazioarteko eragileek ontzat joko duten proposamena ere badela gaineratu du Kataluniako gobernuburuak. «Orain arte itxita eduki dituen ateak irekiko ditu».
Koaliziokideen arteko krisia
Politika orokorreko eztabaida ERCren eta JxCren arteko ika-mikek baldintzatuta egiten ari dira aurten. Bi alderdi independentista nagusien arteko desadostasunek kolokan jarri dute Generalitateko kolazio gobernuaren etorkizuna. JxCk gobernu akordioa ez betetzea leporatzen dio ERCri, eta hiru eskari egin dizkio bien arteko krisia gainditzeko: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea. JxCk uztaileko ponentzian onartu zuen gobernu akordioaren betetzea aztertu ondoren, militanteei galdetuko die alderdiak koalizio gobernuan jarraitu behar duen ala ez.
ERCk ez die erantzun koaliziokidearen eskariei, eta adierazi du ez duela «ultimatumik» onartuko. JxCri egotzi dio alderdi barruko zatiketa gobernura hedatzea eta hura desegonkortzea. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak sortutako alderdian, bi sektore nagusi daude: batetik, Laura Borras JxCko presidenteak gidatzen duena, ERCk JxCren eskariei muzin eginez gero gobernutik ateratzearen aldeko jarrera argia babesten duena; eta, bestetik, Jordi Turull JxCko idazkari nagusiarena, ERCri exijentziak egin bai, baina koalizio gobernua apurtzeko aukera gustuko ez duena.
Gobernua, kolokan
JxCren erantzun txandan, Albert Batet diputatuak Aragonesi eskatu dio gobernu akordioa betetzeko, eta bere alderdiarentzat «oinarrizkoak» diren hiru eskariak gogorarazi dizkio. Presidenteak akordioa betetzeko borondatea agertu dio, baina akordioa «osorik» bete behar dela ohartarazita. Aragonesen esanetan, JxCk ez duelako bete negoziazio mahaia babesteko konpromisoa. Batetek erantzun dio akordioa betetzeko borondatea ondo dagoela, baina JxCk «bermeak» behar dituela, eta halakorik ezean parlamentuaren aurrean konfiantza arazo batera aurkeztea galdegingo dio.
Hain justu, CUPek mozio bat erregistratu du Aragonesi konfiantza arazo batera aurkezteko eskaria egiteko, iritzita ez duela bete gobernu akordioa eta aldatu egin direla inbestidura ahalbidetu zuten aliantzak.
Batetek gaineratu zuen batasuna ezinbestekoa dela prozesu independentista garatzeko, eta zuzendaritza estrategiko bat behar dela. «Alderdi bat besteari bere estrategia inposatzen saiatzen bada, ez dugu aurrera egingo». Diputatuak «konfrontaziorako estrategia bat» aldarrikatu du, zehaztasunik eman gabe, eta ez dio babesik eman Katalunian argitasun akordio baten bueltako adostasun bat josteko Aragonesek egin duen proposamenari. «U-1a da bidea markatzen duena».
Espero moduan, Salvador Illa Kataluniako oposizioko buru eta PSCko liderrak errefusatu egin du argitasun ituna, eta erantsi du Kataluniako Gobernua «jostailu apurtu bat» dela: «Ez du balio». Illak esan du «akordioak» bozkatzearen aldekoa dela, baina ez «hausturak» sortzearena. Halaber, nabarmendu du ez dagoela ados «ezer konponduko ez duen» proposamen horrekin.
PSCko buruaren arabera, Generalitatea «etengabeko zurrunbilo batean» murgilduta dago, «ziurgabetasunez josita», eta gehiago arduratzen ari da «hor mantentzeaz eta bizirik irauteaz, Kataluniaren eraldaketei aurre egiteaz baino». Kritiko mintzatu den arren, Aragonesi eskatu dio Kataluniako alderdien arteko elkarrizketa «abiatzeko».
Eulalia Reguant CUPeko talde parlamentarioko bozeramaileak politika orokorreko eztabaidan parte hartu du, eta argi mintzatu da Generalitateko presidenteak egindako proposamenari buruz, esanez alderdi antikapitalistak ez diola ibilbiderik ikusten ekinaldi horri, eta ez duela «sinesten konponbide magiko eta alferrikakoetan». CUPeko bozeramaileak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak ez du ordu erdi ere behar izan proposamena baztertzeko, eta elkarrizketa mahaitik altxatzeko eskatu dio Aragonesi: «Horrek berriro ikusarazten digu elkarrizketa mahaia alferrikakoa dela garai politiko honetan».
CECP Catalunya en Comu-Podemeko lider Jessica Albiachek ziurtatu duenez, Generalitateko presidenteak proposatu duen argitasun akordioa 2017an jarri zuen mahai gainean, urriaren 1eko erreferenduma egin zen urtean; hain justu, CECPk hauteskunde programara eraman zuen. «Ongi etorri En Comu Podemek duela bost urte egin zuen proposamenera», esan du Albiachek. «Nik neuk defendatu nuen [Quim] Torra presidentearen aurrean». Aragonesi aurpegiratu dio akordioa zehazteko proposamena «atril batetik» egin izana: «Hitz eginez eta adostasuna lortuz gobernatzen da».