ERRESUMA BATUA Bozen azken txanpa (III). Bozketa egunaren atarian.

Erraza behar zuen bideak

Alderdi Kontserbadorearen gehiengo osoa sendotzeko egin zuen bozetarako deia Mayk, 'brexit'-aren negoziazioei begira. Bi hilabeteren ostean, gehiengoa kolokan du lehen ministroak, laboristen eraginez.

Erraza behar zuen bideak.
ander perez zala
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Jarraitu beharreko bidea argia zen apirilaren 19an. Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa zuen Komunen Ganberan, baina, brexit-aren negoziazioei begira babes zabalagoa behar zuelakoan, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak 2020ko hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen. Bide batez,Alderdi Laborista hondoratu eta UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiaren barne krisia bere mesederako baliatzeko erabili nahi zituen gaurko bozak; eta, zurrumurrua den arren, alderdian brexit-aren aurkakoak direnak gainetik kentzeko. Jokaldi ezin hobea, lehen ministroaren iritziz. Hilabete eta erdi pasatuda harrezkeroztik, eta Maykkolokan du David Cameronek 2015ean lortutako gehiengoa; gainera, gaur lehen aldia da Erresuma Batuko estatuburu izateko aurkezten dela May, aurrekoan Cameronen dimisioaren ondorioz lortu baitzuen kargua. Erraza behar zuen bideak, baina jarduneko lehen ministroaren hauteskunde kanpaina etsigarriak eta Alderdi Laboristaren gorakadak, kanpainaren gidaritza eramatearekin batera, erabat aldatu du esperotako gidoia. Harritzekoa litzateke Alderdi Kontserbadoreak ez irabaztea gaur, baina ikusteko dago gehiengoari eusteko gai izango ote den.

Hauteskunde kanpainako gai nagusia, eztabaida, EB Europako Batasunetik ateratzeko prozesuak izan behar zuen. Hala espero zuen jarduneko lehen ministroak, eta gai horren inguruan abiatu zuen kanpaina kontserbadoreen buruak. Oposizioko alderdi nagusiak, ordea, ez du bide hori hartu, eta Jeremy Corbynek tory-en neurriak eta murrizketak kritikatzeko baliatu du aukera, eztabaida bere ideietara eramanda, Mayren ezusterako. Eskozian ere, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren —hirugarren indar politikoa da parlamentuan— eta Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek ere Mayren murrizketak jarri dituzte jomugan, bigarren independentzia galdeketarekin batera. Ezustean, gai sozialak bihurtu dira eztabaidagai nagusi, eta hein batean bada ere, Alderdi Kontserbadoreak sustatu egin du joera hori, hauteskunde programa aurkeztean gai horiei garrantzia gehiago eman baitzion; eta hori izan da jarduneko lehen ministroaren hutsegite handiena. NHS Osasun Nazionalaren Sistemaren egoera, ikasleen zergak, pentsioen geroa, hainbat gairi garrantzia ematea lortu dute laboristek, eta babes handia eskuratu dute.

Azken astean, aldiz, segurtasuna bihurtu da eztabaidagai nagusi, Manchesterko eta Londresko erasoen ostean —zortzi dira hildakoak azken horretan, Poliziak atzo baieztatu zuenez—. Gaia aldatuta ere, Corbyn erasokor agertu da, Barne ministro zenean Mayk Polizian egindako murrizketak kritikatuz; kontserbadoreen buruak, diskurtsoa gogortu, eta giza eskubideen legeak berrikusteko beharraz ohartarazi du. Hala iritsi dira gaurko hitzordura.

Globalizazioaren eztabaida

Frantziako presidentetzarako bozetan bezala, globalizazioaren eta nazionalismoaren arteko talkak hartu du garrantzia kanpainan, ezkerraren eta eskuinaren ohiko borrokak baino —ez du inork protekzionismoaren alde egin—, bi ideologietan EBtik ateratzearen eta han geratzearen aldekoak baitaude. Inkestek gorakada eman diote Alderdi Laboristari —batez ere bere hauteskunde programa maiatzaren 11n filtratu zutenetik—, eta gaur gertatuko denaren isla izan daiteke; kontuan hartu behar da gazteen gehiengoak Corbynen alde bozkatzen duela, eta aurten botoa lehenengoz emateko aukera izango duten gazteen kopurua asko handitu dela. Baina 2015eko bozetako inkestetan ere pareko iritsi ziren hitzordura bi alderdiak, eta tory-ek gehiengo osoa lortu zuten. Egungo egoera politiko eta soziala ez da berdina, baina ukaezina da laboristek azken hilean lortutako gorakada.

Erresuma Batuko hauteskunde sistemak, ordea, ez du zertan ordezkatzen era egokienean errealitate politikoa. 650 barrutitan bozkatuko dute gaur, bakoitzeko diputatu bat hautatzeko; hautagai bozkatuena izendatzen dute barrutiko ordezkari. 2015eko emaitzekin azaldu daiteke egoera: UKIPek Erresuma Batuko botoen %12,8 lortu zituen, eta diputatu bat. SNPk, soilik Eskoziako barrutietan aurkeztuta, Erresuma Batuko botoen %4,7 lortu zituen, UKIPen erdia baino gutxiago, baina hirugarren indarra izan da, 56 ordezkarirekin. Alegia, boto emaileak oso sakabanatuak ez izatea da gakoa.

Erresuma Batuak brexit gogor edo leun bat behar duen, hori izango da gaurko bozetako gako nagusietako bat. Eta horrek zehaztuko du Mayren babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500