LR Errepublikanoak kaos betean dago murgilduta, atzo alderdiko presidente Eric Ciottik esan zuenetik aliantza bat egin nahi duela eskuin muturrarekin Asanblearako bozetarako. Zuzendaritzako kideak eta goi kargudun garrantzitsuenak horren kontra agertu dira, eta ezohiko bilkura bat egin dute gaur arratsaldean. Bilera horretan, Ciotti zuzendaritza kargutik zein alderditik botatzea erabaki dute aho batez. Gaur arte LR Errepublikanoen presidente izan denak ez du bileran parte hartu, argudiatuta ez dela «modu egokian» antolatu eta, beraz, ez duela «baliorik juridikoki». Hala ere, Annie Genevard izendatu dute alderdiko behin-behineko presidente, eta François-Xavier Bellamy presidenteorde exekutibo. «Eric Ciotti aldendurik dago guztiz Errepublikanoen estatutuetatik eta ildo nagusitik», adierazi du Genevardek.
Ciottik bereari eutsi dio bilera amaitu eta kargutik bota dutela jakinarazi denean. X sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez —LRren ikur guztiak dituen oharra txertatu du—, adierazi du bilera eta bertan adostutakoa alderdiaren printzipioen «urraketa nabarmenak» izan direla. Are gehiago, nabarmendu du erabakiak «ondorio penalak» izan ditzakeela, eta bera dagoela karguan oraindik ere: «Gure alderdiaren presidentea naiz, eta hala izaten jarraituko dut, kideek hala erabaki baitute!».
La réunion organisée cet après-midi a été mise en œuvre en violation flagrante de nos statuts @lesRepublicains.
— Eric Ciotti (@ECiotti) June 12, 2024
Aucune des décisions prises à cette réunion n’emporte de conséquence légale.
Elle peut avoir des conséquences pénales.
Je suis et reste le président de notre… pic.twitter.com/8cSoosTdK3
Kritikoek dimisioa emateko eskatu zioten atzo Ciottiri, baina hark ezetz erantzun zien, eta barne zatiketa geroz eta agerikoagoa bihurtu da orduek aurrera egin ahala. Are, gaur goizean, Olivier Marleix alderdi horren Asanbleako talde parlamentarioaren presidenteak esan du alderdiak hautagai bat aurkeztuko duela LRren presidentearen hautesbarrutian. Momentu hartatik, agerian gelditu da Ciotti kargugabetzea zela LRren agintarien erabakia.
Alderdian bertan izan dira dimisioak atzodanik, eta gaur goizean erabaki bera jakinarazi du Vincent Jeanbrunek, iazko ekainetik LRren bozeramaile zenak. Hark ere esan du, LCI telebista katean egin dioten elkarrizketan, alderdi eskuindarraren eta RN Batasun Nazionalaren artean ez dagoela akordiorik hauteskundeetarako; nahiz eta atzo gauean Jordan Bardela eskuin muturreko indar politikoaren presidenteak adierazi zuen itun bat egingo dutela.
Testuinguru horretan, Emmanuel Macron Frantziako presidentea Asanblearako bozen kanpaina betean sartu da, eta ez edonola: agerraldi bat egin du —ezohikoa da harentzat—, Eliseotik kanpo, bestelako irudi bat emateko, hauteskundeetan jokoan asko duen honetan. Asko du jokoan, balitekeelako eskuin muturra agintera iristea, parlamentuko behe ganberan blokeoa areagotzeko arriskua dagoelako, eta horren aurretik, kanpainan bertan, Macronen alderdiak —Renaissance— eta aliatuek ezkerreko aliantzaren —Fronte Popularraren— eta ultraeskuinaren —RNren— artean harrapatuta geratzeko arriskua dutelako. Frantziako presidenteak, hortaz, argi ikusten du bidea, «muturretako bi blokeak» maila berean jarri baititu, eta boto emaileak deitu baititu «muturren kontra» eta «bloke zentral eta demokratikoaren» alde bozkatzera.
«Muturreko sukarra»
Prentsaurrekoaren hasiera-hasieratik, Macron erasokor aritu da oposizioko alderdiez mintzatzekoan. Fronte Popularra eta RN parekatzearekin batera, horien aurrean bere gehiengoa jarri du alternatiba modura kanpainarako eta hauteskundeetarako, hori delakoan «bloke errepublikanoa». Frantziako presidenteak argudiatu du «zazpi urte» daramatela «lanean», aliatuak «elkartuta» daudela eta badakitela zeintzuk diren «lehentasunak»; eta hori «muturreko sukarrekin» konparatu du, uste baitu «naturaren kontrako» aliantzak egin dituztela oposizioko «bi muturretan».
Macronek, horregatik, adierazi du herritarrek «hautu argia» egin behar dutela Asanblearako bozetan, «garai historiko» horretan —lehen itzulia hilaren 30ean egingo dute, eta bigarrena, uztailaren 7an—: nork gobernatu behar duen. Eta, haren iritziz, «muturretako» inor ez da hori egiteko gai; hor ere, Frantziako presidenteak «bloke zentrala» jarri du ezkerreko koalizioaren eta eskuin muturraren aurrean. «Duten gauza komun bakarra da postuei eutsi nahi dietela. Ez dira gai izango beren programak aplikatzeko», adierazi du Macronek.
«[Ezkerrak eta eskuin muturrak] Duten gauza komun bakarra da postuei eutsi nahi dietela. Ez dira gai izango beren programak aplikatzeko».
EMMANUEL MACRONFrantziako presidentea
Azken adierazpen horrekin, Frantziako estatuburuak erreferentzia egin dio eskuina —LR Errepublikanoak— eta eskuin muturra bozetarako elkartzeko aukerari. Macronek uste du iragan igandeaz geroztik «maskarak erortzen» ari direla, eta Ciotti LRren buruzagiak «bizkarra eman» diela «[Charles] de Gaulle jeneralari, Jacques Chiracii eta Nicolas Sarkozyri [Frantziako presidente ohiak dira]». Eta ezkerreko alderdi batzuentzako mezu bat ere izan du: «Ezker errepublikanoak eta haren buruzagiek hautu argiak jakinarazi zituzten Europako kanpainan, eta orain elkartu egin dira ezker muturrarekin».
Asanblearako hauteskundeak aurreratzearen inguruan ere azalpenak eman ditu Frantziako presidenteak. Batez ere hiru arrazoi aipatu ditu: batetik, argudiatu du LFI Frantzia Intsumisoaren «diputatu batzuek desordenan» murgildu dutela Asanblea; bigarrenik, esan du parlamentuko behe ganbera «blokeatuta» zegoela, eta gobernuak «ezin» zuela gobernatu; eta, hirugarrenik, adierazi du iragan igandeko Europako Parlamenturako bozen emaitzak «argiak» izan direla.
Macron, hortaz, Asanblearako hauteskundeen kanpainan sartu da, baina, aldi berean, argitu du ez duela kanpainarik egingo. Eta, neurri eta erabaki sorta baten berri eman ondoren, kazetari baten galderari erantzunez, jakinarazi du Kaledonia Berrian protestak eta liskarrak eragin dituen hautesle erroldaren erreforma «gelditu» duela, «elkarrizketari eta ordena itzultzeari indarra» emateko.
Berez, Kongresuko bozketa falta da erreforma hori onarrarazteko —parlamentuko bi ganberak elkartzen dira—, baina, Asanblea desegin duenez, ezin du halako saio batera deitu.
lfi-rentzat, 229 hautesbarruti; PS-rentzat, 175
Fronte Popularra osatzen duten ezkerreko alderdiak ados jarri dira hautagaitza bateratuen inguruan, eta era honetara banatu dituzte, atzo azaldu zutenez: LFI Frantzia Intsumisoarenak izango dira 229 hautesbarrutitan; PS Alderdi Sozialistarenak 175etan; EELV Europa Ekologia-Berdeena 92tan; eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarenak 50etan —beste 30ak «alderdi txikientzat» izango dira—. Horren aurretik, NPA Alderdi Antikapitalista Berriak jakinarazi du ezkerreko aliantzaren parte izango dela.