Etxean praktikatzen duenaren kontrakarrean ari da Recep Tayyip Erdogan Jamal Khaxoggirekin. Munduaren aurrean giza eskubideen defendatzaile sutsua dela irudikatu nahi du azken bi urteetan 180 komunikabide itxi eta 300 kazetari baino gehiago atxilotu dituen presidenteak. Turkiako Parlamentuaren aurrean egindako agerraldian, inpunitatearen kontrako hitz zorrotzak izan zituen atzo: Khaxoggi «modu basatian» hil zutela, eta haren heriotza «aldez aurretik planifikatuta» zegoela. Kazetariaren hilketaren ustezko erantzuleak, berriz, herrialdean bertan epaitzea eskatu zuen. Khaxoggi Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxean desagertu zen.
Khaxogiren hilketaren harira egindako ikerketaren xehetasunak eman zituen agintariak, artean argitu gabe baitago zer gertatu zen urriaren 2an. Khaxoggiren gorpua non dagoen eta azken erantzulea zein den galdetu du Erdoganek: «Zergatik ez dago hilotzik? Nork eman zuen hiltzeko agindua?». Saudi Arabiak atxilotu dituen hemezortzi lagunak, ustezko erantzuleak, bere esku uzteko eskatu du. Epaiketa Istanbulen egin nahi du, zigorgabetasunari aurre egiteko: «Hilketa kontsulatuan izan bazen, berez saudiarabiar lurraldea da, baina gure herrialdean dago, eta hilketa ezin da zigorgabetasun diplomatikoaz ezkutatu. Horrelako basakeria bat ezkutatzeak gizateria osoaren kontzientziari egingo lioke kalte».
Khaxoggi urriaren 2an desagertu zen. 13:08an sartu zen kontsuletxean, eta, ateratzen ez zela ikusita, 17:50ean, haren neska lagunak abisua eman zien agintariei. 18:20an atera ziren eraikinetik bezperan eta egun horretan bertan herrialdera iritsitako hamabost saudiarabiarrak. Horietako zazpi egun horretan bertan itzuli ziren jaioterrira, hegazkin pribatu batean.
Khaxoggiren gorpua
Zurrunbilo diplomatikoa eragin duen heriotzak oraindik galdera asko ditu erantzuteko: besteak beste, zer gertatu den gorpuarekin. Hainbat hedabideren arabera, kazetaria zazpi minutuz torturatu zuten, eta laurdenkatu eta lepoa moztu ziotenean hil zen. Turkiako prentsak zabaldu zuen gorpua herrialdetik atera zutela, maletetan, baina gerora azidoarekin desagerrarazi zutela adierazi zuten. Azken bertsioaren arabera, tapiz batean bildu eta konplize bati eman zioten.
Sky News Erresuma Batuko telebistak, iturri anonimoak aipatuz, gorpua kontsuletxearen lorategian agertu zela jakinarazi zuen atzo. Saudi Arabiako Fiskaltzak, baina, ukatu egin zuen informazioa. Riadek kazetaria desagertu eta hemezortzi egunera onartu zuen «oker larria» egin zuela, nahiz eta gertatutakoaren inguruko xehetasunik eman ez.
Salman bin Abdelaziz erregea eta Mohammed bin Salman printzea kazetariaren semeetako batekin elkartu ziren atzo, doluminak emateko. Sahl bin Ahmed Khaxoggik keinua eskertu zuen.
Erdoganek Turkian epaitu nahi ditu Khaxoggiren hilketaren erantzuleak
Presidentearen arabera, kazetaria «modu basatian» hil zuten, eta haren heriotza «aldez aurretik planifikatu» zuten. Fiskaltzak ukatu egin du gorpua agertu dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu