Turkiatik kanpo ia babesik gabe gelditu da Recep Tayyip Erdogan presidentea, Siriako Kurdistanen hasi duen inbasioari dagokionez. Kritika anitz egin dizkiote, eta Siriako gatazkan esku hartu duten ia herrialde guztiak agertu dira inbasioaren aurka. Baina inork ez du jakinarazi Erdoganen plana geldiarazteko pauso eraginkorrik, ezta horretarako borondate zehatzik ere, eta gaur, osteguna, bigarren egunez jarraian, lurreko indarren operazioekin eta aireko nahiz artilleria bidezko bonbardaketekin jarraitu du Turkiak. Gainera, Erdoganek argi utzi du ez dituela kritikak onartzen, ez kanpotik eginak, ezta etxekoak ere. Horren adibide, EB Europako Batasunari egin dion ohartarazpena: «Europa! Gure operazioari okupazio erraten badiozu, eginen duguna sinplea da: ateak ireki eta zuri bidaliko dizkizugu 3,5 milioi siriar».
3,5 milioi siriar horiek errefuxiatuak dira Turkian, eta Erdoganen planaren helburuetako bat da Siriako Kurdistanen inbaditu nahi duen eremura bidaltzea horiek. Horrek aldaketa demografiko bat eraginen luke, errefuxiatu horietako gehien-gehienak arabiarrak baitira. 2015eko errefuxiatu uholdearen ondoren, EBk akordio bat egin zuen Turkiarekin, Ankarak migratzaileei Europarako bidea oztopa ziezaien. Orain, Erdoganek mehatxu egin dio errefuxiatuei Europara joaten utziko diela inbasioa kritikatuz gero.
EBko kideen artean Frantzia izan da inbasioa ozenen kritikatu duena. Erresuma Batuarekin batera, Sirian presentzia militar handiena izan duen kidea da. EBko 28 estatuetako Atzerri ministroak etzi elkartuko dira Bruselan, egoera aztertzeko. Sirian Eufrates ibaitik ekialdera agintzen duen SDC Siriako Kontseilu Demokratikoak ordezkaritza bat bidali zuen atzo Bruselara, EBko ordezkariekin elkartzeko —kurduen alderdiak dira SDCko indar nagusiak—. «Premiazko esku hartze bat nahi dugu krisian, eta erasoak berehala gelditu beharko lirateke», adierazi du Ilhan Ahmed SDCko ordezkariak. «Aire eremua itxi beharko liekete Turkiaren hegaldiei, aire erasoak geldi daitezen».
Ahalegin diplomatikoek, ordea, oraingoz ez dute fruiturik eman. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua ostegun honetan bildu da, eta ez dute gaitzespen oharrik onartzea lortu, AEBak eta Errusia ez direlako ados paratu. Horren ostean, Europako bost estatuk —Frantziak, Belgikak, Estoniak, Alemaniak, Poloniak eta Erresuma Batuak— agiri bat adostu dute, eta Erdogani eskatu diote «alde bakarreko ekintza militar hau» geldiarazteko.
Salaketak bai, baina zigorrik ez oraingoz
AEBek Siriako Kurdistanen dituzten tropak mugatik erretiratu ondoren hasi du Turkiak inbasioa, asteazkenean, 15:15 aldean. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizio militarrak —kurduen miliziak dira indar nagusia— traizio egitea egotzi diete AEBei, EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran aliatu izan baitira. Donald Trump presidenteak kritikak jaso ditu, baina Trumpek inbasioaren erantzule dela ukatu du, eta Turkiari zigorrekin mehatxu egin dio berriro ere. Lindsey Graham senatari errepublikanoak eta Chris Van Hollen demokratak zigor ekonomikoak eta diplomatikoak ezartzeko ekinbide bat aurkeztu dute Kongresuan. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak erantzun du haiek ere neurriak hartuko dituztela AEBen aurka, zigorrak jasoz gero.
Errusiak, berriz, elkarrizketarako bide bat ireki nahi du Turkiako eta Siriako gobernuen artean. Ria agentziaren arabera, hori da Sergei Lavrov Atzerri ministroaren asmoa. Lavrovek lehenago errana zuen Damaskoren eta SDFren arteko elkarrizketa bultzatuko zuela, baina Faisal Mikdad Siriako Atzerri ministrordeak baztertu egin du, eta «traizioa» leporatu dio SDFri. Lavrovek eskaintza berritu du gaur, baina Erdogani eta Baxar al-Asadi zuzendu zaie, ez kurduei.
Halaber, elkarren aurkako akusazioak egin dituzte Ekialde Hurbileko herrialde nagusiek eta Ankarak. Saudi Arabiak, Israelek eta Iranek, hirurek kritikatu dute Turkia —Irango Parlamentuko presidenteak asteburuan Istanbulera egitekoa zuen bidaia bertan behera utzi du—. Baina, salaketak salaketa, oraingoz Turkiaren aurkako neurriak hartu dituzten herrialde bakarrak Finlandia eta Norvegia dira; arma esportazioak eten dituzte biek —Norvegia eta Turkia NATOko kide dira—.
Turkian bertan, gobernuak eta justizia sistemak operazio militarraren kritikak isilarazi nahi dituzte. 21 pertsona atxilotu dituzte sare sozialetan «propaganda beltza» egiteagatik eta «gezurrak» idazteagatik, eta fiskaltza HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ezkerreko koalizioko bi buruzagiak, Sezai Temelli eta Pervin Buldan, ikertzen hasi da gerraren aurka egin dituzten adierazpenengatik. HDPk ostegun iluntzean protesta bat egin du Ankaran, eta han ere hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak.
Bi egun bonbapean
Erdoganek asteazken arratsaldean erasoa agindu zuenetik, etenik gabekoa izan da bonbardaketa Rojavan. Muga ondoko herri ia guztietan jausi dira aireko eta artilerriako lehergailuak. Gauerditik aurrera eta goizaldera arte izan da eten txiki bat, baina ostegun goiz honetan berehala ekin diote indar turkiarrek berriro.
Ankararen helburua da 480 kilometro luze den mugan 30 kilometro hegoaldera hedatuko den eremu bat inbaditzea eta bere kontrolpean hartzea. Hark sustatutako Siriako Armada Nazionala talde islamistak ostegun honetan erran du Ras al-Ain (Serekaniye, kurdueraz) eta Tel Abyad (Gire Spi, kurdueraz) hiriak inguratzea lortu duela, mugatik hegoaldera zortzi kilometro barneratuz. Inguruko hiri batzuk bere esku hartu dituela adierazi du.
Bonbardaketen ostean, lurreko erasoari ekin zioten asteazken gauean Turkiako indarrek, baina SDFk adierazi zuen atzera bota zituela saiakera horiek guztiak. Gaur ere, bonbardaketekin batera, lurreko erasoak eta kontraerasoak izan dira muga ondoko hiri askotan. Batez ere hiru puntutan ari da kontzentratzen turkiarren erasoa: Al-Malikiya (Derik, kurdueraz), Ras al-Ain eta Tel Abyad hirietan, eta haien inguruetan. Kurduen inguruko iturriek esan dute gatazka beste inguru batzuetara zabaldu dutela, turkiarrei erasoa zailtzeko. Mare hirian, adibidez, artilleria erabili dute SDFko indarrek —Manbijetik mendebaldera dago—; Akçakalen ere erasoa jo du SDFk —Tel Abyaden ondoan dago, Turkiaren aldean—.
Desplazatuak eta hildakoak
Gerrak eragindako biktimen inguruan, datu nahasiak ari dira zabaltzen, baina eman dituzte datu batzuk. Errate baterako, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, bi egunetan 60.000 herritarrek alde egin dute beren etxeetatik. Zibilen heriotzei dagokienez, Ilargi Gorri Kurduak jakinarazi du Tel Tamer herriko ospitalean hamar gorpu jaso dituztela, eta SDFk erran du bederatzi zibil hil direla bonbardaketen ondorioz. Ilargi Gorriaren arabera, Ras al-Aingo eta Tel Abyadeko ospitaleak ez daude zerbitzuak emateko moduan.
Turkiako agintariek diotenez, berriz, miliziano kurduek sei zibil hil dituzte beren lurretan, artilleriarekin tiro eginda. Akçakalen, eta Turkiako Kurdistango Ceylanpinar eta Nusaybin hirietan gertatu dira bonbardaketa horiek, iturri horren arabera. Borrokaren parteei dagokienez, alde bakoitzak bertzeari eragin dizkion galeren inguruan solas egin du, baina bertze aldeak ez du datu hori berretsi. Turkiako Gobernuak adierazi du «219 terrorista neutralizatu» dituela Bakearen Iturria operazioa hasi duenetik; kurduen miliziek, berriz, «22 jihadista baino gehiago» hil dituztela adierazi dute gaur. Alde batek zein besteak elkarri leporatu diote zibilak hiltzea, tartean adingabeak, eta edadeko jendea.
Elkarren kontrako salaketak ere etenik gabekoak dira. SDF inguruko iturriek zabaldu dute Ras a-Ainen protesta batean parte hartzera zihoan zibilen konboi bati eraso egin diotela hegazkin turkiarrek ostegun honetan, eta hiru zibil hil dituztela. Muga ondoko herri asko hutsik gelditu badira ere, beste hiri askotan geratu egin dira herritarrak, nahiz ez diren zuzenean borroketan parte hartzen ari. Horietako asko manifestazioak eta elkarretaratzeak egiten ari da egunotan, okupazioaren kontra.
Barrutik ere badatozkio erasoak Siriako Kurdistani. Asteartean Raqqan ekintzaile suizida batzuk saiatu ziren eraso egiten. Asteazkenean, Estatu Islamikoko presoak dauden eremu batean ere eraso bat egiten ahalegin ziren bertan dauden preso batzuk, eta ostegun honetan jihadista talde bat antzeman du SDFk Ras al-Ainen.