Aspaldian iragarritako hautagaitza ofizialki aurkeztu zuen atzo eguerdian Eric Zemmour Frantziako polemista ultraeskuindarrak. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez jakinarazi zuen lehiatu egingo dela datorren apirilean egitekoak diren presidentetzarako bozetan, eta haren asmoa ez dela «Frantzia erreformatzea» izango: «Ez da horretarako garaia. Frantzia salbatu beharra dago».
Zemmour islamaren, migratzaileen eta emakumeen aurkako adierazpenengatik egin da ezagun, eta Frantziaren burujabetza defendatzen du Europako Batasunaren aurrean, herrialdearen «gainbehera» kritikatzearekin batera.
Inkesta etxeak irailean hasi ziren haren babesa neurtzen, eta azaro erdialdean goia jo zuen, botoen %17 bilduko lituzkeela islatu zutenean —Marine Le Pen ultraeskuindarrari aurrea hartua zion—. Harrezkeroztik, baina, beherantz egin du hainbat adierazpen eta keinu polemiko egiteagatik; azkena, iragan larunbatean, oinezko bati erdiko hatza erakutsi zionean —aurrez hark ere gauza bera egin zuen—, Marseillan (Okzitania). Hala, egun, polemista ultraeskuindarrak botoen %13 inguru jasoko lituzke.
Presidentetzarako hauteskundeetako kanpainako lehen ekitaldi ofiziala igandean egingo du, Parisen. Horri begira, mugimendu eta elkarte antifaxistek protestak iragarri dituzte, Isildu Zemmour lelopean.
Eric Zemmour presidentegaia: «Frantzia salbatu beharra dago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu