Ebola birusa ez da itzuli Rothongbaira, Port Loko distrituko Maforki erresuman dagoen herrixkara. Oinez edo motorrez bakarrik irits zaitezke, Maforkitik, hamar etxez osaturiko aspaldiko herri honetara. Gertuen duen garraiobidea trenbidea da, African Minerals-ek burdina ateratzeko erabiltzen duena. Enpresak garbitu zuen Rothongbairaino daraman bidexka. Birusa ez zen basotik etorri. Herriko batek ekarri zuela azaldu du Amin Kargbo buruzagiak. Hura hil ondoren beste herrikide batzuk gaixotu ziren, eta guztira 23 galdu dituzte azkenean.
Egia esan, oraindik ez dakite ebolak hil ote zituen, laborategi azterketen emaitzarik ez baitute ekarri, baina denek ere gaixotasun laburren sintomak izan zituzten. Batzuk ospitalean hil ziren, eta besteak herrian. 117 larrialdi zenbakira deitu bai, baina ez zuten erantzuten garai hartan. Ibiltzeko indarra zutenak oinez joan ziren Port Lokora. Lau bizirik atera ziren. 40 urteko Fatumatak harro erakusten du sendatu ondoren eman zioten «bizi-iraupen ziurtagiria». Ospitalera joan barik etxean geratu ziren batzuk ere salbatu ziren, oka egitea saihesteko sendagai naturalak hartu ondoren.
Zorionez, ebola joan da herritik, etorri zen bezala; baina 23 gutxiago dira orain. Eta bizirik iraun dutenek aurre egin beharko diete bizi-baldintza muturrekoei, sufrimenduaren ostean oinazea besterik ez baitute. Nahitanahiezko koarentenan egon dira, Sierra Leonako agintariek herritik ateratzea debekatuta, eta soroetara ere ezin izan dira joan ereindako arroza biltzeko. Uzta zeharo hondatu da. Ez dute arrozik, ez jateko, ez berriz landatzeko ere.
Janaria ekarri diete gobernutik, «baina edalontzi bana bakarrik», dio herrixkako buruzagiak. Behar baino gutxiago banatu omen diete. Heriotzak urrian gertatu ziren, eta, izurria geldotu zenean, umezurtz geratu zirenak Port Lokora eraman zituzten, baina handik gutxira berriz herrira ekartzeko.
Fody Bangura hiru seme-alaba txikiren arduradun bakar bihurtu da, eta gobernuaren laguntza behar du umeon buruetan hezkuntza sartu ahal izateko, «gero onuragarriak izan dakizkigun». Baina behar diren laguntzak ez dira iristen. Argi daukate zer behar duten: hezkuntza, osasun arreta eta nekazaritzan jarduteko laguntzak.
Epidemia, geldotzen
Sierra Leonan ere ebola geldotzen ari dela dirudi. Erantzuna behintzat sendoagoa da azaroaz geroztik. Orain anbulantziak eta bakartze gune nahiz ebola zentroak behintzat eskura dauzkate autoritateek. Port Loko distrituan herritarrak musulmanak dira, eta egia da haien tradizio batzuek kutsadurak azkartu ahal izan dituztela —hildako pertsona maitatuen gorpuak lurperatu aurretik eskuz garbitzea, adibidez—. Baina ohe falta izan da heriotza eragin duen faktore nagusia.
Bakartze guneetako ohe guztiak beteta egon dira oraintsu arte. Laborategiak oso geldoak zirelako edo ebola zentroetan ohe librerik ez zegoelako, jendeak 117 zenbakira deitzen zuen. Baina, Marta doktoreak abenduaren hasieran zioenez, «egunero 50 edo 70 pertsona geratzen dira erantzunik gabe, gaixoak nora eraman ez daukagulako».
Irekita bost aste daramanean, Maforkiko Ebola Zentroak baieztatutako 300 ebola gaixo tratatu ditu jada. Peter George doktoreak dioenez, 53 gaixo atera dira bizirik, eta azkenerako %60ko arrakasta maila lortu dute. Laguntza ez zaie falta. Sierra Leonako erizain, garbitzaile eta sukaldari troparekin batera, Kubako eta Estatu Batuetako mediku eta erizainak dauzkate, «gizateriak duen erronka handi honi aurre egiteko», dio Delgado doktoreak. Izurria gutxira doa: ehunen bat gaixo zeuzkaten zentro honetan ireki eta lehenengo asteetan, eta orain 50 baino gutxiago dauzkate.
Nekazarien oinazea
Romeni herrixkara itzuli berria da Alimani Kargbo, timini hizkuntza duen herriko buruzagia. Port Lokoko ospitaletik dator. Salbatu diren romenitar bakarretakoa da. Ospitalera eraman zituzten ia gehienak ez ziren itzuli, eta, harrezkero, ospitalera joateari beldurra diote. Orain, herriko buruzagia ospitalearen alde mintzo da, esker oneko: oso ondo zaindu dutela eta, gainera, tratamendu azkarra bizirik irauteko aukera bakarra dela esaten die herrikideei.
Romeni herriaren lur ia guztiak SLA multinazionalak hartu ditu, inguruko herrietako buruzagien buru den Hassan Cherif Paramount Chief eta Ohorezko Parlamentu Kidearen bitartez. Lurra ematearen truke, berehalako mozkinak agindu zizkieten herritarrei. «Bizirik irauteko, nekazaritzatik merkataritzako nekazaritzara salto egingo zutela esan zieten», dio giza eskubideen aldeko ekintzaile izan nahi duen Mafudia Kamarak. «Baina, azkenean, lur gabe geratu dira, eta SLA multinazionalak oso gutxi ordaindu die lurraren truke. Orain ez dute lehen lurretik ateratzen zutena, eta multinazionalaren noizbehinkako enpleguak ere ez zaizkie aski euren premiei aurre egiteko», dio Mafudiak.
Romeniko gizonezkoek ez dute SLAren kontrako hitzik. Multinazionalaren olio palmak zaintzeari eustea dute irtenbide bakarra. Mohamed Bin Kamara, adibidez, SLA etorri aurretik zuten miseriaz mintzo da; baliabideak erabiltzeko indarrik ere ez zuten. Baina herriko emakumeak ausartagoak dira, eta ezarritako akordioa berrikusteko eskatzen dute.
Malingo basamortua
Garai bateko gatazkaren atzean diamanteak zeuden bezala, orain lurra nahi dute diru eta boterearen zaleek. Pujehun barrutian, bereziki Malin erresuman, eta hemen ere bertako Paramount Chiefaren esku hartze zuzenarekin, lur den-dena eskuratu dute olio palmaren monolaborantza ezartzeko. Malinen ere herritarrek ez zuten parterik hartu Socfin multinazionalaren eta Paramount Chiefaren arteko negoziazioan. Gainera, multinazionalak ez die utzi ez tarteko lurrik, ez basorik, ez kanposanturik ere.
Are gehiago, kalte-ordainak erabakitzeko orduan, familia bakoitzak zuen jatorrizko palmondo kopurua bakarrik hartu zuten kontuan. Familia lurren eremuak neurtu beharrean, hirurogei palmondoko lur akre bat ordaindu zieten. Hori guztia aski ez, eta Socfinentzako noizbehinkako lanen jornalak bizpahiru dolarrekoak dira. Bigarren mailako hezkuntza ordaintzeko adina nekez eman dezake multinazionalaren menpeko esklabotzak, baina multinazionalak lana eskaintzen duenean ia derrigorrezkoa izaten zaie herriko emakumeei umeak ere amonarekin utzi eta dolar bakar baten truke olio palma andana bat garbitzera joatea.
Eskaintzen zaien bizimodua ez da erakargarria, baina palma olioaren monolaborantzan erabiltzen diren gai kimikoek beste aukera guztiak kutsatu dituzte. Arroz soroetako arrainak hartzeko ere beldur dira tokikoak.
Malingo auzolagunak ez daude ados ezarri dieten errealitatearekin, baina beste inork ez du haien alde hitz egiten, eta hitz egiten duten bertakoek arazo are latzagoak izan ohi dituzte. «Ezin dugu ezer egin; agintariek zapaldu egiten gaituzte, ados egotera behartzeko», dio Simba Mattias Malua lur jabeen elkarteko buruak. Nahiz eta hasieran Paramount Chiefak esan zien ez zela nahitaezkoa lurrak Socfin multinazionalari ematea, gero, nahi edo nahi ez, lur guztiak hartuko dituztela esan diete. Honezkero palma oliozko basamortuaren erdian dago Malin. Herritarrek debekatua dute baimenik gabe lurretan sartzea ere.
«Herritarrok ez genekien zenbat akre ziren gure familia lurrak, eta multinazionalak ez zituen neurtu, kalte-ordain gisa diru apurrak besterik ez emateko», dio Simba Mattiak. Hark bost akre zeuzkan landatuta herriaren inguruan, eta egun batetik bestera landare guztiak sustraietatik atera zizkioten. «Hemen gertatzen ari dena ez da borondatezkoa; zapalduta gaude», azaldu du Mattiak.
Ez da bakarrik suntsitutako soroaren truke ez diotela ezer ordaindu; gainera, euren elkarte kide batzuk auzipetu egin dituzte olio-palma zuhaixka batzuk erauztea leporatuta, eta suntsitutako zuhaixken balioa halako bi ordaintzera zigortu dituzte. Sierra Leonaren eriondoan, bertako gobernuak noren alde egiten duen da gakoa; eta noren alde egin behar lukeen pobrezia bukatzea lehentasun balitz. Etxean geratzeko agindua ezarri berri du ebolak kolpatutako eskualdeetan. Ez dago garbi noiz arte.
Ebola. Izurriteak urtebete
Eriondo amaigabea Sierra Leonan
Ebolak txikizioa eragin du Sierra Leonan. Birusaren eragina apaldu da, baina landaguneetako biztanleek, gaitzari ez ezik, aurre egin behar diete olio palmaren monolaborantza sustatu duten multinazionalei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu