Estatuak amazigeraren ofizialtasuna onartzen du, baina, aldi berean, hizkuntzaren suspertzea galarazten du». Horixe da Milouda El Ankari amazigeraren aldeko aktibistaren iritzia. Amazigera jatorrizko hizkuntza da Egiptotik Mauritaniarako eta Mediterraneotik Saharaz hegoalderako eremuan. Inkesten arabera, Afrika iparraldeko biztanleen %20k dakite amazigera, baina hizkuntza horretan aditua den Mohand Tilmatinek esan duenez, «askoz hiztun gehiago» daude. Marokoko Ordezkarien Ganberak hezkuntzan frantsesa bultzatzearen alde bozkatu zuen, uztailean.
Haren ustez, biztanleriaren %40k erabiltzen du amazigera, eta Marokon, %60k. «Errealitatea islatzen duten inkesta gutxi daude», adierazi du Cadizko Unibertsitatean amazigera erakusten duen irakasleak. Izan ere, inkesta gehienek hitz egiten eta idazten dakiten pertsonak bakarrik hartzen dituzte kontuan, baina ahozkoan hizkuntza horretan mintzatzen diren amazig «asko» daudela azaldu du Tilmatinek.
Amazigera Marokoko eta Algeriako hizkuntza ofizialetako bat da, gaur egun. Marokok 2011. urtean Konstituzioan egindako erreforman bilakatu zen ofizial, nahiz eta parlamentuak joan den ekainaren 10ean sinatu zuen hizkuntzaren ofizialtasuna onartu zuen lege organikoa. Aljerian, ordea, duela hiru urte ofizializatu zen amazigera.
El Ankarik azaldu duenez, ofizialtasun hori lortzea ez zen prozesu erraza izan, «errepresio handia» jasan baitzuten amazigeraren defendatzaileek. «Estatuak ez du hizkuntza ofizial bilakatu naturalena dela uste duelako, baizik eta manifestazio eta aldarrikapen asko egin direlako», azaldu du. Teorian, amazigera Afrika iparraldeko hizkuntza ofizialetako bat da, baina legeak arautzen duena «errealitatetik oso urrun» dagoela salatu du El Ankarik: «Epaiketa batean edo polizia etxean, ez duzu askatasunik amazigeraz hitz egin nahi duzun erabakitzeko».
Amazigera munduko hizkuntza minorizatuetako bat da, gaur egun, baina VII. mendean arabiarrek Afrikako iparraldea konkistatu baino lehen, oso hizkuntza erabilia zen. Garai hartan hasi zen arabiartze prozesua, eta, Tilmatinek onartu duenez, «koexistentzia ez da batere erraza izan». Haren ustez, ezinezkoa da konkistatzaileen eta konkistatuen hizkuntzek «berdinen arteko harreman bat edukitzea», lehenengoak bigarrenak ez duen «prestigioa eta botere politikoa» baititu.
Amazigera, baztertuta
«Hizkuntza diskriminatua da amazigera», salatu du El Ankarik. Koranaren hizkuntza ez dakiten herritarrak «ezjakinak» direla uste dute arabiar askok, eta, haren ustez, gutxiespen jarrera hori meskita batzuek bultzatzen duten «doktrinamenduaren islada» da. Miloudaren arabera, hauesan zuten meskita horietako batean: «Arabierako salam agurra erabili beharrean amazigerako azul agurra baliatzen duten pertsonak infernura joango dira». Diskriminazio horri aurre egitea lortu dute pixkana, eta hizkuntza suspertzeko ahaleginetan dihardute.
Marokoko Ordezkarien Ganberak baiezkoa eman zion frantsesa komunikazio hizkuntza izatea proposatzen duen lege proiektuari, iragan uztailean. Izan ere, frantsesa jakitea eskatzen dute Marokoko unibertsitateetan ikasi ahal izateko, eta, ondoren, enplegu bat lortzeko aukera izateko. Goi ganberak lege proiektu hori onartuko balu, Marokoko eskola publikoetan frantsesez irakatsiko lirateke matematikak eta beste irakasgai zientifiko-tekniko guztiak. Tilmatineren ustez, Marokon frantsesa bultzatu nahi izatea «ez da arriskutsua», arabierak jartzen baitu arriskuan amazigera: «Arabiera da, eta ez frantsesa,egunerokotasunean erabiltzen den eta amazigera mehatxatzen duen hizkuntza». Amazigeran adituak azaldu duenez, Euskal Herriko egoera Marokon bizi dutenaren antzekoa da, euskararen lehiakidea gaztelania baita, eta ez ingelesa edo frantsesa. Frantsesa bultzatzea «erabaki politiko eta pragmatiko bat izan da»; baina amazigerari buruzko testu asko frantsesez idatzita daudenez, «aurrerapenak egiteko tresna» izango da frantsesa, Tilmatineren iritziz.
Etorkizunari begira
Amazigeraren erronketako bat corpus bat sortzea da, hizkuntza horri buruzko lehen gramatika Hilarion Sarrionandia euskal herritarrak idatzitakoa baita, 1905. urtean. Hala oroitarazi du El Ankarik. Haren ustez, desafio hori gailentzea zailtzen duen arazo bat dago: amazigera gehien erabiltzen duten bi herrialdeak, Maroko eta Aljeria, «etsaiak» dira, eta sistema grafiko desberdina erabiltzen dute. Aljerian, grafia latinoaren aldeko apustua egin zuten, eta Marokon, ordea, tifinagh izeneko alfabeto arabiarra inposatu zuen IRCAM amazigeraren aldeko Marokoko Institutuak. Izan ere, El Ankarik esan zuenez, IRCAMentzat alfabeto latinoa kolonialismoaren ondarea da, eta tifinagh alfabetoa, ordea, «sorkuntza propioa».
El Ankarik aipatu duenez, etorkizunerako zenbait erronka aurreikusten dituzte. Amazigera erabiltzen ez den lekuetan, bi izango dira helburu nagusiak: hizkuntza bultzatzea eta «prestigioa» irabaztea. Hizkuntza barneratua duten herrialdeen egitekoak, ordea, beste batzuk izango direla nabarmendu du. Marokon «kontzientziazio prozesu handia» egon da; beraz,hurrengo pausoa idazketari bidea ematea izango dela azaldu du. Kabilia Aljeriako eskualdean ere, «aurrerapauso handiak» eman dituzte, eta erronka nagusia hizkuntza informatikaren alorrera hedatzea izango da, El Ankariren ustez.
Aurrerapenak egin dira, Marokoko zenbait unibertsitatetan amazigeraz ikasteko aukera baitago, gaur egun: Agadirren etaRabaten, adibidez. Rifen, ordea, ez da ikasleek amazigeraz ikasteko eskubidea bermatzen. Beraz, El Hankarik aitortu bezala, «lan handia dago oraindik egiteke».
«Errealitatetik oso urrun»
Amazigera hizkuntza ofiziala da Marokon, baina benetako egoera «oso bestelakoa» da. Ordezkarien Ganberak hezkuntzan frantsesa bultzatzearen alde bozkatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu