Turkiako presidente den Recep Tayyip Erdoganek jakinarazi du milioi bat errefuxiatu Siriako Kurdistanera —Rojavara— eramateko asmoa duela. Egun, 3,7 milioi errefuxiatu siriar daude Turkian —munduan errefuxiatu gehien duen herrialdea da—. Erdoganen esanetan, haiek «etxera itzultzeko» modua bilatu behar dute. Aurkitu du bidea: Rojavara «luze gabe» eramatea. Turkiako presidenteak azaldu du urriaz geroztik jada 371.000 joan direla hara, eta espero duela gehiago joatea.
Rojava Siriako Kurdistan da, baina urrian Udaberriko bakea operazio militarra abiarazi zuen Erdoganek, eta tropak bidali zituen bertara. Ordura arte AEBetako armada egon zen Rojavan, SDF Siriako Indar Demokratikoekin batera EI Estatu Islamikoaren aurka borrokatzeko. Borroka hori amaituta zegoela argudiatuta, ordea, abendu hasierarako soldadu guztiak kanporatu zituzten, eta Siria osoan zehar banatu, «petrolio erreserbak babesteko». Donald Trump AEBetako presidentearen asmoa zen tropak lehenago erretiratzea —urrian hasi zen azkenean—, baina Kongresuan ohartarazi zioten Turkiako armada Rojavan sartzea ahalbidetuko zuela horrek. Hala izan da, urritik ari dira Erdoganen soldaduak eremua inbaditzen.
Udaberriko bakea operazio militarraren bidez, Erdoganek lortu du kurduek alde egin dezaten Rojavatik, eta orain eremu hori bete nahi du, Turkian dauden errefuxiatuekin —arabiarrak dira gehienak—.
Kurduak Rojavatik ihesi
Operazio horren inguruan, kurduek salatu dute errefuxiatuak Rojavara bidaltzea Erdoganen «garbiketa etnikorako» plana dela, eta AEBei hori geldiarazteko eskatu die. Mazloum Kobani SDFko komandanteak ohartarazi du ezin dutela onartu kurduak Rojavatik «garbitzea» eta errefuxiatu siriar arabiarrekin «ordezkatzen» uztea: «AEBek ezin dituzte ontzat eman behartutako demografia aldaketak eta garbiketa etnikoak XXI. mendean».
Izan ere, urriaren 9an Turkiako operazio militarra hasi zenetik, milaka herritarrek alde egin behar izan dute Rojavatik. NRC Errefuxiatuentzako Norvegiako Batzordearen arabera, gutxienez 17.900 lagunek ihes egin dute Irakeko Kurdistanera, eta beste 220.000 pertsonak Siriako zenbait eremutara. NRCk Bardarash errefuxiatu kanpamentuan (Irak) egin dituen inkestek erakutsi dute horietako %95 ezin direla Rojavara itzuli, eta bertan bizitzen geratzeko asmoa dutela. Elkarrizketatuen %69k zehaztu dute borrokak eta ziurgabetasun egoera direla ez itzultzeko arrazoiak. Beste %17k, berriz, ez dute nora bueltatu, etxea okupatu edo suntsitu egin baitiete. NRCk ohartarazi du epe luzeko giza laguntza eta babesa beharko dutela kanpamentuko familiek.
Siria barruan desplazatu direnek, berriz, salatu dute Al-Hasaka mendialdean dagoen Washukani kanpamentuan «giza egoera katastrofikoan» daudela. Gutxienez 5.700 pertsona desplazatu dira hara, gehienak Tel Abyadetik (Raqqa iparraldea) eta Ras al-Ainetik (Al-Hasaka iparraldea). Siriako behatokiak eskatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak esku hartzeko, oraindik ez baitago inolako nazioarteko erakunderik kanpamentuan. Oraintxe bertan, soilik Kurdistango Ilargi Gorriak ematen die laguntza. Gainera, Hassan Yusef kanpalekuko arduradunak azaldu du eguraldiak egoera zailtzen duela: «Ezin dugu jarraitu kanpamentu gehiago eraikitzen. Datozen egunetan lana biziagotuko dugu, eguraldiak okerrera egin baino lehen».
Yezidi emakumeak, esklabo
Michael Rubin Amerikako Enpresen Institutuko kideak salatu du Rojavako yezidi emakumeak esklabotzan dituztela Turkiarekin zerikusia duten talde matxinoek.
Kurdu etniako gutxiengo erlijioso baten parte dira yezidiak.EI Estatu Islamikoak haien genozidioa eragin zuen 2014an; Sinjarren, yezidi emakumeak hil, eta esklabotzan hartu zituzten.EI handik kanporatu bazuten ere, Rubinek salatu du oraindik ere 3.000 neska eta emakume esklabo daudela hainbat talde matxinoren esku.
Erdoganen hipokrisia ere salatu du Rubinek. Alde batetik, parte hartzen ari delako egun hauetan Genevan (Suitza) egiten ari diren Errefuxiatuen Nazioarteko Foroan; siriar errefuxiatuentzako nazioarteko laguntza handiagoa eskatu du. Bestetik, aldiz, yezidiei laguntza ukatzen ari zaielako.
Erdoganek milioi bat errefuxiatu siriar eraman nahi ditu Rojavara
Turkiako tropak urrian Siriako Kurdistanen sartu zirenetik, jada 371.000 errefuxiatu joan dira hara. Kurduek salatu dute «garbiketa etnikoa» egitea eta eremua inbaditzea dela Erdoganen asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu