Elikadura

Eric Holt (Foodfirst Institutuko zuzendaria): "Pobrezia bera diru laguntza da enpresa handientzat"

"Muturreko neoliberalen eta neoliberal erreformisten borroka" gisa definitzen du SNAPi buruzko eztabaida. Argi du ezabatuko ez badute ere murrizketak jasango dituela.

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2013ko irailaren 15a
14:13
Entzun

AEBetan elikadura justiziaren alde lan egiten du Food First institutuak, eta hango zuzendaria da Eric Holt. Hark dioenez, SNAP Elikadurarako Laguntza Osagarriaren Egitasmoak neoliberalismoak eragindako muturreko egoerak arintzen ditu, baina kexu da sistema kapitalistaren barruan duelako zentzua. Sistema errotik aldatzearen aldekoa da.

Zalaparta sortu du elikagai bonuen programa ezabatzeko lege proposamenak. Zein da errepublikanoen eta demokraten arteko eztabaidaren funtsa?

Neurri hori indarrean jarriko ote den ez dakigu oraindik, gaur egun Kongresua ez baita oso erabilgarria. Baina onartuko balitz, berehalako ondorio gisa izango luke gizarte laguntzen murrizketa. 1960tik gaur arte nolabaiteko adostasun politikoa egon da, eta AEBetako elikadura sistema egonkortzea eta globalizatzea ahalbidetu du. Diru laguntzen bidez AEBen esku geratu baita mundu osoan aleen salneurria finkatzea, eta elikagai bonuek, berriz, gure elikadura sistemako muturreko egoerak apur bat arindu dituzte. Orain, ia 50.000 herritar daude elikadura segurtasunik gabe, eta, elikagai bonuei esker, industriak ekoizten duen janari txatarra behintzat eros dezakete. Hala, janari kupoiek industriarako diru sarrerak ere badakartzate. Beraz, eztabaidak erakusten du adostasun politikoa pixkanaka apurtzen ari dela, eta errepublikanoen artean badela joera atzerakoi bat, laguntza sozial guztiak murriztu nahi dituena. Pixkanaka, legea akabatuko dute. Egia da errepublikanoez gain demokratek ere dena pribatizatu nahi dutela, baina bermatu nahi dute gehien sufritzen duten horiek babesteko sare bat ere, pribatizazioaren eragin negatibo hori nolabait arintzeko. Baina murrizketak saihetsezinak izango dira.

Errepublikanoek adierazi dute aurrerago eztabaidatuko dutela SNAPi buruz, baina horrek ez ditu demokratak baretu. Uste al duzu auziari irtenbiderik emango diotela?

Inola ere ez zait iruditzen irtenbide justurik etorriko denik. Ez dut uste errepublikanoen lege proposamenak onartua izateko inolako aukerarik duenik, baina iruditzen zait murrizketa mordoa etorriko direla, eta gizarte klaserik apalenetako jendea baztertu egingo dutela. Argi izan behar dugu gure elikadura sistema eredu kapitalistaren barnekoa dela, eta, hemen, kapitalismoak funtzionatzen duen gisa funtzionatzen du elikadurak ere. Gaur egun, kapitalismoa metatze krisi izugarrian murgilduta dago munduan. Atzeraldiaren ondorioz, kapitala eta produktuak etengabe pilatzen ari dira, eta enpresa handiek ez dute beren dirua non inbertitu. Hiru aukera dituzte, lurrak lapurtu eta inbertitzen jarraitu, bioerregaiak eta antzeko produktuak asmatu edo guztia pribatizatu. Eta AEBetako ekonomia berregituratzen ari garen honetan, argi dago errepublikanoak zein demokratak pribatizazioaren aldekoak direla. Berregituraketei ekiten zaienean ohikoa denez, hasi dira nekazaritza edo elikadura legeari aldaketak egin nahian. Ez dut uste SNAP desegingo dutenik, baina elikagai bonuetarako baliatzen duten dirua asko murriztuko dute, eta onuradun izateko irizpideak ere asko zorroztuko dituzte.

Zergatik egin du porrot orain arteko funtzionamenduak?

Elikagai bonuen onuradunek, egiaz, soldata on bat behar dute, baina, gutxieneko soldata huskeria bat denez, behartuak daude halako laguntzetara jotzera. Kontua da elikagaien arloan ere kapitalismoaren interes handiko erakundeak laguntzen dituztela diruz. Monsanto edo McDonald's enpresetarako da dirua, eta eurek ez diote inori laguntzen. Beraz, esan daiteke enpresa horientzat pobrezia bera diru laguntza bat dela, jende behartsuak ere horietara jotzen baitu elikagai bonuekin janaria eskuratzeko.

Beharrik gehien dutenak kaltetuak izatera kondenatuta daude?

Bai, hori behin betikoa da. Muturreko neoliberalen eta neoliberal erreformisten arteko borrokaz ari gara. Kontua da erreformistak diren horiek, moderatuagoak direla eta gizartearen babesa ere nahi dutela, guztia pribatizatu nahi dute, baina pribatizazioak kalte egiten dien horiei lagundu nahi diete nolabait. Horrela lortzen dituzte botoak. Baina muturreko jarrerak dituzten horiena AEBetan sortutako joera faxista bat da, neoliberalismoaren bulldogak direla esango nuke, indartsuenaren legearen alde daudenak. Edozer asmatuko dute beharra dutenei ez laguntzeko; "guk ez diogu ezer oparituko lanik egiten ez duen jendeari", eta antzeko aitzakiak baliatzen dituzte. Baina oso ondo dakite elikagai bonuen onuradun direnen %80k lana egiten dutela. Gainera, horietako gehienek elikagaien sektorean egiten du lana, eta janari kupoiak behar dituzte, oso ironikoa da.

Hasi al dira kaltetuak izango liratekeen herritarrak kalera irteten?

Ez, egia esanda, protesta masiborik ez da egiten. Eskutitzak, idatziak eta halakoak bidaltzen dizkiote Kongresuari edo Obamari berari, baina ez dute protestatzen. AEBetan galdu egin da kultura hori, urteak daramatzagu edozein erreformari norbanako moduan erantzuten. 1930eko zein 1970eko hamarraldietan izandako protestei erreparatuz gero, orduan bazen utopia bat, jendea borrokara batzen zuen sentipen kolektibo bat, baina orain ez da gauza bera. Oso kultura indibidualizatuan gaude, arazoak norberaren erruz ditugula uste dugu, arrazoi sozialik ez dagoelakoan bizi gara, eta horrela ezin da protesta bateraturik egin. Beldur naiz egoerak okerrera asko jo beharko ote duen herritarrek protestaren kontzientzia hartzeko.

Elikagai bonuen programak orain arte gisa utzita ere, bada elikadura segurtasunik ez duen jendea.

Bai, baldintzak betetzen dituztenetako askok ez dute elikagai bonuen onuradun izateko eskaerarik ere egin. Hemengo pobrezia kulturan, jendeak gobernuarekin izan dezakeen edozein harreman saihesten du, ezagutzen duten gobernuko elementu bakarra Polizia da, eta, ondorioz, ez dute ezer jakin nahi gobernutik etor daitekeenaren inguruan. Hain justu, hor sartuko litzateke gizarte langileen egitekoetako bat, irizpideen barruan sartzen diren herritarrak identifikatzea eta onuradun izateko aukera dutela helaraztea, baita prozesua erraztea ere. Dagoeneko, oso zurruna bihurtu da elikadura sistema; erreformek ez dute balio, aldatu egin behar dugu elikadura segurtasuna bermatu nahi badugu, eta horretan dihardugu guk Food First institutuan, elikadura burujabetzaren aldeko beste hainbat mugimendurekin batera.

Badirudi, ordea, nekazaritza departamentuari dirutza kostatzen zaiola nekazaritza legeari buruzko egungo irizpideei eustea. Zer proposatzen duzue Food Firstekook?

50 urte daramatzagu janari merkera ohituta, gehiegizko ekoizpenaren ondorioz. Hemengo nekazaritza eta elikadura legeak bermatu izan du hori. Baina 2008an aldaketa etorri zen, elikagaien salneurria igotzeak aldakortasun etapa batean sarrarazi gintuen. Gaur egun ere ez da janaririk falta, oraindik ere gehiegi ekoizten dugu, baina 50 urteotan sortu diren monopolioek merkatua kontrolatzen dute. Eta inbertsioak egiteko aurreikuspen onik ez dutenez, espekulatzea da aberastasuna sortzeko geratzen zaien aukera bakarra: merke erosi, eta garesti saltzen dute. Guri, gizarte mugimendu gisa, batzea dagokigu, gure mugimenduei berriro ere izaera politikoa ematea eta sistema eraldatzen saiatzea. Aurrerantzean elikadura sistema hau baliatuta, ezinezkoa izango da egoerak hobera egitea, eta kapitalismoa ez da aldatzen gizarte mugimenduen borroka indartsuengatik ez bada. Hori da soluzio bakarra, joko arauak eta instituzioak aldaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.