Foibe-en negazionismoa leporatu dieten historialarien artean, Eric Gobetti dago (1973), faxismoaren eta italiar eta jugoslaviar erresistentziaren gaineko aditua. Zenbait talde faxistak hiltzeko mehatxua egina diote. E allora le foibe? liburua atera du (Eta foibe-ak orduan zer?), eta haren aurkezpenean elkarrizketatu du BERRIAk, Ollastan, Sardinian.
Ikusi gehiago: Oroimenaren Eguna: historia ukatua
Zer egoera politiko eta historikotan sortu zen Oroimenaren Eguna?
Italian, egoera hauxe zen: Gerra Hotza bukatu eta gero, faxismoaren oinordekoak eta komunismoarenak ustez adiskidetuta zeuden. Baina komunista izandakoek ospakizuna babestu eta «krimen komunista» bat gaitzesten dute, eta faxismoaren oinordekoek, aldiz, beren historia aldarrikatzen dute. Shoah eta foibe-ak parekatu nahi dituzte, maila berean jarriz Memoriaren Egunean [urtarrilaren 27an] oroitzen diren gertakariak eta Oroimenaren Egunean [otsailaren 10ean] gogora ekartzen direnak. Elkarrengandik oso gertu daude bi egunak, eta bi sinonimo erabiltzen dira haiek izendatzeko.
Eskuineko politikariek, hain justu, maiz aipatzen dute «gure Shoah» parekatu ezin daitezkeen bi gauza parekatzeko. Egiaz, apirilaren 25arekin egin beharko litzateke kontrastea, hots, faxismotik eta nazismotik askatu izana ospatzen den egunarekin. Oraingo hau, aitzitik, adiskidetze bat baino gehiago, memoriaren partiketa moduko bat da.
Salatzen duzu «estatuaren egia bat» ezarri dutela, instituzioek herritarrei proposatua, berez bat ez datorrena ikerketa historikoek diotenarekin.
Kontakizun ofizialak gerra garaiko propaganda faxistaren eta naziaren antza du. Horren adibide deigarri bat Rosso Istria filma da, RAIk 2018an ekoitzia. Hor, borreroek ez dute, itxuraz, indarkeria beste motibaziorik, eta «bidelapur» gisa ageri dira, hau da, propaganda nazi-faxistak partisanoak definitzen zituen modu berean.
Filmean, berriro zabaltzen dituzte nazionalismo italiarraren eta gero faxismoaren ideia batzuk: eslaviarren kontrako estereotipo arrazistak. Faxistak, aldiz, partisanoen indarkeriaren biktima gisa agertzen dira, eta soldadu naziak, are, heroi gisa, ikus-entzuleak haiekin identifika daitezen.
Tesi ofizialaren arabera, partisano jugoslaviarren helburua italiarrak deuseztatzea zen —'genozidio, 'garbiketa etniko' eta halako adierazpideak erabili ohi dituzte—, edo haiek izutzea, alde egin zezaten…
Kontakizunak zenbait klixe ditu oinarri, hala nola «italiarrak izate hutsagatik hil zituzten»; baina klixe horiek ez datoz bat historiarekin. Garbiketa etniko terminoa errepublikako bi presidentek ere erabili izan dute, baina indarkeria hura ez zen sortu arrazoi etniko edo nazionalengatik, baizik eta motibo politiko eta militarrengatik. Hain zuzen, aurreko hogei urteetan eslaviarrek sufritutako zapalkuntzaren eta jazarpenaren ondoren etorri zen 1943ko indarkeria, eta estatu faxistako ordezkariei eragin zien gehienbat. 1945eko indarkeria, berriz, Europa osoan gerra bukatzean hedatutako kontu kitatze izugarriaren parte izan zen, eta nazien kolaboratzaileei eragin zien batik bat.
Baina asmoa ez zen inondik ere izan herri oso bat sarraskitu edo kanporatzea. Hala eta guztiz ere, batzuek foibe-en zuzeneko ondorio gisa deskribatzen dute exodoa, garbiketa etnikoaren ondorio izan balitz bezala. Berez, exodo delako hark hamabost urte iraun zuen gutxienez, eta 1947tik 1954ra izan zuen gailurra, Italiaren eta Jugoslaviaren arteko muga aldatu zen urteetan hain justu.
Datuak puztea da operazio politiko eta ideologiko horren funtsa.
Giza alderditik eta alderdi etikotik, zenbakien kontua ez da hain garrantzitsua, baina historiaren ikuspegitik, bai: fenomeno jakin baten tamaina kalkulatzea lagungarria da nolakoa izan zen ulertzeko. Gauza bat dira Shoahko 6 milioi hilak —egia esan, sekula ez dugu jakingo zenbat biktima izan ziren benetan—, eta beste gauza bat dira Ipar Adriatikoko 5.000 biktimak, lurralde haietan bizi ziren milioika italiarren artean 5.000.
Foibe-etako biktimak gehiago izan zirela esatea baliagarria da bi gertakariak parekatzeko, eta, egia esan, bi egunak garrantzi berberez ospatzen dira: hala, Shoahren larritasuna apaltzen da, eta faxismoaren krimenak arindu.
Gertakari haiek politikoki baliatzea ez al da exekutatutako biktima errugabeak gaizki tratatzea, okupatzaileen kolaboratzailetzat jota?
Bai, noski. Gertakariak modu historikoki zuzen batean tratatzea lagungarria da biktimak zintzoago oroitzeko, faxismoaren alde zeudenak errugabe erailengandik bereiziz, partisanoek hanka sartu eta okupatzaileen hurbilekotzat hartu baitzituzten. Faxistak ez dira biktimatzat hartu behar, historikoki ez baitziren hala izan, eta, era berean, ezin dira biktima guztiak faxistatzat jo.
Nola sentitzen zara «negazionista» izatea egozten dizutenean?
Kalumniazko akusazio bat da hori, onartezina eta toleraezina, baina erraza da hari buelta ematea. Izan ere, negazionismoa leporatzen didaten horiexek ukatzen dute errealitate historikoa, benetan gertatu zena. Nik faltsukeria historikoak ukatzen ditut; beraz, nekez izango naiz negazionista. Haiek ukatzen dute faxismoaren eta nazismoaren erantzukizuna.
Italia. Eric Gobetti. Historialaria
«Errealitate historikoa ukatzen dutenak dira negazionistak»
Gobettik salatzen du 'foibe'-en inguruko kontakizun ofizialak «gerra garaiko propaganda faxistaren eta naziaren antza» duela: «Faxistak ez dira biktimatzat hartu behar, historikoki ez baitziren hala izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu