Mugarik Gabeko Medikuen Haitiko koordinatzailea

Sophie Mealier: «MSFren ospitaleetan muga-mugan ari gara lanean»

Haitiko hiriburuan egoera larria dela azaldu du Mealierrek, eta «biztanleria osoari» eragiten diola ohartarazi du. Port-au-Princen duten egoeragatik «larrituta» dago.

Port-au-Princeko erietxeko atea. JOHNSON SABIN / EFE
Port-au-Princeko abandonaturiko erietxeko atea. JOHNSON SABIN / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 17a
05:10
Entzun

Joan den otsailaren 28an Haitin «muturreko» beste indarkeria olde bat hasi zen, eta egun hori jartzen du Sophie Mealierrek mugarritzat haien erietxeetako jardunaren gorakada azaltzeko. Indarkeria horrek ondorio humanitarioak sortu ditu, eta, «modu batera edo bestera», Port-au-Princeko «biztanleria osoari» eragin dio. Gainera, aurrez existitzen ziren beharrak «areagotu» ditu, eta herritarrak arazoak izaten ari dira «erietxeetara iristeko, eta ura, janaria eta ogibidea eskuratzeko». Hori da Mealierrek, MSF Mugarik Gabeko Medikuen Haitiko koordinatzaileak egiten duen irakurketa: «Nahiz eta guri ez dagokigun egoera epaitzea».

(ID_17128297180405) Sophie Mealier MSF
Sophie Mealier

Azaldu duenez, osasun eraikin gehienak itxita daude Haitiko hiriburuan, izan publikoak edo pribatuak, eta biztanleei «zailagoa» zaie osasun arta jasotzea. MSFk lau ospitale zuzentzen ditu Port-au-Princen, eta ohi baino eskari handiagoa dute orain: «Muga-mugan ari gara lanean. Gure trauma eta erredura larriko ospitalean 25 ohe gehitu behar izan dizkiegu aurretik genituen 50ei, jasotzen ari garen zauritu kopuruagatik».

Horrez gain, 25 oheko erietxe berri bat ireki behar izan zuten iragan martxoaren 4an, hiriburuko kanpoaldean, eta, «eskaria handia» zenez, itxia zuten larrialdietarako ospitalea espero baino bi aste lehenago ireki zuten. Port-au-Princeko auzorik txiroenetarikoan ere badute erietxea, eta hori ere «ahalmen osoan» ari da lanean.

Egoera horregatik «larrituta» dago MSFren Haitiko koordinatzailea. Gainera, zama bat dute aduana pasatu zain, baina portua banden kontrolpean dago, eta «ezinezkoa» zaie hara sartzea eta karga eskuratzeko kudeaketak bukatzea. Zama horretan sendagaiak eta bestelako osasun baliabideak dituzte, eta, haien kalkuluen arabera, «hamar edo hamabost egunerako» materiala dute erietxeetan. «Oso larrituta gaude dauzkagun eskaera eta behar guztiekin, eta ziur gaude stockean dagoena oso azkar bukatuko zaigula», ohartarazi du Mealierrek. Hiriburuan duten egoerak okerrera egiten badu, ezingo dute beste kasurik onartu: «Erietxeetako pazienteen kopuruan gorakada nabaritu dugu».

«Oso larrituta gaude dauzkagun eskaera eta behar guztiekin, eta ziur gaude stockean dagoena oso azkar bukatuko zaigula».

Karga hori eskuratzeko aukerarik ez izateak egoera «kritiko batera» bultzatuko ditu; bai MSFkoak, beren lana egiteko, baita mediku zaintza behar duten horiek ere. «Dagoeneko aukera oso mugatua da», Mealierren arabera.

Kontsulta mugikorrak

Haitiko hiriburuko segurtasunik ezak hainbat jarduera gelditzera behartu ditu. Horren adibide dira GKE gobernuz kanpoko erakundearen kontsulta mugikorrak. Medikuak astero joaten ziren lanera barne desplazatuen kanpalekuetara, eta beste medikuntza eragilerik ez zeukaten eta «bereziki» indarkeria jasan duten hiru auzoetara.

Bisita horietan, «140 kontsulta inguru» egiten zituzten egunero, baina oraintxe bertan MSF geldi dago. Haien jarduerak soilik «sarbide erraza duten eta tentsioa lasaitu den eremuetan» egingo dituztela azaldu du Mearlierrek, «modu seguruan bidaiatzeko eta lan egiteko».

Hala ere, lantaldea «gogoz» ari dela esan du MSFren koordinatzaileak, eta lanean jarraitzen dutela erietxeetan dituzten behar handiei aurre egiteko. «Modu seguruan» jarduteko erantzun gehiago prestatzen ari dira, egoerak hori egiten uzten dienean: «Egoeraz kezkatuta gaude, baita etor daitezkeen ondorioez ere».

Gogorarazi du biztanleek arrisku handiei aurre egin behar dietela, baina, «bereiziki», barne desplazatuek: «Sexu indarkeriari, ur edangarriaren gabeziari eta higieneari lotutako gaixotasunei». Indarkeriaz gain, orain euri sasoia iritsiko da Haitira, eta GKEkoak «beldur» dira horrek kolera kasuak zabaldu ahal izatea ekar dezakeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.