Joan den asteko bertsioari eusten diote bai Turkiak eta bai Europako Batasunak ere. Recep Tayyip Erdogan presidenteak ukatu egin du Bruselak migratzaileei laguntzeko eskainitako mila milioi euroko funtsa, eta nabarmendu du azken lau urteetan 40.000 milioi euro bideratu dituztela migratzaileei laguntzera.
Ankarak dio Siriako gerrak okerrera egin ahala iheslari gehiago hartzea ezinezko zaiola, eta horregatik kendu dituela mugako kontrolak. Alemaniako kantziler Angela Merkelentzat, ordea, haren jarrera «onartezina» da; «Ulergarria da Europarengandik sostengu handiagoa jaso nahi izatea, lan handia duelako aurrean. Baina Turkiaren egungo politika onartezina da».
Hain zuzen ere, ostegunean dira biltzekoak EBko Atzerri ministroak, Turkiak mugak zabaldu izanak sortutako krisiaz hitz egiteko. Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek ohartarazi du ez dutela onartuko errefuxiatuak «interes geopolitikoen tresna» bilakatzea. «Europako Batasunak bere betebeharrak gogorarazi beharko dizkio Turkiari».
Duela lau urte sinatutako hitzarmenaren arabera, Greziako uharteetara heltzen ziren iheslariak Turkiara kanporatuko zituzten, eta herrialdean 6.000 milioi euroko laguntza jasoko zuen trukean. Horrez gain, deportatu siriar bakoitzeko lehendik Turkian zegoen asilo eskatzaile siriar bat jasoko zuten estatu kideek. Aldi berean, bisak jasotzeko turkiarrentzako prozedura erraztuko zuen Bruselak.
Hain zuzen ere, mugaren Greziako aldea ikustera joatekoak dira gaur Europako Kontseiluko buru Charles Michel eta Greziako lehen ministro Kyriakos Mitsotakis.
Giza tragedia
Europako Batzordeak Grezia eta Turkiaren aurka jo du errefuxiatu eta iheslariei ematen ari zaizkien tratuagatik. Batzordeak salatu du mugakoa «inoiz ikusi gabeko giza tragedia bat» dela, eta bi aldeei eskatu die ahalegina egin dezatela mugako indarkeria murrizteko.
Orain arte, bi iheslari hil dira Greziako mugan. Adingabe bat Lesbosera bidean, haien txalupa iraulita, eta bestea tiroz. Turkiak Greziari egotzi dizkio bi heriotzak, eta nazioarteko migratzaileen eskubidea urratzea leporatu dio. «Ez dute legedia errespetatzen. Agian esan dezakete: Turkiak bederatzi urtez hartu baditu Siriako errefuxiatuak, zergatik ez ditu beste 19 urtez hartuko? Sentitzen dut, baina hori ez da gertatuko», berretsi du Erdoganek.
Bi iheslarien hilketak medio, Ankarak uko egin dio ostegunean Greziako lehen ministroarekin biltzeari. Bulgariako gobernuburu Boyko Borisovek bultzatu du goi bilera. Borisovek Turkiaren alde egin du migratzaileen auzian, eta «hitza ez betetzea» egotzi dio Bruselari. «Ez dut ulertzen zergatik ez dioten diru laguntza ematen Turkiari, mugen zaintza partekatzea izanik EBren oinarrietako bat».
Bien bitartean, migratzaileek mugara heltzen jarraitzen dute. Ez dago datu zehatzik kopuruaren inguruan; izan ere, Ankarak dio 1,5 milioi direla, eta, Greziaren arabera, mila inguru saiatu dira beste aldera zeharkatzen. Greziak berehala deportatzen ditu azken horiek. Beste aldera igarotzen ahalegindu direnetako batzuek salatu dute gainean daramatena kentzen dietela segurtasun indarrek.
Turkiaren aurka ere egin dute iheslariek. Haien esanetan, Anakarak autobusean eramaten ditu mugara, eta han uzten ditu, pasabideak zabalik daudela esanez. Iritsitakoan, ordea, ez atzera ez aurrera geratzen dira, Greziak ez dielako sartzen uzten, eta Turkiak ez dielako atzera egiten uzten.